Legezko jo dute prostituzio bezeroak zigortzeko araua

Frantziako Kontseilu Konstituzionalak ez du uste prostituzioaren aurkako legeak «askatasun pertsonalak urratzen» eta bezeroak «kriminalizatzen» dituenik

Prostituten protesta, Parisen, bezeroak zigortzearen aurka, 2016ko apirilean, legea onartu zenean. IAN LANGSDON / EFE.
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Prostituzioaren bezeroak zigortzea ez da Frantziako Konstituzioaren aurkakoa. 2016an onartu zuen Frantziako Asanblea Nazionalak Prostituzio Sistemaren Kontra Borrokatzeko eta Prostituitutako Pertsonak Laguntzeko Legea. Hainbat gobernuz kanpoko erakundek auzitara jo zuten, «bezeroak kriminalizatzen» direla eta prostitutentzat «kaltegarria» izango dela argudiatuta. Atzo eman zuen ebazpena Kontseilu Konstituzionalak: «Auzitan jarri diren neurriek prostituzio sistemaren aurkako borroka indartzea eta prostitutak laguntzea dute helburu, eta bat datoz konstituzioarekin».

Kontseiluko kideek esan dute ez dela euren zeregina prostituzioaren inguruko eztabaidan sartzea, eta zehaztu dute legearen konstituzionaltasuna aztertzera mugatu direla. Euren esanetan, lege horrekin botere legegilearen helburuak «giza duintasuna bermatzea eta ordena publikoa gordetzea» izan dira. «Prostituten gehiengoa giza salerosketaren eta proxenetismoaren biktimak direnez, hartutako neurriak ez dira desegokiak». Epaileek ukatu egin dute zigorrek «askatasun pertsonalak urratzen» dituztela.

Besteak beste, legeak 1.500 euroko isunak ipintzen dizkie bezeroei. Behin baino gehiagotan zigortzen dituztenen kasuan, 3.750 eurokoa izan daiteke isuna. 1999an, Suediak onartu zuen gisa horretako lege bat, eta, harrezkero, beste hainbat herrialdek hartu dute eredu modura. Prostituzioa debekatu ordez, haren kontrako neurriak hartzea dago oinarrian. Era berean, 2016ko legeak kendu egin zuen 2003tik indarrean zegoen beste delitu bat: prostitutek «bezeroak bilatzea».

Giza eskubideen eta prostituzioaren arloko eragileen artean eztabaida egon da. Legearen alde agertu diren eragileei garrantzitsua iruditu zaie paradigma aldatu izana. Izan ere, 2016ra arte prostitutak ziren delitugileak, baina orduko legeak bezeroen gain jarri zuen delitua. Era berean, nabarmendu dute emakumeen trafiko eta salerosketa sareen aurka egiteko «modu bakarra» dela bezeroak zigortzea.

Prostitutak, «babesgabe»

Frantzian prostitutekin lan egiten duen elkartea da Amicale du Nid, eta bertako kide Cedrid Uzan-Sarano abokatua izan da Kontseilu Konstituzionalaren aurrean legea defendatu dutenetako bat. «Oso pozik» agertu da: «Printzipioen ikuspegitik, konstituzioan ezin dugu ezarritzat jo prostituzio merkatua eta sexua erostea, definizioz erlazio biolentoa baita».

Legea auzitara eroan duten erakundeen artean Munduko Medikuak eta Strass sindikatua daude. Guztira, bederatzi elkartek eta 30 prostitutak jo dute epaitegietara. Esan dute legeak ez duela lortuko prostituzioa gutxitzea. Are gehiago, iruditzen zaie prostituten «lan baldintzak okertu» dituela, «ezkutuan eta babes gutxiagorekin lan egitera» behartzen dituelako. Esan dute zigorrek «eskaera gutxitzea» ekarri dutela, eta «prezioak jaistera eta bezeroen baldintzak onartzera» eroan dituela prostitutak.

Euren argudioak indartzeko, legearen aurkako elkarteek hainbat prostitutaren testigantzak aurkeztu zizkioten Kontseilu Konstituzionalari. Prostitutetako batek kontatu zuen legea indarrean sartu zenetik bezeroek uko egiten dietela preserbatiboei. Elkarteok uste dute «sexu bidezko gaixotasunak zabalduko» direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.