Legebiltzarraren babesa jaso dute

Atutxa, Knorr eta Bilbaoren aldeko ekitaldia egin du legebiltzarrak. «Gaur ere denon etxea defendatuko nuke», azpimarratu du Atutxak

Bilbao, Knorr eta Atutxa, legebiltzarreko oroitarriak eskuetan. J.F.ONTANEDA / ARP.
edurne begiristain
Gasteiz
2017ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarraren «esker ona» jaso dute Juan Mari Atutxak, Gorka Knorrek eta Kontxi Bilbaok. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Atutxa auzian Madrilek defentsa eskubidea urratu zuela ebatzi ondotik, Eusko Legebiltzarreko kide izandakoei babesa eta berotasuna agertu die ganberak. PSEko eta PPko ordezkariek salbu, gainerako taldeetako legebiltzarkideek parte hartu dute Atutxari, Knorri eta Bilbaori eskerrak emateko ekitaldian. Hiru mahaikide ohiek hunkituta jaso dute legebiltzarraren elkartasuna, eta hirurek salatu dute legebiltzarraren «autonomia, burujabetza eta duintasuna» defendatzeagatik zigortu zituztela.

Estrasburgoko Auzitegiak epaia kaleratu zuenetik, aurreneko aldia izan da hiru legebiltzarkide ohiak komunikabideen aurrean elkarrekin agertu direla. Eusko Legebiltzarraren izenean, Bakartxo Tejeria presidenteak eskertu egin die bere garaian legebiltzarraren burujabetzaren alde egin zuten «defentsa irmoa». Haren ustez, Auzitegi Gorenaren epaiak «bultzada politikoa» izan zuen, eta, ondorioz, urte hauetan guztietan «politikaren judizializazioa» pairatu behar izan dute hiru mahaikide ohiek. Europako justiziak azkenean arrazoi eman dielako poza agertu du Tejeriak: «Epai honekin zuen duintasuna eta erakundearena berarena berreskuratzen dira, azkenean».

«Samina eta indefentsioa»

Legebiltzarreko oroitarri bana jaso ondotik, urte hauetan guztietan babesa eman dietenei eskerrak eman dizkiete Bilbaok, Knorrek eta Atutxak. Bereziki izan dituzte gogoan haien defentsan aritu ziren legebiltzarreko legelariak: Alberto Figueroa eta Eduardo Manzisidor. Bilbaok azpimarratu du legebiltzarra defendatzeagatik eta Gernikako Estatutua errespetatzeagatik zigortu zituztela. Salatu du «manipulatutako justizia baten ondorioak» pairatu zituztela eta «samina eta indefensioa» eragin zietela. Estrasburgoko epaiarekin pozik agertu da Bilbao, baina deitoratu du erabaki hura hartu zutenengan «ondorio politiko eta ekonomikorik» ez egotea.

Knorrek oso hunkituta hitz egin du, malkoei eutsi ezinik. Gogoan izan ditu euren alde lan egin zuten legelariek sufritutako «jazarpena», eta haiek ere ordaina jaso beharko luketela esan du.

Atutxak, berriz, irmo esan du gaur egun 2003an bezala jokatuko lukeela eta «denon etxea» defendatuko lukeela, atzera. «Gaur Eusko Legebiltzarra apur bat libreagoa da. Euskadi apur bat askeagoa da», erantsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.