Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola jangelen kudeaketa ereduan «aldaketak eta hobekuntzak» egiteko beharra babestu zuten atzo Eusko Legebiltzarreko talde politiko guztiek, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari galdegin zioten araudi berri bat proposa dezan 2020-2021eko ikasturteari begira. Elkarrekin Podemosek aurkeztutako mozio baten harira eztabaidatu zuten auzia osoko bilkuran. Alderdiek beste testu bat adostu zuten, eta Jose Ramon Becerra Elkarrekin Podemoseko ordezkaria pozik agertu zen akordioarekin: «Ez dakigu nolakoa izango den sistema berria, baina badakigu zer ez dugun nahi: sistema ilun bat, prekarizazioa ekarriko duena».
Azken hamarkadetan, Jaurlaritzak lehiaketa publiko bidez kudeatu ditu ikastetxe publikoetako jantokiak: catering enpresei eman die zerbitzua. Eredu horrek zalantza eta kexa ugari eragin ditu hezkuntza eragileen artean; batetik, janariaren kalitatearekin eta jantokien funtzio hezigarriarekin lotuta, eta, bestetik, iruzur iturri izan delako, 2016an Lehiaren Euskal Agintaritzak azaleratu zuenez: isuna ezarri zien zortzi catering enpresari, merkatua banatzeagatik. Legebiltzarrean bertan duela bi aste itxi dute auzi horri buruzko ikerketa batzordea: ebazpenak ardura politikoa leporatu die azken Hezkuntza sailburuei, EH Bilduren, Elkarrekin Podemosen eta PPren botoekin.
Akordioan, legebiltzarreko alderdi guztiek nabarmendu dute eredu horrek ez duela balio: «Aldaketak eta hobekuntzak behar ditu esleipen, gardentasun eta kontrol prozeduretan». Hala, Hezkuntza Sailari eskatu diote lau hilabeteko epean eredu berri bat diseina dezan: kudeaketa eredu desberdinak aztertu, «kudeaketa berritzaile eta deszentralizatua» hautatzen duten zentroei «aukera bideragarriak» eskaini, kontratazio baldintzen oinarriak berritzeko prozesu bat martxan jarri hezkuntza komunitatearekin, eta, horren guztiaren ondoren, arau berri bat proposatu.
Sukaldeak ere aipatu dituzte akordioan: egungo ereduari kritikatu izan zaio sukaldeak eskoletatik ia desagerrarazi izana; bada, hala eskatzen duten ikastetxeetan sukaldeak egitea bermatzeko eskatu dio Jaurlaritzari. Antzeko proposamen bat onartu zuen legebiltzarrak 2017ko ekainean, EH Bilduk sustatuta.
Legebiltzarrak eskola jangelei buruzko arau berri bat eskatu dio Jaurlaritzari
Alderdi guztiek akordioa egin dute, eta egungo eredua agortutzat jo. Hala eskatzen duten ikastetxeetan sukaldeak jartzea ere babestu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu