Prostituzioa. Amaia Lasheras. Arrats elkarteko kidea

«Legeek bihurtu dituzte prostitutak kaltebera»

Prostituzioan diharduten emakumeei eskubideak bermatzeko lan egin behar dela nabarmendu du. Ez dator bat abolizionistekin, andre horien bizkar gainean jartzen duelako «munduaren aldaketaren» zama.

BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
Brusela
2017ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Gipuzkoan prostitutekin lan egiten duen Arrats elkartean dihardu Amaia Lasherasek. EH Bilduk gonbidatuta, Europako Parlamentuan izan zen joan den astean, GUE-NGL koalizioak antolatutako foro feministan.

Parlamentuko eztabaida kontuan hartuta, badirudi abolizionismoa zabaltzen ari dela.

Egia da, azken urteetan indartu egin da abolizioaren aldeko jarrera. Penagarria da feminismoa hain zatituta egotea gai horren inguruan, ez lukeenean hala izan behar, gauza diferenteez ari baikara. Batetik, abolizionismoak prostituzioa desagertzea nahi du, baina epe luzera landu beharreko kontuak planteatzen ditu; eta, bestetik, hausnartu behar dugu zer egin orain eta hemen prostituzioan diharduten andreekin, haien eskubideekin. Hortik aparte, eztabaida dezakegu mundu ideal batean prostituzioa existituko litzatekeen, nolakoa izan behar lukeen, edo, orokorrago, nola antolatu beharko litzatekeen lana, edo kapitalismoak nolakoa izan beharko lukeen, existitu behar balitz... Baina ez genuke emakume prostituten bizkar gainean jarri behar munduaren aldaketa.

Zer esan nahi duzu horrekin?

Legegileek ez dutela kontuan hartzen abagune orokorra. Prostituta gehienak pobreak eta kanpotarrak badira, zergatik ez aldatu atzerritartasun legedia? Zergatik ez abolitu pobrezia? Prostituzioa jardun feminizatu bat bada, zergatik ez dute etxeko enpleguaz hitz egiten?

Azken urteetan abolizionista batzuek zertxobait leundu dute diskurtsoa; adibidez, prostituta guztiak ez dituzte biktimatzat hartzen. Aldiz, Bruselan garai bateko ideiak plazaratu dituzte.

Iruditzen zait Espainian eta Hego Euskal Herrian jarrerak hurbiltzeko pauso gehiago egin direla, abolizionisten eta erregulazionisten gatazka oso mingarria izan zelako. Azken batean, arautzearen aldekook prostitutentzako eskubideak baino ez ditugu aldarrikatzen. Lan eskubideak horren barruan daude, baina eskubide urraketak ez dira soilik lan arlokoak, baizik eta orokorrak: ez dute inolako eskubiderik; konturik ere ezin dute ireki bankuan, ezin dutelako demostratu nondik datorren euren dirua. Muturreko egoeran daude. Ez dira kaltebera prostitutak izateagatik: gure legeek bihurtu dituzte kaltebera. Hortaz, eskubideak hizpide izan ditugunez, abolizionistek argudio batzuk leundu dituzte, eta erdibideko jarrerak ere agertu dira, ohartu garelako gatazka hori ez datorkiola ondo kolektiboari.

Parlamentuan, ordea, ez duteia hitz egin prostituten eskubideen inguruan.

Ez, haien arabera, euren eskubide bakarra prostituziotik ateratzea delako. Baina diskurtsoak ez die balio, 400 euroko soldatak dauzkaten lanak eskaini eta onartzen ez dituztenean. Edozein lege ezarrita, araututa edo arautu gabe, prostitutek hor segituko dute, lanean. Erregulatuz gero ere, asko ez dira hor sartuko, estigmak bere horretan jarraituko duelako, eta beltzean jardun beharko dira. Beraz, aldarrikapena ezin da izan denak erregulatzea; atea ireki behar da, baina apurka, eta haiekin hitz eginda.

Zein kritika egiten diozu Suediako ereduari?

Prostituzioa ez da desagertu, eta zalantza daukat hainbeste gutxitu denik. Egia da behera egin duela kalean, baina susmoa dago —ikerketak oso partzialak baitira— horrek prostitutak mugiarazi baino ez dituela egin. Horrez gain, andreak kalteberagoak dira: orain, euren buruaz gain, bezeroak ere babestu behar dituzte; beraz, gehiago ezkutatzen dira, eta horrek arriskuan jartzen ditu. Salerosketari dagokionez, demostratu da kasu gutxiago atzematen direla bezeroen bidez: lehen, polizien informazio iturri nagusia ziren, baina kriminalizatuta egonda, ezin dira Poliziarengana joan, delitu bat inputatuko dietelako.

Nola ari dira funtzionatzen irteera programak?

Ez dira funtzionatzen ari, esan dudanagatik: emakume horietako gehienek lan prekarioak baino ezin dituzte lortu. Ez da hain zaila ulertzen: dirua nahi dute, beste lan batzuetan ematen zaiena baino gehiago. Mundu kapitalista honetan jendeak gero eta gehiago irabaztea sustatzen dugu, baina zilegi da emakumeek gero eta gutxiago irabaztea beste batzuek esaten diguten lanetan.

Frantzian iaz lege berria indarrean sartu zenean, polemikoa izan zen irteera programen auzia, baliabide nahikorik ez zutelako.

Uste dutelako haietako asko ez direla irtengo. Hortaz, badakite prostituzioa ez dela berehala desagertuko; epe luzera ari dira, baina bitartean zein prezio pagatuko dute prostitutek? Beti esaten dut: kontuz emakumeak soilik biktima gisa tratatzearekin, horrek hitzerako eskubidea kentzen dielako, babesaren izenean.

Zer gertatzen da halako ereduetan prostituzioan jarraitzen duten emakumeekin?

Prostituzioa uzteko presioa egiten diete, eta ea zein den gai polizia bati esateko hor jarraitu nahi duela. Beti izan da oso zaila prostitutek hitz egitea, baina uste dut herrialde abolizionistetan beldur handiagoa dutela egiaz pentsatzen dutena esateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.