Legutioko Zentro Sozialistaren hustean atxilotutako bi gazteetako bat epaitu dute gaur

Dozenaka lagun bildu dira epaitegien aurrean gazteari elkartasuna agertzeko. Hamahiru hilabeteko espetxe zigorra eta 3.600 euroko isunak eskatu dituzte auzipetutako bi gazteen aurka.

Mugimendu Sozialistako kideen elkarretaratzea, goizean, Gasteizko epaitegien aurrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
edurne begiristain
2023ko irailaren 1a
12:01
Entzun

Iazko ekainaren 28an hustu zuen Ertzaintzak Legutioko (Araba) Zentro Sozialista –Desjabetuon Hotela izendatua–, eta, desordena publikoak egitea eta erresistentzia larria egotzita, 18 urteko lagun bat eta 21 urteko bat atxilotu zituen. Gaur, gazte horietako bat epaitu dute Gasteizen –ez dute zehaztu noiz egingo den beste gaztearen epaiketa–, eta Mugimendu Sozialistak elkarretaratzera deitu du epaitegien aurrean, babesa agertzeko. Jakinarazi dutenez, fiskaltzak, denera, hamahiru hilabeteko espetxe zigorra eta 3.600 euroko isunak eskatu ditu auzipetutako bi gazteen aurka.

Goizeko hamaikak aldera iritsi da Mugimendu Sozialistako kidea epaitegietara, eta txalo artean babestu dute bertaratutako dozenaka gaztek. Zentro sozialisten defentsan. Auzipetuei elkartasuna zioen pankarta baten atzean bildu dira gazteak, eta «zentro sozialistak aurrera» eta «borroka da bide bakarra» oihu artean adierazi diote elkartasuna.

Mugimendu Sozialistako kideek salatu dutenez, «jardun politikorako espazioen defentsa zilegi» da, eta, Legutioko Zentro Sozialistaren husteak eta ondorengo atxiloketek erakusten dute «geroz eta zailagoa» dela jardun politikoa garatzeko espazioak eskuratzea eta «normaltasunez» erabili eta defendatzea. Legutiokoa adibide bat baino ez dela gogoratu dute; hala, gogora ekarri dituzte azkenaldian «langileen kontrolpeko espazioek» jasan dituzten etengabeko «erasoak»: Bilboko Urkilaren hustea; Laudioko (Araba) gaztetxearen hustearen harira eskatu dituzten 4.000 eurorainoko isunak; Euskal Herriko dozenaka tokitan izaten diren identifikazioak; Burlatako (Nafarroa) gaztetxeak «espazioa egonkortzeko» dituen zailtasunak; eta Zestoako (Gipuzkoa) gaztetxea, non hasia baita husteko prozedura.

Uste dute premiazkoa dela «ofentsiba» horri erantzutea, eta ezinbestekoa dela «errepresioari» modu kolektiboan aurre egitea, elkar defendatzeko konpromisoa oinarri hartuta. «Espazioen defentsa ahalik eta modu eraginkorrenean antolatzeko baliabideak egituratzen jarraitu behar dugu», adierazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.