Ainhoa Aznarez. Nafarroako Parlamentuko presidentea

«Legealdi erdian beste alderdi bat sortzea iruzur demokratikoa da»

Ia bi hilabetez kolokan izan du legebiltzarreko presidentetza, Orain Baik taldetik kaleratzeko eskaera egin ondotik. Egoera konpondu bada ere, aldaketari eraso egin nahi izatea leporatu die alderdikide ohiei: «Oposizioko alderdiak txaloka ari ziren»

joxerra senar
Iruñea
2019ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Hainbat astez, Parlamentuko presidentetza kolokan izan du Ainhoa Aznarezek (Iruñea, 1970). Hala ere, onik atera da. Asteon Parlamentuko Mahaiak ezerezean utzi du Aznarez, Mikel Buil eta Tere Saez taldetik kanporatzeko Orain Bairen proposamena. Aldaketari egindako erasoa izan dela salatu du Aznarezek. Lau urteotako lanari begira, azaldu du aurreko presidenteen joera aldatu eta erakundea herritarrei gerturatzeko ahalegina egin duela. «Hiriaren erdian, parlamentua satelite moduko bat da. Saiatu gara irekiago egiten, eta esango nuke lortu dugula. Lehen ez ziren erakusketak egiten, ez ziren eztabaida sozialak egiten, ez ziren hainbeste gauza egiten. Hau denon etxea da».

Pedro Sanchezek hauteskundeak iragarri ditu apirilaren 28rako. Albiste honek Ahal Dugu-ri mesede edo kalte egiten dio?

Ahal Dugu-k iaz zentsura mozio bat babestu zuen, eta ustelkeria politikoz betetako Alderdi Popularra gobernutik bota zuen. Azken hilabeteotan arduraz jokatu dugu. Besteak beste, gutxieneko soldata 900 eurora igo dugu. Aurrekontuak ez ziren atera, eta orain bi hauteskunde izango ditugu jarraian. Lehenengo hauteskundeetan jendeak emango duen erantzunak eragina izango du maiatzeko bozetan, baina ez soilik guretzat. Ikusiko dugu.

Nola bizi izan dituzu azken asteetako gertaerak?

Arduraz. Iaz egoera konpontzeko aukera izan genuen, eta, azkenik, legealdi amaieran konpondu da. Urtebete galdu dugu. Akordio programatikoa hitzartu genuen lau alderdiok 2015ean; oso akordio ona izan da. Horregatik, oso zaila da ulertzea nolatan, bizpahiru hilabete falta direla, lau pertsonak akordioa hautsi nahi duten. Hemengo legelariek eta zerbitzu juridikoek txosten ugari egin dituzte egoerari buruz, eta ondorioztatu dute lau parlamentari horiek alderdi bat osatu nahi zutela; hau da, txostenek zioten alderdi batekin sartu ginela parlamentuan eta beste baten aurrean egon gintezkeela. Legealdi erdian beste alderdi bat sortzea iruzur demokratiko bat da. Jendeak ez zizkigun 46.000 boto eman beste alderdi bat sortzeko. Nafarroako Ahal Dugu-ri eman zioten babesa, eta horri esker aldaketa politikoa etorri zen. Ahal Dugu-rik gabe, ez zegoen aldaketarik.

Zergatik izan da ezinezko Orain Bai-ko lau parlamentari horiekin akordioa egitea?

2017ko maiatzean, primarioak egin genituen, eta irabazi egin genuen. Horren ondorioa izan da egoera hau. Urte eta erdiz Eduardo Santos idazkari nagusiak eta nik neuk ahaleginak egin ditugu akordio bat lortzeko, baina galtzaileek ez zuten nahi izan. Ez ziren sartu alderdiaren dinamikan. Behin primarioak galduz gero, edo albo batera egiten duzu, edo alderdiaren barruan lanean jarraitzen duzu. Horregatik, 2019ko hauteskundeetarako hala esan nuen: edo zerrenda bakarra aurkeztuko dugu, edo ni ez naiz berriro aurkeztuko. Ez nuen nahi pasatu behar izan dugun guztia berriz pasatzerik. Lan asko egin dugu isilean Mikel Builek, nik eta gainerakook. 2015ean Joan Boschen zerrendan aurkeztu eta Laura Perezekin lehiatu ziren guztiak galdu egin genituen, eta orain horiek aukera ikusi dute gurekin lan egiteko. [Euretako batzuk parlamentuko zerrendan sartu dira].

