Legebiltzarrak onartu du aurrekontuak aldatzea, itunpeko sareko irakasleen soldatak publikokoen parekoak izateko

Erabakiaren alde egin dute EAJk, PSE-EEk, PPk eta Voxek; EH Bilduk abstentziora jo du; eta ezezkoa eman du Sumarrek.

Haur batzuk, eskolan; atzean, Pedrosa. JON URBE / FOKU
Haur batzuk, eskolan; atzean, Pedrosa. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko azaroaren 21a
13:21
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak iragarria zuen bide bat abiatuko zuela itunpeko ikastetxeetako irakasleen soldatak eskola publikoetako irakasleen soldatekin parekatzeko. Horretarako, baina, Eusko Legebiltzarraren onespena behar zuen, ezinbestekoa baitzen 2024ko aurrekontu orokorrak onartzen dituen legea aldatzea. Gaur lortu dute baiezkoa: Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, aldaketaren alde bozkatu dute EAJk, PSE-EEk, PPk eta Voxek; EH Bilduk abstentziora jo du; eta ezezkoa eman du Sumarrek.

Gaurkoa pauso erabakigarria da parekatzetako; Hezkuntza Sailak esan izan du 2027rako nahi dutela hori lortzea. Atzerako eragina izango du 2023tik, eta 2023ko eta 2024ko soldatak parekatzeko, ia 67 milioi euro erabiliko dituzte; horietatik 50,1 milioi euro Kristau Eskolarako izango dira, eta 16,8 milioi, Ikastolen Elkarterako eta gainerako zentroentzako. Aurrerantzean, Ogasun eta Finantza Sailak bideratuko ditu funtsak, ordainketa horiei aurre egiteko.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak ez du azalpenik eman osoko bilkuran, ez du hitza hartu, baina aurrez zenbaitetan aritu izan da gaiaren inguruan. Esan izan du neurria «albiste ona» dela, eta, gainera, itunpeko ikastetxeen patronalen eta sindikatuen onespena duela. Ordea, komunikabide batzuetan argitaratutakoari aurre egin, eta argi utzi izan du itunpekoko oinarrizko soldatak ez direla publikokoak baino handiagoak izango: «Itunpeko sareko irakasleek ez dute jasoko sare publikoko maila bereko irakasleek baino oinarrizko ordainsari handiagorik».

Halaber, Pedrosak adierazi izan du «neurri erabakigarria» dela itunpeko ikastetxeek sare publikoko ikastetxeen «antzeko konpromisoak» har ditzaten «alor guztietan»: funtsean, inklusioan, prozesu guztien gardentasunean eta ikasle guztiak ekitate baldintzetan sartzeko bermean. Eta doakotasunari ere bidea zabaltzen dio: «Soldata parekatze horri esker, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa ematen duten ikastetxeetan irakaskuntzaren doakotasunerantz urratsak egiten jarrai daiteke, itunpeko ikastetxeek beren kuoten bidez soldata igoeren ondorioak islatu behar izatea saihestuko baitu».

Aho batez, ez

Neurriak babes handia izan badu ere, ez dute aho batez onartu. EH Bilduk abstentziora jo du. Ikoitz Arrese legebiltzarkideak azaldu ditu arrazoiak. Haren esanetan, erabaki egokia iruditzen zaio oro har, baina nabarmendu du ikastetxe guztiak ez direla berdinak eta ez dutela konpromiso bera euskalduntzearekin, gardentasunarekin, laikotasunarekin eta inklusioarekin.

Sumarrek, berriz, ezezkoa eman du. Jon Hernandez eledunaren irudiko, neurriak ahalbidetuko du itunpeko sareko soldatak publikokoak baino handiagoak izatea. Hernandezek uste du beren-beregi sare publikoaren alde egin behar dela, eta mespretxatu egin du Eusko Jaurlaritzak «sare pribatua» diru publikoarekin mantentzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.