Udal eta foru hauteskundeak. Hego Euskal Herria

Legealdi historikoari segida bai?

Agintaldi honetan, talde abertzaleek ordezkaritza zabal-zabala izan dute Hego Euskal Herriko udaletan eta foru instituzioetan. Haien esku egon dira 10.000 biztanlez gorako 56 udalerrietako 45 alkatetza

enekoitz esnaola
2019ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Espainiako Gorteetarako azkeneko hauteskundeetan indar abertzaleek boto igoera nabarmena izan dute, eta, hala, are gehiago hobetu dute hilaren 26ko udal eta foru bozetarako duten posizioa. Maximo historikora iristeko moduan al dira Hego Euskal Herrian botoetan eta ordezkaritza eta botere instituzionalean? Gaur egun, oso handia da talde abertzaleen presentzia udaletan eta foru instituzioetan. Dena den, bozetan eta bozen ostean Nafarroan gertatuko denak baldintzatuko du balorazioa kualitatiboki.

Legealdi honetan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak EAJko kideak dira, eta Nafarroan gobernuko lehendakaria, Geroa Baikoa. Halaber,Hegoaldeko udalen mapa esanguratsua da. Batetik, lau hiriburuetako alkateak ere indar abertzaleetako kideak dira: Iruñean EH Bildukoa, eta beste hiruretan, EAJkoak. Bestetik, eta fokua zabalduz, 10.000 biztanletik gorako 56 udalerri daude Hegoaldeko lau herrialdeetan, eta 45etan EAJkoak, EH Bildukoak eta Geroa Baikoak dira alkateak. 56 udalerri horietan, haiez gain, PSE-EEk sei alkatetza dauzka, Ezkerrak bat, eta lau alkate talde independenteetakoak dira —badago abertzalerik lauren artean—.

Parlamentua eta gobernua ez ezik, udal mapa ere itxuragabe aldatu zen Nafarroan duela lau urteko hauteskundeen ostean. Iruñekoa izan zen kasurik aipagarriena, lehen aldiz abertzale bat jarri zelako alkatetzan: Joseba Asiron. EH Bilduk ez zituen bozak irabazi, UPNk baizik, baina herrialde mailako lauko akordioak berritasun historikoa ahalbidetu zuen. Baita Nafarroako Gobernuan ere: Geroa Bai bigarren geratu zen, UPNren atzetik, baina lehendakari, Uxue Barkos; aurreneko aldiz, abertzale bat gobernuburu. Nafarroako 10.000 biztanletik gorako beste udalerri batzuetan antzeko jokaldia egin zuten aldaketako indarrek: Geroa Baikoa alkate Eguesibarren eta Zizur Nagusian, eta EH Bildukoa Barañainen eta Lizarran. Tuteran, berriz, Ezkerrako kidea jarri zen agintean, bototan UPNk irabazi arren. Aldiz, Antsoainen, Atarrabian, Berriozarren eta Tafallan EH Bildu izan zen gehien bozkatua, eta ondoren han ere jaso zuen beste taldeen sostengua alkatetzak lortzeko; Arangurenen eta Burlatan hautagaitza independenteak gailendu ziren hauteskundeetan.

Nafarroan talde abertzaleen esku dauden bederatzi alkatetzetako udalerri horietan herrialdeko biztanleen %48 bizi dira.

Araban, hiru dira 10.000 biztanle baino gehiago dituzten herriak: bitan EAJ dago alkatetzan (Amurrion eta Gasteizen), eta bestean, EH Bildu (Laudion). Hiru udalerri horietan Arabako herritarren %84 bizi dira.

Bizkaian, hogei udalerrik gainditzen dute 10.000 biztanleko langa: hamabostean EAJko kidea da alkatea, bitan PSE-EEkoa, beste bitan hautagaitza independente batean aurkeztutakoa—Etxebarrin eta Gernika-Lumon; azken horretan, Jose Maria Gorroño Bilduko alkate ohia dago agintean, EAJrekin koalizioan—, eta batean EH Bildukoa. EAJ eta EH Bildu alkatetzan dauden hamasei udalerri horietan Bizkaiko herritarren %73 pasatxo bizi dira. Gernika-Lumo ere aintzat hartuz, zifra %75era igotzen da.

