Lehen arretako medikuek erretiroa 72 urterekin hartzeko aukera izatea eskatu du Pradalesek

Espainiako Gobernuari egin dio eskaria, eta hark ez du erabakirik hartu horren inguruan. «Errealitatea ukaezina da: medikuak falta zaizkigu», esan du Pradalesek.

Imanol Pradales, gaur, Santanderren. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Imanol Pradales, gaur, Santanderren. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko abenduaren 13a
17:20
Entzun

Espainiako Estatuko autonomia erkidegoetako buruek konferentzia bat egin dute Santanderren (Espainia), eta Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak denetariko eskariak egin dizkio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari. Tartean, hau: baimendu dezala lehen arretako medikuek aukera izatea borondatez erretiroa 72 urterekin hartzeko. Espainiako Gobernuak ez du erabakirik hartu horren inguruan.

«Errealitatea ukaezina da: medikuak falta zaizkigu», esan du Pradalesek konferentzia bukatu ostean egin duen agerraldian. «Mediku falta» asetzeko neurritzat proposatu du lehen arretan borondatezko erretiro adina luzatzea: «Salbuespen egoeretan, salbuespenezko neurriak ezinbestekoak dira», adierazi du.

Neurri horrez gain, atzerrian prestatutako mediku espezialisten tituluak homologatzeko prozesua hobetzeko ere eskatu dio Espainiako Gobernuko presidenteari, eta BAME barruko mediku egoiliarren sistema hobetzea galdegin. Horretarako, beharrezkotzat jo du larrialdietako espezialista medikoen deialdia bizkortzea eta mediku egoiliarrak akreditatzeko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzea.

Migrazio politika

Migrazio politika izan da bilkurako beste gai nagusi bat, baina han bildutako agintariek ez dute akordiorik erdietsi. Pradales eta Kanaria uharteetako presidente Daniel Clavijo «koordinatuta» joan dira bilerara, eta, seniderik gabe iritsitako migratzaile adingabeen auzian, zehazki, erkidego guztien artean «era justuan banatzeko» eskatu diote Espainiako Gobernuari. Ez dira bat etorri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.