Legeztatzearen aldeko martxara deitu dute hainbat kultur sortzailek

Agertoki politiko berria «girotu, bultzatu eta gorpuzteko» herritar guztien ekarpena ezinbestekoa izango dela nabarmendu duteEAJk eta H1ek ez dute argitu Sortu legeztatzearen aldeko martxan izango diren

Agiriaren sinatzaileetako batzuek agerraldia egin zuten Donostian atzo. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2011ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Bakerantz, legalizaziorantz lelopean Bilbon egingo den manifestazioarekin bat egin dute eragile ugarik aste honetan, eta atzo, euskal kulturako sortzaileen txanda izan zen. Donostiako Kafe Antzokian eginiko agerraldian 30 bat pertsonak sinatutako agiri bat aurkeztu zuten.

Biharko martxan parte hartzeko deia egiteaz gain, ETAren su-etenaren ostean sortu den agertoki politiko berrian «talde politiko eta ideologia guztien gainetik» herritar guztien ekarpena ezinbestekoa izango dela nabarmendu zuten. «Azken finean, euskal herritarron ardura zuzena baita gure herriarentzat beste agertoki bat eraikitzea, bakean eta eskubide sozial eta politiko guztien jabe izanik», azaldu zuten. Sinatzaileen artean daude Bernardo Atxaga, Joxe Azurmendi, Laura Mintegi, Eider Rodriguez, Fermin Muguruza, Gari, Mikel Urdangarin, Sebastian Lizaso, Andoni Egaña eta Amets Arzallus.

Agiriari atxikimendua eman dioten sortzaileen ustez, «beste errealitate bat gauzatu dadin» herritar bakoitzak «bere txikitik eta txokotik eragin» behar du: «Giro bat sortu, bultzatu eta itxaropena gorpuztuz». «Historiaren gidoia idaztea batez ere gure esku dagoela ulertzen dugu. Eta gidoi hori egunero idazten da, egunero idazten dugu», ohartarazi dute.

Era berean, egin dituzten kultur ekimenetan herritarren aldetik «aldaketarako desioa» nabaritu dutela diote. Hori hala, uste dute «une historiko honetan» herritarren nahietara gerturatu eta bake eta normalizazio politikorako bidean ekarpena egin behar dutela kultur sortzaileek ere. «Kulturaren plazan bizi garenok sortu diren ildo berrietan gure ekarpena egitera gatoz. Euskal Herriko une historiko honetan, denok izan behar dugu protagonista, euskal herritar orok bere eragiteko eskubidea obratu behar du», azaldu dute.

17:30ean hasiko da martxa, Casilla kiroldegitik. Euskal gizarteko hainbat eremutako 21 pertsona ezagunek antolatu dute ekimena; besteak beste, Xabier Oleaga kazetaria, Xabier Arzalluz EAJren EBBko presidente ohia, Mitxel Sarasketa preso ohia, Txaro Arteaga Emakundeko buru izandakoa eta Periko Ibarra EHUko irakaslea. Bakea posible egingo duen agertoki demokratikoa lortzeko ezker abertzalea legeztatzea ezinbestekoa dela uste dute.

Ideia horrekin bat egin dute Euskal Herriko eragile ugarik. Hala, biharko manifestazioan parte hartzeko deia egin dute honako indar politiko eta sindikatu hauek: ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk, Ezker Batuak, Abertzaleen Batasunak, Alternatibak, Sortuk, Antikapitalistek, ELAk, LABek, Hiruk, EILASek eta ESK-k. Gazte independentistek eta ESAITek ere gauza bera egin dute.

Lokarri herritar sareak ere dei egin du martxan parte hartzeko. Ohar batean adierazi du bakea eta normalizazio politikoa lortzeko «aukera historiko» batean dagoela euskal gizartea eta biharko martxa behar hori islatzeko erakusleihoa izatea espero duela.

EAJk eta Hamaikabatek ez dute ekimenean parte hartzeko deirik egin; era berean, ez dute argitu ordezkaritza ofizialik bidaliko duten edo ez. Andoni Ortuzar EAJren BBBko presidenteak azaldu duenez, EAJk militanteen esku utzi du erabakia. PSE-EEk eta PPk, berriz, ez dute bat egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.