Eusko Legebiltzarrak ez du onartu Jaurlaritzak Sorzabal juridikoki babesteko proposamena

EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du, baina kontra bozkatu dute Sumarrek ez beste talde guztiek. EAJk eta PSE-EEk adostutako zuzenketa onartu dute, zeinak Jaurlaritzari eskatzen baitio segi dezala giza eskubideen urraketak ezagutarazten.

Eraitz Saez de Egilaz EH Bilduko legebiltzarkidea, gaurko osoko bilkuran. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Eraitz Saez de Egilaz EH Bilduko legebiltzarkidea, gaurko osoko bilkuran. ENDIKA PORTILLO / FOKU
aitor biain
2025eko ekainaren 26a
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

EH Bilduren arabera, «mugarri bat» da Espainiako Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabal absolbitzeko emandako epaia; besteak beste, «inflexio puntu bat» ezarri duelako torturaren inguruko kontakizunean. Izan ere, lehen aldia da auzitegi horrek torturak frogatutzat eman eta gaitzetsi dituena. «Kasu jakin baten inguruko epaia izanagatik ere, argi geratu da [Espainiako] estatuko agente eta indar polizialek tortura erabili dutela modu sistematikoan, eta tortura horien pean egindako deklarazioak ezinbesteko froga izan direla zigorrak ezartzeko», adierazi du Eraitz Saez de Egilaz koalizio subiranistako legebiltzarkideak, Eusko Legebiltzarreko gaurko osoko bilkuran. Bada, epai horren inguruan «ezer gertatu izan ez balitz bezala» jokatzea egotzi die Saez de Egilazek gainerako alderdiei eta erakundeei. «Guretzat eskandalu bat da Auzitegi Nazionalak tortura aitortu eta horrek eskandalurik ez sortzea gure erakundeen artean». Izan ere, gogorarazi du torturatuak dauden bezalaxe torturatzaileak ere badaudela, baina azpimarratu du bide horretan ez dela «tamaina bereko aurrerapausorik eman» torturak nork, zergatik eta noren aginduz egin ziren ikertzeko.

Sorzabalen kasuaren harira, EH Bilduk uste du ezinbestekoa dela hari babesa adieraztea, eta legez besteko proposamen bat aurkeztu du legebiltzarrean horretarako. Zehazki, proposatu du Eusko Jaurlaritzak Sorzabal babestea auzitegietan, Gogora-ren baliabide juridiko guztiak haren esku jarrita, «tortura horien egile izan ziren estatu agenteen ardura penalak ikertu eta argitu daitezen». Halaber, Eusko Legebiltzarrari eskatu dio susta ditzala behar diren mekanismo juridiko eta lege aldaketa guztiak torturatu guztien aitortzarako. Legebiltzarrak, ordea, ez du babestu proposamena, kontrako botoa eman baitute Sumarrek ez beste talde guztiek.

Jarrera etikoa

Haren ordez, EAJk eta PSE-EEk elkarrekin aurkeztutako osoko zuzenketa onartu dute, Sumarren babesarekin. Hiru puntuko idazki batean, bi alderdiek zera eskatu diote Eusko Jaurlaritzari: «Jarrai dezala lanean giza eskubideen urraketa guztiak ezagutarazteko, eta, horrela, biktima orok egia, justizia eta erreparaziorako duen eskubidea bermatzeko eta berriro ez gertatzeko». Proposamenak Sumarren babesa izan du soilik, bi alderdienaz gain; abstenitu egin dira gainerakoak. EH Bilduren ustez, «motz» geratzen da testua.

EAJren izenean, Xabier Barandiaranek adierazi du prozesuetan laguntza ematea ez dela Gogora-ren eginkizuna, haren helburua erreparazioan eta memorian jardutea delako. Hala ere, nabarmendu du Euskal Herrian bidegabeko indarkeria asko egon dela, eta kasu guztietan aurkako irmotasun bera eskatu dio EH Bilduri. «Eta ez dut hau esaten torturarena konpentsatzeko», esan du. «Gure herrian biolentzia ilegitimo handia egon da, torturak egon dira, baina baita ere egon da herri honen kontrako biolentzia ilegitimo bat, hil egin duena, torturatu egin duena eta horiekiko posizio irmoa edukitzeak politikoki eta etikoki indarra emango liguke denok batera herri honetan gauza guzti horiei aurre egin ahal izateko».

Ildo beretik, PSE-EEko Miren Gallastegik esan du gaur egun indarrean den legediak biktima guztiak aitortzen dituela, torturaren biktimak barne. Baina zehaztu du biktima izateak ez duela biktimario izatetik salbuesten. Horregatik, uste du ezinbestekoa dela oinarrizkotik abiatu eta giza eskubideen urraketen biktima guztiak aitortzea, «hala orain, nola iraganean». «Hori da etorkizunean indarkeriarik ez izateko txertorik onena», azpimarratu du.

Sumar, elkargune bila

Sumar taldeko Jon Hernandezek dei egin die gainerako taldeei lubakiak utzi eta elkarguneak bilatzeko. Asmo horrekin aurkeztu du bere osoko zuzenketa; hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio jar ditzala bitarteko guztiak torturak jaso dituzten guztien eskura, eta iker ditzala kasu guztiak. Hernandezek zehaztu du beharrezkoa dela proposamen zehatzei erantzun zehatzak ematea, iraganeko jarrerak gainditu nahi badira. Eta nabarmendu du Sorzabalen kasuan ezin dela albo batera begiratu, epaia bera «esangura handikoa» delako. «Erakundeen aldetik, eta, bereziki gaur, legebiltzar honetan, erantzun irmoa behar duela uste dugu, begirada luzekoa, eta giza eskubideak eztabaida alderdikoi bilakatu gabe».  Jeltzaleek eta sozialistek proposamenaren aurka bozkatu dute; EH Bilduk, alde; eta PP abstenitu egin da.

Alderdi Popularraren izenean, Santiago Lopezek gogor jo du Sorzabalen eta EH Bilduren aurka, eta adierazi du Auzitegi Nazionaleko zigor salak emandako epaiak ez duela ezabatuko haren iragana, ETAko kide izateagatik zigortu zutelako. EH Bilduri egotzi dio legez besteko proposamena erabili nahi izatea haren irudia «zuritzeko». Hala ere, nabarmendu du tortura giza eskubideen urraketa argia dela, eta, beraz, torturatuek ere erreparazioa merezi dutela, estatuaren indarkeriaren biktima orok bezala. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.