Osakidetzan erreformak egiteko beharra azpimarratu du Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, bai luze gabe eta bai aurrera begira. Mediku falta eta osasun sistemak dituen beste hobekuntza posible batzuk onartu ditu Martinezek: «Lehen arreta indartzea da sistema aztertzean aurkitu ditugun eginkizun nagusietako bat; hori baita gure sistemaren oinarria». Izan ere, adierazi du osasun arreta oso zentratuta dagoela ospitaleetan, eta horrek sistema «ahultzen» duela, patologien %80 lehen mailako arretan konpontzen baitira.
Osasun arloko itunaren lehen bilera egin zuten atzo Eusko Jaurlaritzak, alderdi politiko nagusiek, sindikatuek eta osasun arloko hainbat eragilek. Bileran eztabaidatu zituzten gai batzuk ekarri ditu hizpidera osasun sailburuak gaur Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Itunarekin zuzenki lotuta ez dauden baina hobetu behar diren gauza batzuk dagoeneko hobetzen hasi direla azaldu du sailburuak. Hala nola lehen arretako ordua 48 orduan lortzeko bermea, itxaron zerrendak txikitzea eta medikuarekin aurrez aurre egon ahal izatea. 48 orduko helburua «oso errealista» dela aipatu du, baina azaldu du itxaron zerrendak osasun sistema publiko baten «berezko zerbait» direla.
Gaur egun, batez beste, Osakidetzak ordua eskatu eta hurrengo 48 orduetan ematen du ordua lehen arretako medikuarekin. Osasun Sailak Eusko Legebiltzarrera bidalitako datuen arabera, Errenterian (Gipuzkoa) bost egun itxaron behar dute pazienteek lehen arretan artatuak izateko, eta zortzi egun familia medikuarekin biltzeko; Ondarroan (Bizkaia) zazpi egun itxaron behar dute medikuak ikus ditzan, eta Zaballan (Araba), sei; eta Arabako Errioxan pediatrarentzako ordua eskatzen duenak bost egun itxaron behar du.
Osakidetzan ehun mila herritarretik gora daude kanpo kontsulten zain. Batez beste ia 70 egun itxaron behar dira espezialista batek ikusi arte. Hala ere, Martinezek ziurtatu duenez, itxaron zerrendak zehazterakoan kontuan hartzen da gaixotasunek edo osasun arazoek pazienteengan duten eragina. Onartu du traumatologian itxaron zerrenda oso luzeak daudela, baina horrek «bizi dugun errealitate demografikoari eta zahartzeari» erantzuten diela argitu du. «Zahartzea benetako tsunami bat da. Dementzia da gure hirugarren heriotza kausa, eta laster lehena izango da. Eta emakume gehiago daude kronikotasuna dutenak gizonak baino».
Lehen arreta indartu beharra dagoela argi du Martinezek, eta, horretarako mediku faltari erantzun behar zaio. Badaki horixe dela jende gehien kezkatzen duen arloa, baina argi utzi du osasun sistemaren %10 dela lehen arreta, eta askoz elementu gehiagok osatzen dutela.
Nola edo hala, sailburuak azaldu du medikuen falta ohikoa dela urtero, bai Osakidetzan eta bai Europan. Gainera, aurten instrukzio baten bidez 90 mediku gehiago kontratatzea lortu dutela adierazi du, eta osasun zentroetan eta EAGetan —etengabeko arretako guneetan— mediku falta bete dutela ziurtatu. Martinezek ez du aipatu uda honetan Laudion (Araba) gizon bati bihotzekoak eman eta mediku faltagatik bertako ZIU zainketa intentsiboetako unitate mugikorraren arta jaso ezin izan zuen herritarraren kasua. Herritar hori hil egin zen.
Mediku falta
Martinezek esan du medikuen gabezia hori ez dela laster konponduko. «Hiru edo lau urtean handia izango da, eta BAME plaza kopuruarekin du zerikusia», erantsi du. Ez hori bakarrik. Uste du familia medikuntza ez dela «erakargarria» BAME (barruko mediku egoiliarra) ikasleentzat, eta hori dela familia mediku gutxi egotearen faktore nagusietako bat.
Migranteak osasun sistema kolapsatzen ari direla diotenei buruz galdetuta, Martinezek ukatu egin du hala dela, eta datuek hala egiaztatzen dutela adierazi du: «Migranteak ez direnen maiztasun berean doaz medikuarenera».
Osasun sailburuak uste du bermatu egin behar dela pazientea bere hizkuntzan aritu ahal izatea, are gehiago «ahultasun momentu batean»: «Guretzat, pazientea da sistemaren erdigunea. Badakigu enpatia izateak sendatu egiten duela, hizkuntzak humanizatu egiten duela, eta, noizbait bermatu behar bada pertsona bat bere hizkuntzan aritu ahal izatea, gaixo dagoenean bermatu behar da, ahultasun eta hauskortasun egoera batean dagoenean». Jarraian, zehaztu du «ahal den neurrian» bermatuko dutela euskaraz aritu ahal izatea, pazienteak euskaraz bere sentimenduak, bere emozioak, bere sintomak eta bere minak adierazi ahal izateko.
Baina ez du zehaztu pazienteen hizkuntz eskubideak nola bermatuko dituen. Are, Martinezek, «saihestu» egin nahi du «gaixoaren eta langileen eskubideen arteko aurrez aurrekoa». Esan du badakiela zein den errealitate soziolinguistikoa, badakiela zer-nolako zailtasunak dauden, baina ez duela langileen eta gaixoen eskubideen arteko «eztabaida» nahi, «eztabaida ez baita hori». Onartu du beretzat «zama» bat dela euskaraz ez jakitea.
«Noizbait bermatu behar bada pertsona bat bere hizkuntzan aritu ahal izatea, gaixo dagoenean bermatu behar da»
ALBERTO MARTINEZEusko Jaurlaritzako Osasun sailburua
«Ikuspegi partekatua»
Hainbat gairi heldu ondoren, atzoko bilerari buruz mintzatu da Martinez. Pozik atera zen mahaiaren lehen bileratik: «Giro eta jarrera oso ona izan zen. Lehen hausnarketa egiteko aukera eman zigun. Itunaren helburua da ikuspegi partekatua lortzea». Agenteei 200 orrialde baino gehiagoko dokumentua helarazi zieten, eta hilaren 25ean biltzekoak ziren hurrengo bilerarako, baina askok denbora gehiago eskatu diete, «dokumentazioa behar bezala baloratzeko».
Osakidetza «etengabeko polemikaren» gunetik kanpo egotea gustatuko litzaiokeela azpimarratu du, eta azaldu du horretarako «ezinbestekoak» direla ituna eratzen parte hartuko duten guztien ekarpenak. «Taldeari egokituz joango gara, baina ikuspegi partekatu bat izatea da garrantzitsuena». Sei hilabeteko epea jarri dute horretarako.