POLITIKA

Legebiltzarra utziko dute Ezenarro, Basabe eta Erostarbek, ekainaren bukaeran

"Bagoaz, guztien arteko elkarrizketa defendatzeagatik bota gaituztelako", esan du Ezenarrok. Erabaki "koherentea" dela ulertzen dute, orain bitartean hartu dituzten erabakia guztiak bezala. Berretsi dute parlamentuan onartutako ponentzia ez dela "baztertzailea". Astelehenean Aralarrek alderditik egotzi zituen hiru legebiltzarkideak; martxoan, zuzendaritzaren iritziaren kontra, Legebiltzarreko lantaldea osatzearen aldeko boza eman zutelako. 

2012ko maiatzaren 9a
20:08
Entzun

Aintzane Ezenarrok, Mikel Basabek eta Oxel Erostarbek jakinarazi dute Eusko Legebiltzarra utziko dutela ekainaren 30ean, udarako oporren aurreko azken osoko bilkura amaitu ostean. Prentsaurrekoa eman dute gaur legebiltzarrean eta Basabek eman du erabakiaren berri. Geratzen diren asteetan berdin funtzionatuko omen dute. Erostarbek adierazi du Elgetako (Gipuzkoa) alkatetza alderdiaren zerrendan aurkeztu zirenen eskuetan utzi duela. 

"Bagoaz, guztien arteko elkarrizketa defendatzeagatik bota gaituztelako", esan du Ezenarrok. Hartutako erabakia "koherentea" dela ulertzen dute hiru legebiltzarkideek, orain bitartean hartu dituzten erabakia guztiak bezala. Ezenarrok berretsi du parlamentuan onartutako ponentzia ez dela "baztertzailea". Zuzendaritzaren agindua, Elkarbizitzarako lantaldeak guztien partehartzea ahalbidetzea omen zen, eta hori bermatuta dagoela nabarmendu du. Hala alderditik kanporatzeko erabilitako arrazoiak eta lantaldearen inguruan esandakoak "gezurrak" direla esan du. 

"Aralarretik goaz, Aralarrera sartu ginen modu berean, arazoak konpontzeko guztien arteko elkarrizketa aldarrikatu eta praktikatuz", azpimarratu du bozeramaileak. Aralarren egindako ibilbidea "trinkoa eta intentsoa" izan dela adierazi du Ezenarrok eta amaierarekin baino ibilbideak emandako "gauza onenekin" gelditu nahi dutela; "Aralarrek herri honi gauza on asko eman dizkiolako". Elkarrizketaren alde lanean jarraituko dutela esan dute legebiltzarkideek. 

Eskerrak eman dizkiete lankide guztiei, "gure jarreraren alde zein aurka agertu direnei", eta bereziki Dani Maeztu eusko legebiltzarkideari, egundaino egindako lanagatik. Bukatzeko gehitu dute Euskal Herrian egiteke dagoen iraultzarik garrantzitsuena giza eskubideen bermatzea eta lurzoru demokratiko bat landu beharko dela bakea eta elkarbizita zihurtatzeko. 

Astelehenean Aralarrek alderditik egotzi zituen Ezenarro, Basabe eta Erostarbe legebiltzarkideak. "Aintzane Ezenarrok, Mikel Basabek eta Oxel Erostarbek alderdiaren kanpo utzi dute beren burua berariaz eta autoesklusioz, eta beren burua alderdiaren disziplinatik kanpo uzteaz gainera, alderdiaren printzipioen kontra ere egin dute", adierazi zuen Aralarreko Zuzendaritzak prentsa ohar bidez. Legebiltzarkideen jarrera "oso larriatzat" jo dute, Aralarreko Zuzendaritzak, "asanbladetan hartutako erabakiak betez", emandako aginduei  "men ez egiteagatik".

Iragan azaroaren 20ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara Aralarrek Amaiur koalilzioan joatea erabaki ondotik piztu zen Zuzendaritzaren eta orain alderditik egotzi dituzten hiru legebiltzarkideen arteko desadostasun sakona. Desadostasun hori, dena den, itzulerarik gabeko haustura bilakatu zen martxoan, Ezenarrok, Basabek eta Erostarbek, Zuzendaritzaren iritziaren kontra, Eusko Legebiltzarreko Elkarbizitzarako lantaldea osatzearen aldeko boza eman zutenean. Ordutik Aralarrek esan zuen hiru legebiltzarkideak alderditik  kanpo jarri zutela euren burua eta Berme Batzordearen esku jarri zuen Ezenarro, Basabe eta Erostarberen jokabidea epaitzea. Berme Batzordeak atzo igorri zion Zuzendaritzari ebazpena, eta horren arabera hartu du erabakia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.