Legebiltzarrak irailaren 3an egingo du lehendakaria izendatzeko saioa

EAJk espero du PSE-EErekin akordioa lotua izatea abuztuaren 28rako. Urkullu hirugarrenez izendatuko dute Eusko Jaurlaritzako lehendakari

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura, atzo. BERRIA.
2020ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Datozen asteetan ezustekorik ez bada, Iñigo Urkulluk hirugarren legegintzaldia abiatuko du irail hasieran. Irailaren 3an egingo du Eusko Legebiltzarrak inbestidura saioa, eta EAJren hautagaia izendatuko dute lehendakari; lehen aldiz, ez lukete bigarren itzulian bozketarik egin beharko, EAJk gehiengo osoa izango baitu, jeltzaleen 31 botoei PSE-EEren hamarrak batuta. Duela lau urte baino babes handiagoa izango du Urkulluk aurten, 75 eserlekuetatik 41 alde izango baititu —aurreko legegintzaldian 37 eserlekuren babesa izan zuen—.

EAJk eta PSE-EEk ez dute akordioaren berri eman oraindik, baina «lanean» jarraitzen dutela aurreratu zuen atzo Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak, hautagaiak aurkezteko epea hilaren 28an amaitzen dela, eta ordurako bi alderdiek akordioa lotuta edukitzea espero dutela: «Horretarako ari gara lanean; horretan gaude tematuta». Gauzak hala, Urkulluk irailaren 5ean egingo luke karguaren zina Gernikako arbolaren aurrean, eta, aurreikusitakoaren arabera, Eusko Jaurlaritza berriak irailaren 7an hartuko luke XII. legegintzaldiaren kargua, Ajuriaenean.

Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriak eman zuen atzoko bilkuran inbestidura saioaren egunaren berri. Oraingoz, baieztatuta dagoen hautagai bakarra Urkullu bera da, baina EH Bilduko bozeramaile Maddalen Iriartek azaldu du koalizio subiranista aztertzen ari dela Iriarte bera hautagai gisa aurkeztea. Duela lau urte hala egin zuten, inbestidura eztabaidan «ahots propioa» izateko asmoz. Halere, ez dute gehiengoa lortzeko aukerarik, 21 eserleku baitituzte. Ezkerreko alderdien akordio posible batek ere ez luke gehiengo osorik emango: EH Bilduren, PSEren eta Elkarrekin Podemosen artean 37 eserleku dituzte.

Atzoko osoko bilkuran, bestalde, onartu zuten 75 parlamentarien ondasun eta jarduerak bateragarriak direla, bozketarik gabe.

Vox geratzeko neurriak

Inbestiduraren gainean aritzeaz gain, talde mistoaren presentzia murriztea adostu zuten atzo Legebiltzarreko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak. EAJk, EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek aurkeztutako proposamena onartuta erabaki zuten, horrenbestez. Eusko Legebiltzarreko talde mistoko kide bakarra Vox alderdiko Amaia Martinez legebiltzarkidea da.

Beste hainbat neurriren artean, talde guztiek, mistoak izan ezik, gehienez bi ekinbide aurkeztu ahal izango dituzte bilkura bakoitzeko. Voxek, ordea, hiru bilkuratik behin izango du ekinbide bat aurkezteko aukera. Eztabaidetan ere, gainerako taldeek duten denboraren herena izango du hitz egiteko. Horren aurka azaldu zen atzo Martinez, eta salatu zuen Eusko Legebiltzarrean «alderdi tradizionalen jauntxokeria» izan zela. Voxi «alderdi guztiek dituzten eskubide politikoak murriztu» zaizkiola azaldu zuen, eta gaia agian auzitegien esku jarriko zutela ere aipatu zuen. «Behar den lekuraino iritsiko gara», adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.