Azken urteetan, droga berriak iritsi dira merkatura, eta gazteek droga klasikoen ordez kontsumitzen dituzte. Medikuntzan eta Kirurgian doktorea da Koldo Callado; EHUren udako ikastaroetan aritu da droga berrien inguruan.
Zer dira eta zeintzuk dira abusu droga berriak?
Azken urteotan gure inguruan agertu diren droga berriak dira. Batzuk, azken boladan sintetizatu edo ekoitzi berriak; besteak, aspalditik beste kultura eta herrialdeetan erabiltzen dira, eta azken urteetan zabaldu dira gure inguruan.
Zein dira droga berri horien efektuak?
Mota eta talde oso ezberdinak daude droga berrien barruan ere. Oro har, gehienak droga psikoaktiboak eta pizgarriak dira, eta jendeari euforia eragiten diote. Asko oso lotuta daude jai giroarekin, eta logura murriztu eta gosea kentzen dute; jaiez jai gorputza martxan edukitzeko baliagarriak dira. Beste batzuek haluzinazioak edo barne munduko bidaiak eragiten dituzte.
Zein alde dago droga berrien eta aspalditik dauden drogen artean?
Droga ilegalen legezko alternatiba bihurtu dira droga berri horiek; denda espezializatuetan edo Internet bidez lor daitezke. Horixe da droga berrien arrakastaren gakoetako bat. Horiez gain, prezioz ere droga klasikoak baino merkeagoak dira, sintetizatzen ere errazagoak, eta odolean detektatzeko zailagoak dira.
Droga horiek kontsumitu aurretik jendeak badaki zein diren ondorioak?
Arazorik larriena da sintetizatu ahala erraz lortzeko moduan jartzen direla salgai Interneten bidez. Eta, normalean, ez daukagu inolako informazio zientifikorik gorputzean nola eragiten duten azaltzeko. Kontsumitzailerikgehienek foroetan begiratzen dute: horietan, ustezko kontsumitzaileek euren esperientziak kontatzen dituzte. Horretan oinarrituta erabakitzen dute droga bat edo beste kontsumitu. Askotan gertatzen da kalean saldu edo erosi den droga mota batekoa dela uste izatea, eta egiaz beste bat izatea; izan ere, analisietan beste substantzia batzuk ere badituztela ager daiteke, eta uste baino askoz ere arriskutsuagoak izan daitezke.
Jendeak droga kontsumitzen du, baina kontuan hartzekoa da nondik eta nola iritsi den droga hori, ezta?
Kasurik gehienetan, droga berriak —batez ere sintetikoak— laborategi klandestinoetan sintetizatzen dira. Laborategi horietan,ez dago kalitate kontrolik; beraz, batetik, substantzia faltsuak erabiltzen dira sarri, eta, bestetik, sintesi prozesuan bertan beste mota bateko drogen zantzuak ager daitezke, eta arriskutsuak izan daitezke osasunerako. Mafiak daude laborategi klandestino horien atzean, eta, dirudienez, ez da oso zaila horrelako zerbait sortzea. Nik dakidanez, Euskal Herrian oraindik ez da halako laborategirik detektatu; gehienak ekialdeko herrialdeetatik etortzen dira, Frantziatik igarota.
Euskal Herriko kontsumoaren inguruan badago datu zehatzik?
Datu ofizial gutxi daude, droga berri horiek azken urteetan sartu baitira merkatura, baina Ailaket moduko elkarteek testak egiten dituzte jaietan, eta, haien arabera, biztanleen %2k noizbait kontsumitu dutela droga berriren bat.
Zein da droga berrien kontsumitzaileen profila?
Oso zehatza: 20 eta 30 urte inguruko gazteak dira; izan ere, gehienbat Internet bidez lortzen dira, eta gazteak dabiltza Interneten. Droga berrien kontsumoa ez dago hain hedatuta alkoholarekin, kokainarekin edo kalamuarekin alderatuta; kontua da portzentaje berean kontsumitzen diren droga berri batzuk oso toxikoak direla, eta heriotzak edo toxikazio oso larriak eragin ditzaketela.
Alderik ba al dago emakumeen eta gizonen kontsumoan?
Gehienbat, gizonezkoak dira kontsumitzaileak; normalean,haiek dira adrenalina eta esperientzia berriak probatzen dituztenak. Emakumeek droga arruntagoak kontsumitzen dituzte.Tabakoa, kokaina, kalamua, alkohola eta antzekoen kontsumoetan geroz eta desberdintasun gutxiago daude gizonen eta emakumeen artean.
Geroz eta droga berri gehiago dago merkatuan. Non dago muga?
Droga bat legez kanpokotzat hartu eta horren salmenta debekatzen denean, mafiek egitura kimikoan aldaketa txiki batzuk egin eta droga berriak sortzen dituzte, legezkoak, debekatuta dagoen drogaren efektua mantenduz. Europan alerta goiztiarren sistema bat dago martxan; urteotako datuen arabera, gutxi gorabehera urtero 80 edo 100 substantzia berri antzematen dira Europa osoan.
Drogen produkzioa, banaketa eta kontsumoa geldiarazteko modurik ba al da?
Oso zaila da, nire ustez. Guk arreta bi esparrutan jartzen dugu: batetik, informazioan, eta, bestetik, prestakuntzan. Gutxi dakigu droga berrien inguruan, baina oso garrantzitsua da pertsona batek pilula ezezagun bat hartu baino lehen jakitea benetan zer hartzera doan; izan ere, testetan eta analisietan sorpresak egon daitezke.
Diseinuzko drogak XXI. mendeko epidemia dira, zure ustez?
Bai, diseinuzko drogak oso lotuta daude XXI. mendeko gazteen joerekin eta bizimoduarekin; bereziki 18 eta 30 urte inguru dituztenekin. Izan ere, Interneteko foroak erabiltzen dira legez kanpoko droga berriak lortzeko. Halere, gure gizartean alkohola da gehien kontsumitzen den droga, alde handiarekin. Ilegalak direnen artean, kalamua gailentzen da.
Koldo Callado Hernando. Medikuntza eta Kirurgian doktorea
«Legez kanpoko drogen legezko alternatibak dira droga berriak»
Gehienbat, 20 eta 30 urte artekoek kontsumitzen dituzte droga berriak. Droga klasikoekin alderatuta, errazago lor daitezke, merkeagoak dira, eta zailagoak dira odolean detektatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu