2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, Aukerak izeneko Gizarteratzearen Euskal Elkargoa izango da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetako presoen gizarteratzea eta laneratzea kudeatzeaz arduratuko den erakundea. Eusko Legebiltzarrak goizeko osoko bilkuran eman dio onespena elkargoaren sorrerari bide emago dion legeari, espetxeen eskumenaren transferentziaren bezperan, irakurraldi bakarreko prozedura bitartez eta Jaurlaritza osatzen duten alderdien, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen bozekin. PP+Cs-ek eta Voxek, berriz, aurka bozkatu dute.
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak bere agerraldian azaldu duenez, agentzia publikoaren helburua izango da presoak «lan munduarekin zerikusia duten alderdi guztiak landuz» gizarteratzea, «prestakuntzatik hasita lan munduan eta gizartean txertatu arte». Hala, zehaztu du Aukerak-en programa ez dela zigorra betetzen den bitartean «okupazio hutsean» oinarrituko: «Gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideak ere definituko ditu, trebetasunak edo inklusioa kontuan hartuta».
Horiek horrela, Espainiako Espetxe Lana eta Enplegurako Prestakuntza erakundeak orain arte betetako funtzioa bere gain hartuko du Aukerak-ek, baina entitate batetik besterako trantsizioa ez da berehala gertatuko. Izan ere, Espainiako erakundeak urte amaierara arte jarraituko du Basauriko, Martuteneko eta Zaballako espetxeetan duen jardunarekin, euskal elkargoaren sorrera osatu bitarte kartzeletako ekoizpen lantegiei jarraipena eman ahal izateko. Halaber, hango langileek postu beretan jarraituko dute urtarrilaren 1etik aurrera, Aukerak-en lantaldean inskribatuta.
«Bigarren aukerak erraztuko ditu»
Sailburuak emandako datuen arabera, egun 350 bat preso langile daude erregistratuta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeetan. Horietatik, 240 preso kartzeletako ekoizpen lantegietako langileak dira, eta beste 114k kanpoko enpresekin elkarlanean kudeatutako lantegietan dihardute.
«Presoei beren gaitasun profesionalak, prestakuntza eta lan esperientzia garatzeko aukera emateak gizarteratze prozesuak errazten ditu, autoestimua hobetzen du, eta, behin aske daudela, lan ordaindua aurkitzeko aukerak areagotzen ditu; eta egiaztatuta dago aukera horiek gutxitu egiten dutela delituetan berrerortzea», adierazi du Artolazabalek, Aukerak-ek espetxeetan dauden pertsonentzako «bigarren aukerak» erraztuko dituela azpimarratuz.
Hala, helburu horren lorpenerako, euskal elkargoak kartzelako lan produktiboa eta haren ordainsaria kudeatuko ditu, lantegiak, nekazaritzako ustiategiak eta bestelako zerbitzuak kudeatuz, eta zigorraren azken fasean edo erdiaskatasuneko erregimenean dauden presoen artean lanbide heziketa eta enplegurako orientazioak sustatuko ditu.
Ezohiko prozedura
Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak abuztuan onartu zuen Aukerak sortzeko Gizarteratzeko Euskal Agentziaren lege proiektua, eta, gaur, legebiltzarrak irakurketa bakarreko prozeduraren bidez onartu du. Lege tresna horrek eragotzi egiten du, ordea, legebiltzar taldeek zuzenketen bidez euren ekarpenak egitea, baina Jaurlaritza osatzen duten alderdiek haren beharra azpimarratu dute, espetxeen transferentziaren atarian izanik elkargoaren presazko sorrera ezinbestekoa dela argudiatuta.
Azalpen hori onartu gabe, PP+Cs taldearen sei legebiltzarkideek lege proiektuaren aurka bozkatu dute, Luis Gordillo bozeramailearen arabera «gehiegizko presaz» garaturiko prozedura horrek ganberari eztabaidarako aukera eta informazioa «lapurtu» dizkiolako.