Eusko Jaurlaritza Legution (Araba)
parke eoliko bat sortu ahal izateko tramiteak egiten hasi da. 22,5 megawatteko bost haize errota kokatu nahi dituzte guztira. EAEko Buletin Ofizialean argitaratu duenaren arabera, proiektu eskaera jendaurrean jarriko du, «baimena eman aurreko urrats gisa».
Jaurlaritzak oraindik ez du informazio askorik zabaldu. Halere, azaldu du Plauri Energy enpresa pribatuak proiektua egin ahal izateko baimena eskatu ziola Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari.
Ikustear dago zer gertatuko den Legutioko parke eolikoaren proiektuarekin. Izan ere, Arkamuko eta Iturrietako (Araba) parke eolikoei Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak berak baimena ukatu zien, ingurumen baldintzak aztertu ondoren. Labrazako eta Azazetako (Araba) proiektuen tramiteekin, ordea, aurrera egiteko baimena eman zien Aixeindar sozietateari. Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak kudeatzen dute sozietate hori.
Hautsak harrotu dituen gaia izan da parke eolikoena Araban. Arabako Mendiak Aske plataformak hainbat mobilizazio antolatu ditu azken hilabeteotan. Joan den larunbatekoa izan zen azkena: dozenaka lagunek parke eolikoen aurkako protesta egin zuten Gasteizen, Arabako Foru Aldundiaren parean. Elkarretaratze horren bidez, salatu zuten ez dituztela onartzen Arabako hainbat menditan egitekoak diren parke eolikoak, eta Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari eskatu zieten gelditu ditzatela proiektu horiek.
Araban, mendilerro hauetan egin dituzte haize errotak jartzeko eskaerak: Gasteizko Mendietan, Labrazan, Cantoblancon, Aramaio-Jarindon, Aramaio-Oriolen, Laudio-Larragorrin, Gorobel-Pico del Frailen eta Gorobel-Lloruzengozen. Legutiokoarekin, beraz, bederatzi proiektu dira guztira.