Hilabeteotan ahotsik ez du izan Ahal Dugu-k, eta taldetik aterata aukera zenuten ahots hori berreskuratzeko. Zure kargua arriskuan ikusi duzu? Eta nahirik izan duzu taldea uzteko?

Ahal Dugu-ko Herritarren Kontseiluak aukeratu zuen gure eleduna Mikel Buil izatea, eta hala egin genuen, 2017ko uztailean. Laura Perezek ez zuen hori barneratu, eta beste bozeramaile bat jarri zuten. Ondorioz, geroztik Ahal Dugu-k ezin izan du bere programa aurkeztu eta defenditu. Ez soilik hedabideen aurrean, baita parlamentuan bertan ere. Hala ere, lehenetsi genuen akordio programatikoa betetzea.

Ezohikoa da alderditik at diren parlamentariek talde baten gehiengoa izatea. Parlamentuko araudia aldatu behar da?

Bai, agerian geratu da parlamentuak sekulako zuloa duela. Azken aldiz 2011n berritu zen. Araudia aldatzeko batzorde txostengilea 2015ean ireki zen, baina betiko alderdiek esan ziguten lasai egoteko. Araudia aldatzeko, alderdi guztiek ados jarri behar dute, eta, gaur egun, batzorde horretan ez dago Ahal Dugu. Ez dugu hitzik. Taldeko ordezkaria Fanny Carrillo da, eta ez du proposamenik aurkeztu. Nolatan aldatu nahiko du Orain Baik araudia euren kaltetan?

Zeri erantzun dio?

Mendekua eta baten baten gutizia. Parlamentua nafar bakoitzaren etxea da. Gure kasuan, 46.000 herritarren ordezkari gara. Gutiziek ez dute balio.

Bi argudio nagusi eman dituzte. Legealdi amaieran, baliabide falta zutela batetik, eta zuk presidente izateari utzi behar zeniola bestetik. Azkenaldian, gainera, batik bat zure aurka jo dute.

Ez dira neure buruaren aurka ari. Parlamentuko presidente naiz. 2015eko akordioaren ondorioz, gobernua Geroa Baik eskuratu zuen, parlamentua Ahal Dugu-k eta Iruñeko Udala EH Bilduk.

Aldaketaren aurka zihoan?

Bai. Ikusi besterik ez dago nortzuk zeuden Orain Baikoen proposamenaren alde: UPN, PP eta PSN. Oposizioko alderdiak txaloka ari ziren. Parlamentuko presidente naizen heinean, aldaketaren zutabeetako bat naiz, eta, hori kentzea lortu izan balute, aldaketa erori egingo zen legealdia amaitzeko bi hilabete falta direla.

Geroa Baik eta EH Bilduk beranduegi erreakzionatu dute?

Parlamentuan dugun aldea oso eskasa da: aldaketak 26 eta oposizioak 24. Joan den urtean, maiatzean, egoera hau eten zitekeen. Orain argitu da, baina ikusi ditugu ondorioak. Erantzukizunik ez badago, mehatxuak erabili dituzte, eta hori azken osoko bilkuran ikusi genuen [partaidetza demokratikoaren legea aintzat hartzeko bozketan, Orain Baiko parlamentariak atera egin ziren, eta ez zuten bozkatu].

Hala ere, maiatzean lau parlamentariekin bestela jokatu balitz akaso ez al zuen ezegonkortasuna handituko?

Lau pertsonaren esku zegoen ardura hori.

Ahal Dugu-k autokritika egin behar al du?

Bai, eta egin dugu Herritarren Kontseiluan.

Zein?

Guk badugu kode etiko bat, eta, norbaitek kargu bat izan eta kode hori urratuz gero, badaki zer gertatuko den: alderditik kanpo geratuko da. Nire lau alderdikide ohi horiek askotan urratu dute. Ezin dugu geure burua aurkeztu herritarrei esanez gauza bat eta beste bat eginez.

Laurak al daude alderditik kanpo gaur egun?

