Aurrekontuen inguruko negoziazioak porrot egitea legealdi osoa baldintzatzeko moduko aldagaia da. Eusko Legebiltzarrean beste aro bat hasi zen bozen ondotik, tartean zirela aurpegi berriak eta gizarteari helarazi nahi zaion politika molde berria, baina Imanol Pradalesen lehen aurrekontuak EAJren eta PSEren gehiengoaren alperrak aterako ditu aurrera, oposizioko taldeen babesik gabe. Hor jar dezake EH Bilduk eztabaida politikoaren jomuga aurrerantzean, gobernu berrian politika zaharra egiten delako mezua helarazita.
Batera edo bestera, EAJ eta EH Bildu jada hasiak dira negoziazioak antzuak izatearen erantzukizuna bestearen bizkar uzten. Legebiltzarreko aro berriko eztei bidaia bukatu da, inoiz izan bazen halakorik, nagusitasun politikoa helburu duten bi alderdi abertzaleen artean. Negoziazioek porrot egiteak eta hori iragartzeko moduak pitzadura handia eragin dio konfiantzaren zubi ahulari, eta baliteke horrek ondorioak ekartzea beste arlo batzuetan: esaterako, osasunaren mahaian. Aurrekontuak negoziatzeko orduan, EH Bilduk ez du aldaketarik eskatu alor horretan, proposamenak mahairako utzi baititu, gobernuari arnasa emanda. Bada, ordea, legealdi honetan hegemonia politikoa eskuratzeko lehiatik at blindatua ematen duen eduki bat: estatus berria. Burujabetzaren inguruko prozesua beste bide batetik doa.