euskal presoak

Legorretako Udalak Esnaolaren gradu erregresioa salatu du

Adierazi dute espetxeetako tratamendu batzordeen erabakiak aintzat hartzeko eskatu dute. Bihar manifestazio bat egingo dute Legorretan, Sarek antolatuta.

Sarek antolatutako mobilizazioa, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU
Iosu Alberdi.
2022ko azaroaren 3a
11:07
Entzun

Legorretako Udalak (Gipuzkoa) kezka adierazi du Aitor Esnaola herrikidearen gradu erregresioa dela eta. Aho batez onartutako mozioan, salatu dute Auzitegi Nazionaleko fiskaltza «behin eta berriz» ari dela aurkezten euskal presoen gradu progresioen aurkako helegiteak, espetxeetako tratamendu batzordeen erabakien aurka. Sare Herritarrak ere salatu du ebazpena, eta mobilizatzeko deia egin du. Manifestazio bat egingo dute bihar Legorretan, 19:00etan, Etxera bidean, oztoporik ez! Aitor etxera lelopean.

EH Bilduko eta EAJko zinegotziek bat egin dute mozioaren alde, eta gogorarazi dute Esnaola Legorretan zegoela joan den maiatzetik: «Legeak dioen bezala, gizarteratze prozesuan, legearen baldintza guztiak beteta eta legedia arrunta aplikatuz. Inongo arazorik gabe, ez bere egunerokoan, ez Legorretako herriarenean». Etxean zegoen preso, eta eskumuturreko telematikoarekin ibili da herrian, udalak jakinarazi duenez.

Esnaola atzo itzuli zen Martuteneko espetxera (Gipuzkoa), Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaitegiak hala ebatzita. Euskal presoak 11 urte baino gehiago egin ditu espetxean, eta 2020an bete zuen zigorraren erdia. Urte hartako urrian lekualdatu zuten Ocaña I kartzelatik (Espainia, 460 kilometro) Soriara (Espainia, 230 kilometro), eta iazko apirilean Euskal Herriratu zuten. Azkenik, Jaurlaritzak maiatzean onartu zion gradu progresioa, Martuteneko tratamendu batzordeak hala proposatuta.

Legorretako Udalaren esanetan, tratamendu batzordeek ezagutzen dute «ondoen» presoen bilakaera, eta, beraz, horien erabakiak aintzat hartzeko eskatu du, «gradu progresioak edota espetxeko baimenak arau izan daitezen, eta ez salbuespena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.