Lehen aldiz, EAEn gehiago dira bakarrik bizi direnak

Seme-alabak dituzten familien kopuruak behera egin du, baina, hala ere, halakoetan bizi dira EAEko herritarren ia erdiak, %48,14.

Nerea Melgosa sailburua, eskuinean, artxiboko argazki batean. IREKIA
Nerea Melgosa sailburua, eskuinean, artxiboko argazki batean. IREKIA
arantxa elizegi egilegor
2024ko abenduaren 27a
12:58
Entzun

Euskadiko Familien eta Etxeen Inkesta aurkeztu du gaur Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikorako sailburuak. Haren arabera, bakarrik bizi dira EAEko biztanleen %13,18, hau da, 290.497 pertsona. Azken lau urteetan, bestalde, pertsona bakarreko 27.000 etxe baino gehiago erregistratu dira. Aldiz, 289.361 etxetan seme-alabak dituzten familiak bizi dira. Azken horiek behera egin dute, eta, ondorioz, lehen aldiz, bakarrik bizi direnak gehiago dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Melgosaren arabera, aldaketaren atzean hainbat arrazoi daude; besteak beste, seme-alabak izateko adinak atzera egin duela.

Dena den, familia nuklearrak dira oraindik ere biztanleriaren gehiengoa biltzen dutenak: herritarren %48,14. Hau da, 1.059.900 pertsona bizi dira familia nuklear horietan. Baina eredu horretan ere aldaketak izan dira azken urteetan, Melgosak berak azaldu duenez: «Banaketak ugaritu egin dira, eta familia bakoitzeko seme-alaba kopurua murriztu. Aldiz, igo egin da guraso bakarreko familia kopurua, eta formalizatu gabeko bikote kopurua zabaldu».

Guraso bakarreko familiei dagokienez, berriz, ugaritu egin dira: 17.000 gehiago erregistratu dira azken lau urteetan. Horren guztiaren ondorioz, familien batez besteko tamaina ere murriztu egin da: 2015ean 2,48 pertsonakoa zen, eta 2023an 2,35 pertsonakoa.

Kezka nagusiak

Ekonomia da galdekatutakoen kezka nagusia. Inkestan jasotako datuen arabera, %0,2k ez dute inolako diru sarrerarik, eta %6,3k uste dute dituzten sarrerak ez direla nahikoa oinarrizko premiak asetzeko. Horrez gain, %15,7k adierazi dute konponketak egin behar dituztela etxean, eta %3,2k onartu dute etxebizitzaren egoera ez dela egokia.

Seme-alaben inguruan galdetuta, berriz, %11,7k esan dute ez dituztela nahi adina; horietatik %5,2k «arrazoi naturalak» aipatu dituzte horretarako, baina izan dira besterik esan dutenak ere, besteak beste baliabide ekonomikorik eza eta lan prekaritatea.

Bestalde, zaintza lanekin lotuta, 69.772 lagunek esan dute lan jarduera eten dutela kontziliazioarekin lotutako arazoengatik; emakumeak dira haietatik %80.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.