Legealdi honetan onartu nahi dute Oroimenaren Instituturako legea

EAJk, PSEk, Ezker Anitzak eta Aralarretik egotzitako hiru legebiltzarkideek aurkeztu dute proiektua, Eusko LegebiltzarreanEAk eta Aralarrek salatu dute sustatzaileek negoziazioetatik kanpo utzi dituztela

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
EAJk, PSE-EEk, Ezker Anitzak eta Aralarretik egotzitako hiru legebiltzarkideek Oroimenaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzeko lege proiektua adostu dute. Atzo aurkeztu eta erroldatu zuten, Eusko Legebiltzarrean, eta legealdi hauamaitu aurretik onartu nahi dutela adierazi zuten. Alderdi eta legebiltzarkide horien babesarekin soilik aurrera egin dezake egitasmoak, baina, bultzatzaileek nabarmendu dutenez, proiektura erakarri nahi dituzte kanpoan geratu diren alderdiak.

Zail izango dute, baina, zehaztutako epeetan akordio bat lortzea. EAk eta Aralarrek salatu dutenez, proiektuaren sustatzaileek nahita utzi dituzte negoziazioetatik kanpo. Azaldu dute akordioa presaz egin dutela eta landutako edukiak ez dituztela gainontzeko alderdiekin partekatu. PPk eta UPDk ere kritikatu egin dute lege proiektua. Haien iritzian, ETAren indarkeriaren biktimak eta Poliziarenak parekatzen dira, eta salatu dute horrek indartu egiten duela «bi aldeen arteko gatazkaren teoria».

Aralar mintzatu da gogorren. «Alderdikeriaz» eta «pertsonalismoz» jokatzea leporatu die sustatzaileei. Alderdi horrek uste du gisa horretako proiektu batek «adostasun zabalak» exijitzen dituela eta gaur egun ez dagoela horretarako aukerarik. «Alderdien arteko harremanak oraindik ere normalizatu gabe daudelako eta, ondorioz, bazterketarik gabeko elkarrizketa oraindik orain bideratzeko ezintasunak eta oztopoak daudelako eta biktima guztien errekonozimenduaren ibilbide instituzionala bukatu gabe dagoelako, presazkoa iruditzen zaigu lege proposamena», adierazi du Aralarrek, komunikabideetara igorritako ohar batean.

EAko Juanjo Agirrezabalak, berriz, azaldu du bere alderdiak ez duela «oztopatuko» legea tramitatzea, baina helegiteak aurkeztuko dituela iragarri du, lege proiektua «hobetzeko». «EA ez dago Oroimenaren Institutu bat sortzearen aurka, baina, gaur egun, ez dakigu zer-nolako institutua sortzea hitzartu duten EAJk, PSE-EEk, Ezker Anitzak eta hiru legebiltzarkide horiek», salatu du Agirrezabalak ohar batean.

Eusko Legebiltzarrean eginiko agerraldi batean, berriz, sustatzaileek azaldu dute erakunde berriaren helburua izango dela biktimei buruzko politika publiko guztiak koordinatzea eta garatzea. Gaineratu dute asmoa dela institutua Jaurlaritzaren menpe egotea eta zuzendaritzan parte hartzea Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde guztiek eta euskal gizartearen ordezkariek.

Nabarmendu dutenez, institutuak aintzat hartuko ditu «indarkeria mota guztien biktimak». Lege proiektuan jaso dutenez, euskal gizarteak «hiru esperientzia traumatiko izan ditu, gutxienez»: «1936ko gerra, Francoren diktadura eta terrorismoa». Halaber, esan du azken 40 urteotan «indarkeria politikoa» ere izan dela eta horrek euskal gizartea «baldintzatu» egin duela. Testuak dio indarkeria mota horiek guztiak «ezberdinak» direla baina haien artean «lotura» bat dagoela; alegia, «sufrimendu bidegabea» izan dela. Hala, sustatzaileek azaldu dute institutuak lan egingo duela biktimak «parekatu gabe, baina sufrimenduak onartuta».

Lege proiektuaren aurkezpenean, EAJko legebiltzarkide Iñigo Iturratek esan du institutuaren xedea izango dela «giza eskubideen urraketaren bat pairatu duten biktima guztien sufrimendua aitortzea». Mikel Unzalu sozialistak, berriz, argitu du biktima guztien aitortzak ez dituela haiek parekatzen, «nahiz eta mina bera izan». Aralarretik egotzitako Aintzane Ezenarrok nabarmendu du giza eskubideen defentsaren «zirkulua» ixten hasteko urratsa dela lege proiektua, «sufrimendu guztiei perspektiba beretik helduko zaielako». «Giza eskubideen zapalketen gainean egon diren politika ezberdinak batu egingo ditugu», esan du. Ezker Anitzako Mikel Aranak, berriz, nabarmendu du 1936ko gerrako eta Francoren diktadurako biktimak aintzat hartuko direla. «Alor honetan beti egon dira ahaztuak biktima horiek».

Akordioa Madrilekin

Eusko Legebiltzarrean Oroimenaren Instituturako proiektua aurkeztu zuten egun berean, atzo, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroa sortzea adostu zuten. EspainiakoBarne Ministerioko eta Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko ordezkariek bilera egin zuten, eta, ohar batean jakinarazi zutenez, institutu horren ohorezko presidentea Espainiako erregea izango da, eta Barne Ministerioaren esku egongo da. Presidentea Espainiako gobernuburua izango da, eta presidenteordea, lehendakaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.