Eta Gipuzkoan 21 udalerri daude aipatutako biztanle kopuru horretatik gora:11tan dagoEAJ alkatetzan, EH Bildu seitan eta PSE-EE lautan. Abertzaleak agintean dauden hamazazpi udalerri horietan bizi da Gipuzkoakopopulazioaren %62.

Beraz, 56 udalerri horietako 45 alkate abertzaleetatik, 28 EAJko kideak dira, hamabost EH Bildukoak eta bi Geroa Baikoak. 45 udalerriotan bizi dira 56etakoherritarren %87, eta Hegoaldeko %66. 56 udalerri horietan PSE-EEk alkatetza daukan seitan, 185.000 lagun bizi dira, %8.

Talde abertzaleek oso pisu handia dute udalerri txikiagoetan ere, batik bat EAJk eta EH Bilduk: EAJk Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan denera 121 alkatetza dauzka —egun bere markapean, herrialdeotan aurkeztu ohi da—, eta EH BildukHegoaldean 113. Geroa Baik, bere eremuan —Nafarroan—, sei. Hiruren artean, 240 alkatetza. PSE/PSNren (28), PPren (4) eta UPNren (22)artean 54 dituzte. Ezkerrak hiru ditu. Hautagaitzaindependenteek, berriz, 226 alkatetza —EAEn 42, Nafarroan 184—.

Hautetsiei dagokienez ere indar abertzaleak dira nagusi, alde handiz: EAJren (1.018), EH Bilduren (1.191) eta Geroa Bairen (59) artean, 2.268. 1999an, Udalbiltza Euskal Herri osoko 1.778 hautetsik eratu zuten —EAJko, EHko, EAko eta ABko alkateez eta zinegotziez gain, independenteak ere bazeuden orduan udalen nazio erakundean sorreran—, eta, 2013an berrantolatu zenean, 1.227 hautetsi zeuden. Azkeneko legealdian PSE/PSNko (412), PPko (100), UPNko (281) eta Ciudadanoseko (bi) udal hautetsien batura 795ekoa izan da, indar abertzaleena baino ia hiru aldiz txikiagoa.

Foru ordezkariak

Nafarroako Parlamentuan, 1979. urteko bozetatik hona, agintaldi honetan izan dituzte abertzaleek ordezkari gehien: hamazazpi (Geroa Baik bederatzi, eta, hirugarren indar modura, EH Bilduk zortzi). Baliatu dute, baliatu dutenez, Ahal Dugu-rekin eta Ezkerrarekin gobernu akordioa eginda. Abertzaleek 2011n lortu zuten ordezkaritzarik handienetan bigarrena: hamabost aulki (NaBaik zortzi, Bilduk zazpi). 2007an, NaBaik hamabi eskuratu zituen —ezker abertzale ofiziala legez kanporatua zegoen—.1999an, abertzaleek 11 aulki (EHk zortzi, EA-EAJk hiru); 1987an ere 11 (HBk zazpi, EAk lau), eta, horiez gain, EE Euskadiko Ezkerrak, bat. Beste hitzorduetan, abertzaleak 7-9 artean ibili ziren.

Boto aldetik, Nafarroan talde abertzaleek orain dela lau urteko foru hauteskundeetan batu zituzten ordura arteko gehien, aurreneko aldiz ehunmilako langa gaindituta: 101.663 boto (%30eko babesa).

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietan azkeneko legealdian 153 aulkietatik 93 izan dituzte EAJk (54) eta EH Bilduk (39), ia %61. Lehen bi indarrak dira, alde handiz. 2011-2015ean 95 batzarkide izan zituzten EAJren (49), Bilduren (45) eta Aralarren (bat) artean, eta orduko foru bozetan lortu zuten, preseski, botosostengurik handiena: %61ekoa—eta, ordezkaritzarik erdietsigabe, Hamaikabat-ek %0,8koa—. Dena dela, ez da 2011ko 95eko aulki kopuru hori abertzaleen maximo historikoa, nahikoa gertu egon arren: 1987an 99 eskuratu zituzten EAk (35), EAJk (32) eta HBk (32); eta EEk, beste hamabi. Gaur egun Ahal Dugu-k hogei ditu EAEko hiru batzar nagusietan.

Ilegalizazio garaiko legealdiak aparte utziz, 1999-2003an 85 batzarkide izan zituzten talde abertzaleek, eta, atzera jota, 84, 93, aipatutako 99ak eta 94. 1979an 171 aulki zeuden jokoan, eta EAJk eta HBk 111 eskuratu zituzten, %65.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.