«Legez kanpoko immigrazioa sustatzea» egotzi diete ekintzaileei

Fiskalak baztertu egin du Grezian atxilotutako bi euskal herritarrek etekina ateratzeko asmoa izatea. Gaur deklaratuko dute epaitegian

EFE.
gotzon hermosilla
Bilbo
2016ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Begoña Huarte eta Mikel Zuloaga, asteartean Grezian atxiloturiko bi euskal ekintzaileak, Igumenitsako (Grezia) epaitegira eraman zituzten atzo. Fiskalak bi delitu egozten dizkie: «legez kanpoko immigrazioa sustatzea» —zortzi errefuxiatu Euskal Herrira ekartzen saiatzen ari zirelarik atxilotu zituzten— eta errefuxiatuen osotasunaren kontrako «arduragabekeria larria». Fiskalak baztertu egin du bi ekintzaileen jardueran etekinik ateratzeko asmoa egotea, eta horregatik ez die egotzi giza trafikoan aritzea.

Bigarren akusazioari dagokionez, fiskalak uste du errefuxiatuak eramateko erabilitako furgonetak ez zituela betetzen segurtasun neurriak. Atxilotutakoen abokatuek argitu dute furgoneta hori muga zeharkatzeko bakarrik erabili behar zutela.

Epaileak gaur hartuko die deklarazioa Huarteri eta Zuloagari, eta, ondoren, fiskalarekin batera erabaki beharko du bi ekintzaileak bermea ordainarazita aske uzten dituen edo behin-behinean espetxera bidaltzen dituen. Leporatzen dizkieten delituak larriak direnez, Korfuko Auzitegian epaituko dituzte, baina ez dago horretarako datarik oraindik.

Epaitegian, lasai eta irribarretsu agertu dira Huarte eta Zuloaga, eta Euskal Herritik iritsitako zenbait lagunen babesa eta sostengua jaso dute. «Ongi» daudela esan dute: «Egoera ez da samurra, baina errefuxiatuak okerrago daude».

Elkartasun keinu ugari

Bitartean, ugaritzen ari dira Huarteren eta Zuloagaren aldeko elkartasun adierazpenak. Atzo elkarretaratzeak egin zituzten Iruñean eta Zeanurin (Bizkaia), eta gaur Bilbon, Gasteizen eta Donostian egingo dituzte.

Bizkaiko Arratiako sei alkateek agiri bateratua plazaratu dute; bi atxilotuak askatzeko eskatzeaz gain, iragarri dute Greziako enbaxadarekin harremanetan jarriko direla, eta eskualdeko herriak «harrera herri» izateko prestasuna agertu dute. EAEko Arartekoak ere gutun bat igorri dio Greziako Herriaren Defendatzaileari, eta azaldu dio bi ekintzaileen jokabidea «izaera humanitariokoa» izan dela.

Grezian ere, hamabost bat elkartek izenpetu dute bi euskal herritarren aldeko agiria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.