«Legez kanpoko pertsonarik» ez dagoela gogorarazi dute Bilboko kaleetan

Manifestazioa egin dute Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta. «Arrazakeriarekin ez da eztabaidatzen; haren kontra borrokatu behar da».

Arrazakeriaren kontrako manifestazioaren burua. ARITZ LOIOLA / FOKU
Arrazakeriaren kontrako manifestazioaren burua. ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2025eko martxoaren 21a
20:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, manifestazioa egin dute Bilbon, Martxoak 21 Arrazakeriaren Aurkako Batzarrak deituta, Arrazakeria borrokatu, ez eztabaidatu. Ordena kolonialari sua! lelopean. Iragan koloniala berrikusteko beharra izan da aurtengo deialdiaren eskakizunetako bat, baina gaur egungo errealitatea ere ez dute bazter utzi, eta, «legez kanpoko pertsonarik» ez dagoela argi uzteaz gain, gogora ekarri dute herritar askori egunero urratzen dizkietela oinarrizko eskubideak, arrazakerian eta xenofobian oinarrituta.

Askotarikoa izan da Bilboko manifestazioa, parte hartzaileen jatorriei, hizkuntzei eta aldarrikapenei dagokienez. Maria Juncayk Ekuadorren du jatorria, eta etxeko langilea da: «Guretzat ez dago martxoaren 8rik martxoaren 21ik gabe. Oso garrantzitsua da indarkeria eta bazterketa arrazista pairatzen dugun pertsona migratu eta arrazializatu guztiontzat. Arrazakeriak egunero zigortzen gaitu: arrazakeria instituzionalak, ekonomikoak, politikoak, lan arlokoak eta abarrek. Eta borroka honekin bat egiteko deia egin nahi diogu euskal gizarteari».

Paulino Amaya, berriz, ijitoa da, eta Kale Dor Kayiko elkarteko kidea: «Uste dut gutxiengo guztientzat manifestazio garrantzitsua dela, eta ijitoen kolektiboak ere ezin zuen hutsik egin. Zoritxarrez, 600 urteren ostean, arrazakeria alor guztietan pairatzen dugu: eskolan, lanean, etxebizitza lortzeko, osasungintzan eta abarretan. Eguneroko kontua da, eta borrokan jarraitu behar dugu».

Ahmed El-Bourkhissi Marokotik dator, eta amazig herrikoa da; hala adierazten du lepoan eskegita daraman ikurrak: «Jendeak ez du ikusten, baina arrazakeria handia dago. Nik arrazakeria pairatu dut hemengo jendearen aldetik. Jende zintzo eta jatorra ere badago, baina batzuetan pertsona arrazistak agertu eta arazoak sortzen dira. Beharrezkoa da horren kontra borrokatzea».

Aldarrikapen ugari

Manifestazioa 18:15ean abiatu da Jesusen Bihotza plazatik, mobilizazioaren leloa idatzia zuen pankarta baten atzetik. Elkarte eta erakunde ugarik osatzen dute Martxoak 21 Arrazakeriaren Aurkako Batzarra, eta aniztasun hori nabaria zen pankarta nagusiaren atzetik zihoazen gainerako kartel eta pankartetan ere: Migratzeko eskubidea. Europako politika arrazistei ez leloa irakurgai zegoen haietako batean, Atzerritartasun Legea pikutara! goiburua idatzia zuen beste batek. Pankarta batean, gizarte zerbitzuen mugak kritikatzen zituzten: Hotz zara?Ez dago aterperik. Gose zara? Ez dago zitarik.

Bozgorailuetatik, antolatzaileek deia egin diete herritar migratu eta arrazializatuei manifestazioaren burura joateko, eta pertsona zuriei mobilizazioaren atzeko aldean jartzeko eskatu diete. Halaber, ramadana edo musulmanen hilabete santua ospatzen ari zirenei jakinarazi diete baraua apurtzeko ordua iritsitakoan datilak eta ura banatuko zizkietela.

Oihuak eta kantuak etengabeak izan dira: Inor ez da ilegala; Justiziarik gabe, bakerik ez; Arrazistak dardarka has daitezela, Euskal Herria orain antirrazista izango baita eta antzeko leloak oihukatu dituzte. Manifestazioa lan ikuskaritzaren bulegoaren papera iritsi denean, han zegoen manifestari talde batek bengalak piztu ditu, eta pankarta bat zabaldu dute, Arrazakeriaren aurrean, lan ikuskaritza erantzun! leloarekin. Orduan ozenagoak izan dira laneko arrazakeria eta etxeko langileek pairatzen dituzten lan baldintzak salatzeko oihuak.

Berdin jokatu dute manifestazioaren ibilbidean zeuden leku esanguratsu guztietan. Adibidez, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren egoitzara iritsi direnean, beste geldialdi bat egin, eta Erregularizazioa hitza idatzia zuen pankarta zabaldu dute. Agiri bat irakurri dute han, euskal alderdien jokabidea txarresteko: «Duela urtebete inguru eman genien erregularizazioaren inguruko gure eskaera, eta geroztik Espainiako Gobernuarekin ari dira negoziatzen, gu trukerako txanpon gisa erabilita. Euskal alderdiei gogorarazi nahi diegu arrazakeriarekin ez dela eztabaidatzen, haren kontra borrokatu egin behar da».

Foru jauregira iritsi direnean, ijitoen komunitateko emakumeen txanda izan da. Haiek ere pankarta zabaldu eta bengalak piztu dituzte, «erromani erresistentzia» aldarrikatzeko: Migratuak eta ijitoak ahizpak gara; Emakume ijitoa izatea ez da delitua eta antzeko oihuak egin dituzte.

Urtarrilean, «jarduera arrazistak» salatu zituzten Bilboko Radisson hotelean, eta sindikatuek protestak egin zituzten. Horregatik, hotelaren aurreko aldea aukeratu dute antolatzaileek laneko arrazakeria salatzeko; han ere bengalak piztu dituzte, eta pankarta bat zabaldu dute Hemen arrazakeria kiratsa dago leloarekin. Plaza Zirkularrean, berriz, kaleko saltzaileak zeuden, haien kontrako jazarpena amai dadila eskatzeko. Manifestazioa udaletxearen aurrean amaitu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.