Lehen arretako mediku eskasiari aurre egite aldera, BAME barruko mediku egoiliarren prestakuntza aldia hiru urtera laburtzea planteatu du Eusko Jaurlaritzak. Horren berri eman du gaur Alberto Martinezek, Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Bilboko Santa Marina ospitalera eginiko bisita batean. Haren esanetan, Espainiako Osasun Ministerioari helarazi diote proposamena, helburutzat hartuta oinarrizko arretan lan egiten duten sendagileen eskasia konpontzea. Gainera, Martinezek kritikatu egin du Espainiako Gobernuak erakutsitako jarrera: «Hainbat proposamen egin dizkiogu Osasun Ministerioari, eta ez digu erantzun. Etsigarria da. Ez digute ezer egiten uzten, baina haiek ez dute ezer egiten».
Jaurlaritzak Madrili eginiko proposamenen artean dago lehen arretan BAMEen prestaketa aldia hiru urtera laburtzea. Martinezek esplikatu duenez, lan egiteko moduan egongo liratekeen medikuak orain halako bi izango lirateke lau edo bost urteren buruan baldin eta neurri hori aplikatuko balitz. Sailburuaren esanetan, gainera, laburtzea ez litzateke behin betikoa izanen, «aldi baterakoa eta borondatezkoa» baizik, eta lehen arretari eraginen lioke soilik: «Medikuak lehenbailehen edukitzeko modu bat da». Eredutzat hartu ditu Frantziako eta Italiako kasuak, herrialde horietan ere hiru urteko prestakuntza aldia baitute lehen arretako medikuek.
Arratsaldean iritsi da Madrilen ezezkoa. Espainiako Osasun ministerioaren arabera, prestakuntza aldia laburtzeak «artatzearen kalitateari, gaixo kronikoentzako atentzioari eta Lehen Arretaren modernizazioari eragingo liokeelako». Ministerioaren aburuz, lau urte beharrezkoak dira familia medikuak behar bezala prestatua egoteko. Gainera, uste du Jaurlaritzaren proposamenak «espezializaziorik gabeko profesionalen kontratazioa sustatuko luke, artatze maila prekarizatuz».
Joan den ekainean erkidegoek familia mediku espezialitatearen programa ofiziala onartu zutela gogoratu du Osasun Ministerioak, eta «gaia ez zen irmotasun handiz aurkeztu. Ezin gara zabuka ibili. Formakuntza laburtzea ez da irtenbidea, arazoaren partea baizik».
Errekurtsoa Gorenaren epaiari
Bestalde, atzerriko unibertsitate titulazioak homologatzeko eskuduntzaz ere hitz egin du Martinezek. Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen eskumen hori Jaurlaritzaren gain uzteko prozesua, eta, sailburuaren esanetan, epai horri errekurtsoa jartzea aztertzen ari dira, «autogobernua eta herritarren eskubidea defendatzeko».
Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak 2024ko otsailean adostu zuten atzerritarren ikasketa tituluen homologazioaren eskumena Jaurlaritzaren esku uztea, Iñigo Urkullu lehendakariaren azken txanpan. Orain, berriz, Gorenak erabat baliogabetu du bi gobernuek adostutako transferentzia, ebatzi baitu atzerrian lortutako ikasketa tituluak homologatzea Espainiako Estatuari «bakarrik» dagokiola, eta, hortaz, ezin dela «zeregin eta zerbitzu horien inguruko transferentziarik egin erkidegoetara».