Legebiltzarrak atzera bota ditu aurrekontuei jarritako osoko zuzenketak

EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk bozkatu dute hiru zuzenketen aurka. Azpiazuk eta Iriartek bi aldeen arteko akordioa goraipatu dute

Pedro Azpiazu sailburua, atzo, Eusko Legebiltzarrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Iosu Alberdi.
2021eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburu Pedro Azpiazuk 2022rako aurrekontuak «errealistak eta egingarriak» direla esan du Eusko Legebiltzarrean, eta haren proiektuak beste urrats bat egin du onartua izateko. Legebiltzarkideek atzera bota dituzte Elkarrekin Podemos-IUk, PP+Ciudadanosek eta Voxek aurkeztutako osoko zuzenketak, EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren ezezko botoekin.

Azpiazuren hitzetan, egungo erronkei erantzuteko aurrekontuak dira Eusko Jaurlaritzak prestatutakoak, eta nabarmendu du hamar eurotik zortzi gizarte politiketara bideratuko dituztela, eta 1.605 milioi inbertsioetara, Europatik irits daitezkeen laguntzen esperoan. Sailburuak, baina, zenbakietatik harago, EH Bildurekin lortutako akordioa goraipatu du, eta koalizio subiranistaren «bide aldaketa» eskertu: «Akordio garrantzitsu bat dela uste dut, politika erabilgarriaren aldeko apustu bat». Haren esanetan, gainera, «beste akordio batzuk» iristeko bidea izan daiteke.

EH Bilduko eledun Maddalen Iriartek ere akordioari esker lortutako «hobekuntza adierazgarriak» azpimarratu ditu —253 milioi euroren hainbat zuzenketa—, osoko zuzenketen aurkako botoa argudiatzeko. Gogoratu du aurrekontuak «hasiera-hasieratik» daudela onartuak EAJren eta PSEren gehiengo osoa dela medio, baina koalizioak lan egin duela horiek hobetzeko. Iriarteren aburuz, 2022rako onartuko diren kontuak ez dira «herri gisa aurre egin beharreko erronkei» erantzuteko modukoak, baina bai gobernuak «bide egokia» topatu izanaren adierazgarri: «Borondatea badago, akordioak lortzen dira».

Elkarrekin Podemos-IUko eledun Miren Gorrotxategi gogorrago mintzatu da. Haren esanetan, egoerak «sakoneko esku hartze bat» eskatzen du, eta kontuek ez dute modurik emango behar bezala erantzuteko. Era berean, Azpiazuren lantaldeak Elkarrekin Podemos-IUrekin izaniko jarrera kritikatu du, koalizioaren proposamenak atzera botatzeagatik.

EAJko eta PSE-EEko parlamentariek bestelako iritzia plazaratu dute negoziazio horretaz. Itxaso Berrojalbiz jeltzaleak «ausardia falta» leporatu dio Gorrotxategiri, eta Jaurlaritzak aurkeztutako proposamen orori «ezetza eman» izana gaitzetsi du; besteak beste, gogora ekarri du politika sozialetan 72 milioi euro gehiago jartzea proposatu zietela. PSEko Susana Corcuerak, berriz, «jeloskor» egotea egotzi dio, akordioa EH Bildurekin egin delako.

«Ezinezkoa»

PP+Cs-eko bozeramaile Carlos Iturgaizek hizpide izan du Elkarrekin Podemos-IUk negoziazio mahaitik kanpo utzitako afera bat: «premiazko» erreforma fiskal bat. Haren hitzetan, gaiaren inguruko akordio bat erdiestea «ezinezkoa» izateak eta aurrekontuak «irrealak eta zaharkituak» egoteak bultzatu du koalizioa osoko zuzenketa aurkeztera. Voxeko Amaia Martinezek, berriz,argudiatu du kontuek «gizonen aurkako diskriminazioan sakontzeko» eta «espainiarrak bereizteko» balio dutela.

PP+Cs-en jarrerari dagokionez, Azpiazuk azaldu du hasieratik «ezinezkoa» izan zela akordioa. Izan ere,Berrijalbizen hitzetan, koalizio hark «oposizio frontista baten» alde egin du. Voxen zuzenketa, berriz, zuzenean «konstituzioaren aurkakotzat» jo du Corcuerak.

Aurrekontuak hilaren 23an onartuko ditu Eusko Legebiltzarrak, EAJren eta PSEren baiezko botoekin, eta EH Bilduren abstentzioarekin. Denera, 13.107,8 milioi euro jarriko dira aurrekontuetarako, aurten baino %5,3 gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.