Simona Skrabec. PEN Internationaleko ordezkaria

«Legeekin bakarrik ez da aski: protokoloak harago egin nahi du»

Hizkuntza gutxituez aritzean gogoz kontra darabil 'ahul' hitza: «Gerra galtzeko lehen urratsa ahultasuna onartzea da». 2016an Donostian egingo den goi bileran du jarria gogoa: han egikaritzeko protokoloan.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
Donostia
2015eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Nekea ezin zuen ezkutatu atzo arratsaldean Simona Skrabec-ek (Ljubljana, 1968) Europako Hizkuntza Aniztasunaren goi bilera atontzen hasteko Miramar jauregian, Donostian, egun osoz egin zuten bileraren ostean. «Trinkoa izan da». Irribarre batekin mintzo zen, ordea. «Oso ondo joan da dena». Pen International erakundean itzulpengintzaren eta hizkuntz eskubideen batzordeko arduraduna da bera, eta erakunde horren izenean ari da goi bilera antolatzeko lanetan. Xedea ikuspegi aldaketa bat lortzea dela dio, aniztasuna bermatzeko, eta horretan giltzarri diren eragileak ahalduntzeko. «Izan ere, hizkuntza guztiak, oso txikiak ere,unibertso osoak dira», oroitarazi du. Eta hiztunen ardura gako garrantzitsutzat du: «Gure kultura da? Gure hizkuntza? Ba, gure erantzukizuna da horren alde egitea».

2016ko abenduan Donostian aurkeztuko den protokoloa «erreminta» bat izango dela esan duzue, hizkuntz eskubideen alorrean paradigma berri bat abiatzeko giltza. Zer zentzutan?

Gure abilidadearen araberakoa izango da emaitza, jakina. Baina bai, asmoa da erreminta bat, protokolo bat, ematea erakunde politikoei zein gizarte erakundeei esateko zein norabidetan egin behar den lan gauzak egiteko. Izan ere, hizkuntz eskubideak errespetatzea ez da erraza; norberak bereak errespetatzeko zer egin behar den esatea erraza da, baina bestearen tokian jartzea tokatzen denean, hor zailtasunak agertzen dira. Lege ugari badira horren inguru, baina legeekin bakarrik ez da aski, eta protokoloak harago egin nahi du: zehaztu nahi du zein urrats jarraitu behar diren. Beste ezaugarri bat izango da edozein herrialdetarako balioko duela; nolabait ere, ahul guztiak bandera berean biltzea da asmoa, ikusteko ez gaudela bakarrik; Euskal Herrian gertatzen dena, esaterako, Karintian (Austria), Eslovenian [bertakoa da sortzez] edo Baltikoko herrialdeetan ere gertatzen da, eta auziaren gaineko ikuspegi orokorra aldaraztea da asmoa; aniztasuna sustatzeak hobeak egiten gaituela erakusteko.

Lehendik badira hizkuntz eskubideen inguruko testu garrantzitsuak, nazioarte mailako oinarriak ipintzen dituztenak horietako zenbait; hor dago, esate baterako, Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala, 1996. urtean Bartzelonan onetsia.

Bai, baina haren eta honen artean bada ezberdintasun nabarmen bat: orduan aski zen hitz polit batzuk idaztearekin, eta orain konturatu gara hitzekin ez dela aski; nolabaiteko mekanismo batzuk jarri behar dira hitzez esandakoak betetzeko. Protokolo hitza ere horregatik hautatu dugu; ez goaz hizkuntz aniztasuna sustatzera, baizik eta neurri zehatz batzuk proposatzera hizkuntz aniztasuna izan dadin. Zentzu horretan, hizkuntzen erabiltzaileez mintzatuko gara; benetan zenbat pertsonak erabiltzen duten hizkuntza bakoitza, eta zertarako. Izan ere, hizkuntzek bizitza izatea nahi dugu, ez zifra hutsak izatea. Hizkuntzak gehiegi babestea oso arriskutsua da; hizkuntzek ez dute babesik behar, batez ere,hizkuntzek komunikatzeko gaitasuna izatea behar da: erabiltzea.Hizkuntza iraganarekin lotzen bada, museorako gaia bihurtzen da, eta hori arriskutsua da.

Zenbaterainoko eraginkortasuna izango du protokoloak?

Ezingo dugu ezinbestean bete beharrekoa izango den dokumentu bat egin, jakina, baina horrek ez du esan nahi ez denik eraginkorra izango. Nolabait ere, bidea erakutsi nahi dugu; eta, batez ere, erreminta hori egin nahi dugu aniztasunaren eta errespetuaren bidean aurrera egin nahi dutenentzat, horretarako tresna egoki bat izan dezaten. Izan ere, askotan ez da aski nahi izatearekin; jakin egin behar da nora jo, eta nola. Horixe da egin nahi duguna. Eta, bide batez, Europan zentzu horretan dauden esperientzia guztiak sare batean txertatu nahi ditugu; erakutsi nahi dugu esperientzia bat, esaterako, Euskal Herrian baliagarria izan bada egokia izan daitekeela Baltikoko herrialdeetan ere erabiltzeko. Esperientziak lagungarriak izan daitezke, baita ere,ikusteko gobernuen partetik-eta jarrera aurkakoak daudenean zer egin daitekeen horien aurrean.

Eta, orobat, protokoloa baliagarria izango da, hizkuntz aniztasunaren aurka ari diren horien jarrera salatzeko ere, ezta? Izan ere, zedarritutako bidetik aparte ari direla erakutsiko du...

Bai. Baina, betiere, konfrontazioaren ordez adostasuna bilatu behar da, adibide egokien bitartez besteak bairatzen saiatzea da asmoa. 'Honek funtzionatzen du', esan behar zaie. Horretarako protokoloan zehaztuko ditugu hezkuntzan, hedabideetan, kulturan eta beste hainbat alorretan zein neurri klase hartu behar diren. Eta baita ere zehaztuko dugu zer egin behar den hizkuntza gutxituek ingurumari egoki bat izan dezaten bizirik aurrera segitzeko.

Kontseilua eta Donostia 2016 fundazioa dira protokoloa egikaritzen lagunduko duen goi-bileraren sustatzaileak. Talde antolatzailean, halaber, den-denak zarete gizarte erakundeak. Era zuzenean instituziorik antolatzaileen artean ez egoteak sortu du kritikarik. Zerk bultzatu du antolaketa eredu hori?

Mundua aldatu nahi baduzu ezin duzu martxan dauden instituzio batzuetatik abiatu, horiek lehengoa defendatzen baitute; guk, ordea, ikuspegi berri bat bilatzen dugu. Baina argi izan behar dugu gaur aurkeztu duguna, nolabait ere, hezurdura bat dela; bide luzea dago oraindik egiteko. Eta, azkenean, instituzioak ere hizketakide oso garrantzitsuak izango dira: haien pentsatzeko eta jarduteko era aintzat hartu behar dugu. Baina kontuan izan behar da egun Europako gizarte erakundeek elkar ulertzeko eta elkarrekin harremanetan jartzeko duten gaitasuna; ez eskualde edo estatu batean bakarrik, Europa osoan baizik. Ez dute instituzio publiko edo politikoek —interes handiak daude horien atzean— duten mugarik. Gizarte erakundeen artean ez dago horrelakorik, eta, beraz, elkar ulertzea, modu transbertsal batean ere, errazagoa da.Hala ere, jakina, politika da hizkuntza bat sustatzearen aldeko urratsa egitea. Ezin da soilik kulturaz hitz egin; ezin da horren xaloa izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.