Foru Hobekuntzaren 40. urteurrena baliaturik, atzo Nafarroako Parlamentuak eta NUPeko I-Communitas ikerketa taldeak jardunaldi berezia antolatu zuten. Adituek erreformarako proposamenak aztertu zituzten, goizez zein arratsaldez. Adibidez, legerian nafar «nazionalitatea» aipatu daitekeela azaldu zuten. Parlamentariek ekarpenak jasotzeko aukera izan zuten.
Goizeko saioan, ekarpenik interesgarrienetakoa Javier Eneriz NUPeko irakasle eta orain gutxira arte Nafarroako ararteko izandakoak egin zuen. Haren proposamenaren arabera, legearen testuan aipatzen diren kontzeptuak eguneratu daitezke, eta testua berritu, egungo estatus juridiko politikoaren aurka diren sektore abertzale, ezkertiar eta euskaltzaleak bere senti dezaten.
Adibidez, lehen artikulua. «Nafarroa foru erkidego bat da,banaezina, Espainiako nazioaren barnean sartua eta solidarioa haren herri guztiekin», dio egungo testuak. Bertan Nafarroa «objektu gisa» agertzen da, eta Enerizek proposatu du herritarrak agertzea «subjektu gisa». Halaber, haren esanetan, hasierako definizio horretan Espainia «nazio bakar gisa» ageri da, baina, «Espainia estatu plurinazionala bada, nafar nazionalitateari eta autogobernuari» ere egin diezaioke aipamen,baita Europako Batasunaren esparruari ere. Haren esanetan, beste hainbat erkidegotan aldaketa horiek sartuz joan dira, eta «erabat konstituzionalak dira».
Duela 40 urte, halaber, ikurrina onartua zen Nafarroan, baina azken bi hamarkadetan debekatuta eta jazarria izan da. Enerizek ez zion uko egin auzi horri, eta proposatu zuen ikurrina izatea Nafarroako «bigarren bandera ofiziala». Gogoratu zuen Konstituzioak erkidegoen eskuetan uzten duela sinboloen arautzea, eta jarrera horrek lagunduko lukeela gatazkak saihesten. Adibide gisa jarri du Europako Batasunaren bandera jartzea ez dagoela arautua, baina egiten dela. «Borondatean oinarritzen bada, proposatuko nuke askatasuna eta aniztasuna oinarri hartzea, eta ez hainbeste itxikeriaz jokatzea».
Euskarari dagokionez, Foru Hobekuntzak dio «hizkuntza ofizialaren izaera» duela «Nafarroaren euskarazko eremuetan». 1982ko lege artikulu horrek gaineratzen du foru lege batek arautuko duela euskararen erabilera ofiziala, aurrea harturik 1986an onartuko zen egungo Euskararen legeari. Enerizek proposatu zuen euskara hizkuntz ofizial izatea lurralde osoan, eta aitortzea ondare bat dela: «Gainera, hizkuntza ofiziala izateak ez du eraginik bere erregimen juridikoan, eta hori mailakatu daiteke errealitate soziolinguistikoaren arabera».
Legealdi arteko garaia
Silvia Domenech Nafarroako Parlamentuko legelari nagusiak legebiltzarrari dagozkion artikuluetan beste hainbat aldaketa proposatu zituen. Alde batetik, uste du arautu beharko liratekeela bozetara deitzen denetik hurrengo gobernua osatu arte egon ohi den aldi horretan hala parlamentuaren funtzionamenduaz arduratzen den batzorde iraunkorra nola jardunean den gobernuaren funtzioak. «Gero eta gehiago, ordezkaritza zatitua izateak eta jokaleku politiko ziurtasunik gabea izateak arazoak eragiten ditu inbestidurarako eta tarteko garai hori luzatzearen ondorioz, jarduneko gobernuaren funtzioak mugatu beharko lirateke, ez daitezen parlamentuaren kontrolpetik at geratu».
Bestetik, proposatu zuen parlamentuari partaidetza handiagoa ematea Foru Hobekuntza berritzeko prozeduran. Azkenik, parlamentarien zein gobernuko kontseilarien forudun izaera berezia kentzeko aukera aipatu zuen.
Legerian nafar «nazionalitatea» aipatu beharra aztertu dute
Javier Enerizek proposatu du testua berritzea, sektore abertzaleek bere senti dezaten, hala nola ikurrina eta euskara ofizial eginez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu