Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Alberto Martinez Osasun sailburua Ortuellako anbulatorioan (Bizkaia) izan dira gaur, eta aditzera eman dute prest dutela lehen mailako arreta hobetzeko plan bat . Ez dituzte haren nondik norakoak zehaztu —abenduaren hasieran aurkeztuko dute—, baina nabarmendu dute lehen arretaren funtzionamendua hobetzea dela Jaurlaritzaren helburuetako bat.
Pradalesen ustez, lehen mailako arretak osasun sistema publikoaren «ardatza» izan behar du: «Ez da sarrerako atea bakarrik; batez ere, gure osasun patologien %80 konpontzen da bertan, eta hor jarri behar dugu fokua». Erantsi du Osakidetzaren aldeko herri ituna ildo horretatik adosten ari direla.
Hiru neurri nagusik ardaztu beharko dute lehen arretaren indartzea, lehendakariaren esanetan: lehen arretako asistentzia mailaren funtzionamendua hobetzea, baita etengabeko arretako guneena eta larrialdiena ere; arreta espezializatuko itxaron zerrendak murriztea; eta osasun profesionalen burokratizazioa murriztea.
Langileei ere erreparatu die, eta azpimarratu du haien egonkortasunean sakontzea dutela xede. Ildo horretatik, duela bi aste iragarri zuten oraindik itxi gabeko sei lan eskaintza publiko (LEP) ebatziko dituztela datozen hilabeteetan: 2018ko eta 2019ko LEPei dagozkien 3.535 postuak, egonkortzeko LEParen 3.720 eta 2020ko, 2021eko eta 2022ko LEPei dagozkien 3.919 postuak. Aurtengoa eta datorren urtekoa ere onartuko dituzte, eta iazkoaren hautagaitza prozesuei ekingo diete —1.265 posturi eragingo die—.