Hego Euskal Herriko 34.500 funtzionario ingururi osasun babes pribatua finantzatzen die Espainiako administrazio publikoak Muface mutualitatearen bidez. Zerbitzu pribatu hori eskaintzen zuten aseguru etxeek, baina, uko egin diote 2025-2026ko aldirako lehiaketara aurkezteari —eskaintza ekonomikoa kaskarra dela iritzita—, eta ez dago argi langile horiek osasun sistema publikora joan beharko duten edo ez. Berez 40.000 langile inguru dira Mufacekoak, baina, Nafarroan, %55,55ek Osasunbidera jotzea erabakita zuten lehenagotik; Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, %32,5k egin zuten Osakidetzan artatuak izatearen alde.
Euskal Herriak 3.231.287 biztanle ditu, eta kopuru horren barruan 34.500 funtzionario ez dira biztanle asko. Hala ere, zeintzuk dira biztanle horiek? «Botere, formakuntza eta eraginik handiena duten talde sozioekonomiko jakinak dira», zehaztu du Juan Simok; sendagilea da Iruñeko Arrotxapeko osasun etxean, eta osasun gaiez asko ikertu du. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasle batzuk eta unibertsitateko irakasle asko dira Mufacekoak, esaterako.
Simoren tesia hau da: «Hezkuntza maila, errenta eta eragin politiko zein mediatiko handiena duten gizataldeek osasun arreta pribatua baldin badute, lehen mailako arretarik gabe, erakundeei ez diete presiorik egingo osasun zentroetako osasun arreta hobetu dadin».
Legitimitatea
Bat dator Amaia Bacigalupe EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Opik ikerketa taldeko kidea: «Horiek guztiak osasun sistema publikoa erabiltzera pasatuko balira, sistema publikoaren legitimazio soziala berez, bat-batean eta modu oso zuzen batean igoko litzateke». Nazioarteko esperientziari erreparatuta, argi du arrazoia: «Publikoaren kalitatea, hornidura maila eta gabezia pila bat ere haien arazoak izatera pasatuko lirateke».
Izan ere, zaila da ezagutzen ez dena defendatzea. Horregatik, Mufaceren tankerako formulak eta aseguru pribatuak pizgarri fiskalen bitartez finantzatzea dago, besteak beste, lehen arretaren desprestigioaren atzean, Simoren ustez: «Eraginik handiena dutenen eragina falta izan zaie beti osasun zentroei». Urrutira joan gabe: «Zer irakats diezaiekete haurrei osasun sistema publikoari buruz Mufacekoak diren irakasleek?».
«Klase sozial guztiek erabiltzeak legitimitate sozial eta materiala emango lioke osasun sistema publikoari»
AMAIA BACIGALUPEEHUko Opik ikerketa taldeko kidea
Legitimitatearekin lotu du hori Bacigalupek: «Klase sozial guztiek erabiltzeak legitimitate sozial eta materiala emango lioke osasun sistema publikoari». Horregatik, helburua hau izan beharko litzateke: «Erdiko klaseko eta goi klaseko pertsonek berena sentitzea osasun sistema publikoa».
Horrekin lotuta, Mufaceko langile asko ordezkatzen dituzten sindikatuen jokabidea deitoratu du Bacigalupek: «Esaten dute lan baldintzak okertzea dela osasun sistema publikoa erabiltzera behartuta egotea. Mezu hori diskurtsiboki, politikoki eta ideologikoki oso gogorra da: gizarteari esaten ari dira galera bat dela sistema pribatua duen pertsona bati pribilegio hori kentzea eta behartzea guztiok daukagun sistema komunera jotzera. Horrek kalte handia egiten dio sistema publikoari».
«Zer irakats diezaiekete haurrei osasun sistema publikoari buruz Mufacekoak diren irakasleek?»
JUAN SIMOLehen arretako medikua
Diskurtso horri buelta ematea da erronka nagusia, Bacigaluperen ustez: «Mufacekoa izatea pribilegio moduan uler daiteke, baina, sakonago joanda eta auziari buelta batzuk emanda, konturatzen zara benetan hor ez dagoela pribilegiorik. Pribilegio hutsa zera da, ondo hornitutako lehen arreta bat izatea, ondo zaindutako profesionalak dituena». Izan ere, familia medikua saihestu eta zuzenean espezialistarenera joatea eskaintzen dute aseguruek, baina lehen arreta oso garrantzitsua da, bereziki, osasun profesionalen jarraitutasuna bermatzen badu. Nazioarteko ikerketa ugarik frogatu dutenez, pazienteen heriotza tasa %30 murrizten da lehen arretako sendagile berak urte luzez artatzen baditu.
Unibertsaltasuna
Auzi horrek osasun sistema publikoaren unibertsaltasunaz hausnartzeko aukera ere ematen du. Simoren ustez, sistema publikoko ospitaleek lortu dute unibertsaltasuna —«klase sozial guztiek onartu eta erabiltzen dute»—, baina ez, ordea, lehen mailako arretak: «Herritarren gehiengoak erabili, balioetsi eta babestuko duen lehen arreta behar dugu, klase sozial guztiek erabiliko dutena».
Ospitaleen unibertsaltasuna, gainera, oso lotuta dago aseguru etxeek «aukeratzen» dituzten arriskuekin, Bacigalupek azaldu duenez: «Pribatuek ondo dakite: egoera zailtzen denean, publikora joatea gomendatzen diete mutualistei. Jasangarritasunari dagokionez, gaur egun publikoan artatzen dira larrienak diren gaixotasunak, baita mutualistenak ere».
Horregatik, nabarmendu du negozio baten paradigman ulertu behar direla aseguru etxeak: «Ez dira gobernuz kanpoko erakundeak. Zerbitzu bat eman nahi dute, ahal duten etekinik handiena ateratzen duten bitartean».