Eutanasia eskatu eta gauzatu arteko prozesuak 32-40 egun artean iraun dezake. Sendabiderik ez duten eritasun larriak edo mendekotasun kroniko larriak dituztenek izango dute eskabidea egiteko aukera.
Eskaeraren prozesua
Eskaria. Pazienteak eskaera boluntario bat egin beharko du era formalean, mediku baten aurrean. Gehienez, bi eguneko epea izango du mediku horrek pazienteari argi adierazteko zein diren bere pairamena arintzen lagun dezaketen zaintza aringarriak.
Berrestea. Gutxienez hamabost egunen bueltan pazienteak eskaera berretsi beharko du. Medikuak kasua berriro aztertuko du, eta eskaria atzera botatzea ere gerta daiteke. Hala balitz, pazienteak bost egun ditu erreklamazio bat ipintzeko.
Beste mediku bat. Pazienteak eskaera berretsi ostean, lehen medikuak bigarren mediku aholkulari batengana jo beharko du, baldintzak betetzen direla ikusteko. Mediku honek pazienteak duen patologian aditua izan beharko du.
Txosten bat. Bigarren medikuak, hamar egunen buruan, txosten bat aurkeztu behar du eskaria egin duen pazienteari buruz; baldintzak betetzen direla berretsi beharko du. Mediku honek ateratako ondorioak, gainera, pazienteari jakinarazi behar zaizkio.
Batzordea. Eutanasia egin aurretik, mediku arduradunak hiru egun ditu bere autonomia erkidegoko Berme eta Ebaluazio Batzordeko presidenteari kasuaren berri emateko.
Kasuaren azterketa. Batzordeko presidenteak, gehienez bi egunen buruan, batzordeko mediku eta legelari bat izendatuko ditu, legean aurreikusten diren baldintzak betetzen diren baloratzeko. Gainera, aukera izango dute mediku arduradunarekin eta eskaera egin duenarekin hitz egiteko.
Ebazpena. Zazpi egunen buruan, medikuak eta legelariak txosten bat egin beharko dute. Bi egunera, batzordeari ebazpena eman beharko diote, eta presidenteak mediku arduradunari jakinarazi behar dio. Erabakia ezezkoa bada, errekurtsoa jartzeko aukera egongo da administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.
Eutanasia. Pazienteak medikuari adierazi beharko dio nola jaso nahi duen. Hala nahi badu, eskaria atzeratzeko aukera ere badu.
LEGEAREN GAKOAK
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu