Marisol Zamorak Patxi Ezkiagak egin zizkion sexu erasoak salatzeak «zuzenean eragiten dio Legorretako Udalari», jakinarazi du erakundeak berak, agiri bidez. Patxi Ezkiaga legorretarra omendu izan duelako iraganean, «udalak erantzukizuna du dagozkion erabakiak hartzeko, erreparaziorako bideak irekitzeko eta salaketa publiko egin duen Marisol Zamorari babesa adierazteko», gehitu du.
Ikusi gehiago
Ondorioz, hartutako erabakiak hauek izan dira: «Patxi Ezkiaga Lasari herriko seme kuttun izaera baliogabetzea; Patxi Ezkiaga kultur etxea hemendik aurrera Kultur Etxea soilik izatea; eta haren omenez eginiko eskultura Etxezarreta auzoko parketik kentzea».
Legorretako Udalak jakinarazi du, bestalde, erabakia hartu aurretik harremanetan sartu dela sexu abusuen salaketa plazaratu duen kazetariarekin, Marisol Zamorarekin berarekin, eta abusuak gertatu ziren eta Ezkiaga irakasle izan zen Donostiako La Salle kongregazioarekin.
Marisol Zamorak 8 urte zituenetik 13 zituenera arte behin baino gehiagotan jasan zituen sexu erasoak «irmo gaitzesten» ditu Legorretako Udalak, eta hartutako erabakiaren arrazoiak ere barnatu ditu. «Bereziki arbuiatu nahi ditu adin txikikoei egindako» sexu abusuak, «ezinezkoa baita adin txikikoek onarpen erreala ematea; botere harreman guztiz desorekatu bat dago beste aldekoa pertsona heldu bat denean, eta, ondorioz, edozein sexu ekintza erasoa da», adierazi du agirian. Umetan jasandako indarkeria horrek bizirako dituen ondorioen jakitun, Legorretako Udalak ulertzen du ezin kontatu izana orain arte: «Beldurra izateak, gertatutakoa ezin ulertzeak, mina ezin kudeatzeak eta sinesgarritasun falta sentitzeak, besteak beste, izugarri zailtzen du gertatutakoa kontatzea».
Beste hiru salaketa
El País egunkariak jakinarazi duenez, Zamorak ez ezik beste hiru emakumek ere salatu dute Ezkiagak sexu erasoak egin zizkiela. Horietako bat Izaskun Andonegi psikoterapeuta da, eta kontatu du berari ere urteetan egin zizkiola abusuak, 1980tik 1987ra edo. Gimnasia erritmikoko irakasle aritu zen La Sallen: «Ikastetxe osoak zekien. Asko gara. Isiltasun itun bat dagoela uste dut».
Zamoraren testigantzaren berri izandakoan, berak ere lekukotasuna ematea erabaki du: «Nire mina ez ezik, hainbat eta hainbat emakumerena ere desblokeatzen ari naiz». Azaldu du orain arte isilik egon dela «lotsagatik eta inork ez ziola sinetsiko» uste zuelako: «Botere abusu handia zegoen, hura oso pertsona ezaguna zelako, eta gu, berriz, umeak».
Hitz egiteko garaia dela uste du, ordea: «Uste den baino inplikazio traumatiko sakonagoa du. Helduen bizitza sexuala baldintzatu dezake, eta ez duzu ulertzen zergatik: paralizatuta geratzen zara. Oroimenean iltzatzen da, eta hitz egiten ez baduzu, eragiten dizu».
Izenik eman ez duten beste bi lagunen testigantza ere jaso dute. Horietako baten arabera, klasekide gehiagori ere egin zien eraso Ezkiagak. «Irakasle ona zen, pila bat ikasten zenuen harekin, xarma hori zuen, eta horrek zaila egiten zuen geratzea. Baina une batera ezkero, esaten duzu: 'Hemen oso gauza larria gertatzen ari da'. Oso zaila zen zirkulu horretatik irtetea, eta ez zenuen sentitzen gurasoek babestuko zintuztenik. Umeak ginen, eta itzal handiko gizona zen; eskolan garrantzitsua zen».
La Sallek jazotakoa gaitzetsi eta barkamena eskatu du, ez zutelako asmatu «erakundearen zaintzapean zeuden pertsonak babesten». Halaber, barne ikerketa bat abiatu du kongregazioak, eta sexu abusuak jasan zituztenei eskatu die jo dezatela haiengana, gertatutakoa ikertzeko.
Hain zuzen, Zamorak joan den astean salatu zuen jendaurrean Ezkiagak sexu abusuak egin zizkiola. 42 urtez izan du gordea gertatutakoa, baina, azkenean, lekukotasuna ematea erabaki du, «egia jakin dadin». Isiltasuna haustea nahi zuela kontatu du, eta, azaldu duenez, bazuen esperantza urratsak «ausardia» emango ziela beste batzuei: «Jendea hitz egiten hasi da». Jarraian iritsi dira gainerako testigantzak, eta abusuak jasan zituzten hainbat lagun ere jarri dira Zamorarekin harremanetan.
Haren esanetan, Ezkiaga ezaguna eta goratua izatea oztopoa izan da erasoak salatzeko orduan; hasieran, «pentsaezina» egiten zitzaion. «Nire garaian, [Ezkiaga] jainkoa zen La Sallen. Idazlea, poeta, mendizalea, sariak irabazten zituena...». Azkenean, baina, «isiltasuna hausteko», kontatzea erabaki du.
Batez ere poesian egindako ibilbideagatik da ezaguna Ezkiaga, itzultzaile eta irakasle ere izandakoa. Narrazioa eta eleberria landu zituen, baina olerkigintzan nabarmendu zen. Hamazazpi titulu argitaratu zituen olerkigintzaren esparruan, eta sei narratiban. Hainbat sari ere irabazi zituen.
Arartekora edo auzitegira jo daiteke salaketak egiteko. BERRIAri lekukotza bat eman nahi izanez gero: [email protected]