Marta Pastor. Euskalsidako presidentea

«Legeek ere GIBarekiko estigma sustatzen dute»

Iaz, 169 GIB kasu diagnostikatu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2017an baino %25 gehiago. Intzidentzia handitu zen, ez prebalentzia. Diskriminazioa saihesteko, hitzak egoki erabiltzeaz aritu da Pastor.

2019ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Hiesarekin lotutako elkarteen EAEko federazioa da Euskalsida. Marta Pastor da federazioko lehendakaria, eta, era berean, Hiesaren aurkako Bizkaiko Herri Batzordeko arduradun nagusia.GIBaz hitz egitean alarmismoa baztertzearen alde egin du: estigmari aurre egiteko biderik eraginkorrena dela uste du.

Zein dira GIBaren normalizaziorako eman beharreko pausoak?

GIBa eta sexu bidezko gainontzeko infekzioak gizartean daude: haiekin bizi gara nahitaez. Munduan haien presentzia handiagoa da. Ez da arreta handiagoa jarri behar datuen arabera, baizik eta naturaltasunez hitz egin; tabuak, beldurrak edo lotsak eta halakoek estigma eta diskriminazioa sortzeko besterik ez dute balio. Gainera, ez da eraginkorra infekzio berriak murrizteko; estigma harresi bat da diagnostikorako.

Infekzioa kontrolatzeko, ezinbestekoa da proba egitea, baina beldurra oztopo handi bat izaten da hor, ezta?

Inoiz ez dugu pentsatzen GIBa edo gonorrea izango dugunik; besteei gertatuko zaien zerbait izaten da. EAEn 169 pertsona diagnostikatu zituzten GIBaz 2018an, eta askok ez zuten espero. Diagnostikoen erdiak baino gehiago berandu heldu ziren, denbora asko igarota infekziorik atzeman gabe.

Diagnostiko azkarra ezinbestekoa da horrelako kasuetan.

Oinarrizkoa da. 2018an, testak egiten ditugun hiru elkarteon artean, 1.009 proba egin genituen; hogei positibo izan ziren. Onurak besterik ez dakar proba egiteak eta diagnostikatua izateak: tratamenduan dauden eta birus karga detektaezina duten guztiek sexu harreman seguruak izan ditzakete, birusa transmititzea ezinezkoa delako kasu horietan. Kondoirik erabili gabe ere. Detektaezina eta transmitiezina gauza bera dira. Hori dela eta, diagnostikatutako kasuen balantze ona egin dugu; atzeman izan ez bagenitu, ez zuten aukerarik izango tratamendua eskuratzeko.

Belaunaldi gazteetan kondoiaren erabilera murriztu egin da?

Kondoia erabiltzea ondo dago, baina sexukidea ongi ezagutzen ez duzunean, ez dakizunean infekziorik duen ala ez. Gonorrea edo sifilisa saihesteko erabiliko da, baina, GIBa duen norbait tratamenduan badago eta karga biral detektaezinik badu, seguruagoa litzateke harekin sexu harremanak izatea, proba egin ez duen norbaitekin baino. Esan bezala, betiere detektaezina bada, ezin duelako birusa transmititu.

Ba al dago beste prebentzio metodorik?

Bai, badaude prebentziorako beste erreminta batzuk: esposizio aurreko eta osteko profilaxia, lubrikatzaileak erabiltzea, substantziak kontsumitzean materiala esterilizatzea... Noizean behin GIBaren proba egitea ere bada prebentziorako bide bat, kondoirik gabeko erlazioak izan badituzu.

Aipatutako estigma horrek batik bat gizon homosexualei eragiten al die?

Iaz diagnostikatutakoen %56 gizonezkoekin sexu harremanak izan dituzten gizonak dira, baina gainontzeko %44k ezin dute pentsatu eurekin erlaziorik ez duela. Homofobia nabaria da zuzenean lotzen bada; gainontzekoak, %44, ez dira gutxi. Komunikabideek badute erantzukizuna, lengoaiak pentsamendua sortzen baitu. Esaterako, GIB gaitza edo gaixotasuna esatea ere okerra da; GIBa infekzioa da, eta hiesa, egoera klinikoa. Hiesa ezin da transmititu.

GIBarekiko estigma egiturazkoa dela diozu. Zergatik?

Legeek ere egoera hori sustatzen dutelako; egun, GIBa duen inork ezin du Ertzaintzan edo udaltzaingoan oposiziorik egin. GIBa izateagatik baztertzen dituzte. Munduan, 48 herrialdek murrizketak dituzte GIBdunentzat; hemeretzitan, debekatua dute sartzea. Sexualitatearekiko estigmarekin lotuta dago. Baina sexualitatea, era batean ala bestean, guztion bizitzaren parte da.

1980ko hamarkadako lengoaia erabiltzen da sarri, baina orduan ez bezala, egungo GIBdun batek bizitza arrunta egin dezake.

Egun infekzio kroniko bat da. Berdin biziko da, baina pilula bat hartu beharko du egunero. Diabetesa duenak ere bai, eta ez da horrenbesterako izaten. Ez da egoera samurra, baina bizi itxaropena bera da. GIBak duen desberdintasuna da estigma bat dagoela. Jendeak pentsatzen du transmititzen erraza dela, baina sexu harremanak izan behar dituzu, eta, gainera, tratamenduan egonez gero eta detektaezina bada, ezinezkoa da transmititzea. Autoestigmarekin zerikusi handia du horrek. Sistemikoa da egoera. Jende askok testa egin eta, negatibo eman arren, une latzak pasatu ditu emaitza jakin arte, eta beldur hori bakardadean pasatu du.

GIBdunen ia %20k ez dakite infekzioa dutenik. Erakundeek zer egin dezakete?

Duela urte batzuk NBEk 90-90-90 estrategia abiatu zuen: GIBa dutenen %90ek egoera serologikoa ezagutzea, %90 tratamenduan egotea, eta %90ek karga biral detektaezina izatea. Epidemia globala desagertuko litzateke hala, baina beste 90 bat ere kontuan izan behar genuke: seropositiboen bizi kalitate duina bermatzea. Nahitaezkoa da detekzio probak egitea, eta infekzioari lotutako lotsa desagertzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.