Osakidetza. Mikel Baza. Osatzen elkarteko kidea

«Lehen arreta ez da leku fisiko bat: osasun eredu bat da»

Mikel Bazak uste du Jaurlaritzarentzat lehen arreta ez dela lehentasuna, «ez diskurtsoetan, ez politiketan». Gabeziak konpontzeko eta lan baldintzak hobetzeko neurriak eskatu ditu.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
edurne begiristain
2022ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Mikel Baza lehen mailako osasun arretako sendagilea da, eta Osatzen Familia eta Komunitateko Medikuen Euskal Elkarteko kidea. Dioenez, «tristura» sortu diote Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren adierazpenek: «Aukera bat galdu da lehen arretaren garrantzia azpimarratzeko».

Osasun zentroen ordutegiak murriztu eta erabiltzaileek eta profesionalek mugikortasun handiagoa izan beharko dutela esan du Sagarduik. Zer gogoeta egiten duzu?

Tristura sortu didate sailburuaren adierazpenek. Erakusten dute lehen mailako arretak ez duela instituzioetatik beharko lukeen babesa. Sailburu batek ez luke halakorik esango sekula ospitaleei buruz. Lehen arretaren balioa nabarmendu nahi bada, beharrezkoak dira beste diskurtso eta politika batzuk. Berriro ere aukera bat galdu da lehen arretaren garrantzia azpimarratzeko, zailtasunak zailtasun.

Mediku faltaz ohartarazi du sailburuak. Zein da egoera?

Medikuak falta direla ez da berria; aspaldiko arazoa da. Medikuntza ikasketak egiten ari nintzenean, esaten zitzaigun hau gertatuko zela; aurreikuspen hori bazegoen orduan. Egia da gai konplexua dela eta erantzukizun guztia ez dagoela Jaurlaritzaren esku, baina Osasun Sailak ere egoeraren erantzukizuna badauka. Ez da bidezkoa erakundeek osasun profesionalei eta gizarteari egoztea ardura. Esaten zaigu urrunago dauden osasun zentroetara mugitu beharko dugula. Hori ez da bidezkoa.

Nola dago lehen arreta?

Egoera sakon aztertu behar da. Osasun sistema bera gehiegi zentratuta dago medikuaren figuran, eta, ondorioz, gainerako osasun profesionalek ez dute aukerarik izaten beren gaitasunak eta rolak erabat garatzeko. Hori sustatu behar da.

Nola?

Gaur egungo gabeziak konpontzeko eta osasun sistema moldatzeko hainbat bide daude. Adibidez, administrarien lana bultzatu beharko litzateke, medikuok lan burokratiko asko egiten dugulako. Horrez gain, beste profesional batzuk bilatu behar dira lehen mailako arretan aritzeko. Fisioterapeuta batzuk hasi dira lehen arretan lanean, baina beste asko behar dira gaur egungo errealitate ezberdinei erantzuteko: minarekin lotutako osasun arazoak artatzeko edota gizarte arazoei aurre egiteko.

Inbertsio handienak ospitaleetan egiten dira. Lehen arreta zokoratuta geratzen ari da?

Ez da lehentasuna, ez diskurtsoetan, ez politiketan. Kontuan hartu behar da lehen mailako arreta ez dela leku fisiko bat: ez da osasun zentro bat, artarako osasun eredu bat baizik. Pertsona eta komunitateentzat erreferente izatea horren isla da. Badira ikerketa batzuk erakusten dutenak hamarkada batean mediku berberak artatua izan den pazienteak hilgarritasun maila apalagoa duela. Hau da, lehen mailako arretak izan dezake eragin zuzena osasun ekitatean, eta, beraz, ahalegin bat egin behar dugu profesional berberak azter dezan gaixoaren bilakaera ahalik eta denbora luzeenean.

Lehen arretako profesionalei askotan entzun dizuegu gainezka zaudetela. Nola zaudete?

Ez gaude gure garairik onenean: gogorik eza eta ilusio falta nagusi dira. Baina ez nuke nahi diskurtso negatibo batean erori, gizartean eragina izan baitezake. Sailburuaren adierazpenek ez dute laguntzen giroa hobetzen, eta ez dira egokiak egoiliarrak lehen mailako arretara erakartzeko. Lan baldintza egokiak behar dira, eta, batez ere, gure lana kalitatez eta modu seguruan egiteko baldintzak hobetu, pazienteen onerako ere izango delako.

Ikusi gehiago:Ekainaren 26an Bilbon osasungintza publikoa babestera deitu dute sindikatuek

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.