Bai.

Kargua zure intereserako erabili izana leporatu izan dizute zuri.

Barregura eragin dit. Ahal dugu-k kargu bat izanda, hamaika lupa buru gainean ditugu, alderdi eta hedabide ugari daude guri begira, ea guri zer leporatuko aldaketaren aurka jotzeko. Aldaketaren buruetako bat naiz, Uxue Barkos eta Joseba Asironekin batera. Parlamentuan hainbat gauza egin ditugu, buelta eman diogu erakundeari, eta beste irudi bat emateak ezinikusiak eragiten ditu askotan.

Egoera honek guztiak nola eragin diezaioke Ahal Dugu-ri?

Posible da zigor bat jasatea, baina jende askok ikusi du aldaketa posible izateko Ahal Dugu indartsu bat behar dela. Bestela aldaketa ez da berriz gertatuko. Horregatik, kanpora atera behar dugu lortu ditugun gauzak nabarmentzera. Lehen, UPN eta PSNrekin kolore griseko Nafarroa genuen, eta, orain, lau alderdiok Nafarroa koloretsu bat osatu dugu.

Iruñera begira, Ahal Dugu aurkeztuko da. Espazio berean, Ezkerra eta Munizipalistak ere aurkeztuko dira. Ez da al gehitxo?

Hor badugu esparru bat betetzeko. Ezkerrarekin bagabiltza solasean. Ahal Dugu-k ateak irekiak ditu, baina, dirudienez, ez dute nahi. Lortu behar dugu espazio hori betetzea, eta horrek, berriz ere, UPN oposizioan utziko luke gainerako guztiak berriz elkartuko bagina.

Udaletan zer tokitan aurkeztuko zarete?

Hamalau batean. Gainera, gure kode etikoa zorrotza denez, ondo aztertu behar da. Bizitakoak ere balio izan digu ikasteko. Oso alderdi gaztea gara, eta oraindik ere osatzen ari gara. Dinamika batzuk kontuan hartu behar ditugu.

Uneotan, lortutakoa ez galtzeko tenorean zaudete lau alderdiak. Hala ere, hazteko erronka ere baduzue, eta Erribera da tokietako bat. Zer aukera ditu bertan Ahal Dugu-k?

Posible da bertan indartzea. Erriberan jende ezkertiar asko dago; aukera ikus dezake Ahal Dugu-n. Udal askotan gure marka aurkeztuko dugu udaletxeetan. Hor ikusiko da. PSN ahulago ager daiteke, edo ez, baina badugu aukera. Baztanen ere aurkeztuko dugu hautagaia.

Nola ikusten duzu testuinguru politikoa? Parlamentu atomizatu baterantz goaz?

Azkenean, Nafarroan badakigu zer den jokaleku zail bat izatea. Zazpi talde gaude: lau jarri gara alde batean, eta hiru bestean. Nafarroan betikoak dira horrelako jokalekuak. Legealdiz legealdi gauza asko aldatzen da. Ikusiko dugu non geratzen den bakoitza, baina arduraz ikusten dut UPNren jarrera. Igandean, Vox-ekin batera egin zuten manifestazioa Madrilen. Manifestazio eskasa izan zen, ez baitzuten jende asko elkartu, baina UPNk beti defenditu ditu Nafarroako autogobernua eta foruak, eta orain non kokatzen da? Haien ahulezia islatzen du, baina berriro Javier Esparza hautagai jartzeak ere ahulezia ikaragarrizkoa islatzen du.

Aldaketaren zer interpretazio egiten duzu?

Oso ona. 2015ean, bi hilabete eman genituen lan eta lan, bata bestearen proposamenak lantzen, eta, horren ondorioz, akordioa atera zen. Gaitasun hori altxor bat da. Orduko lana baliatu dugu lau urteotan. Sortu genuen jarraipen batzorde bat nondik norakoak zaintzeko eta ados ez ginen gaien inguruan hitz egiteko. Iruñeko Udalean arazoetako bat izan da ez zela jarraipen batzorde hori sortu, eta ezberdinen arteko gobernuari eusteko konfiantza esparrua behar da, gaiak isiltasunean lantzeko. Hori izan da gure aterpea, akordioak egin gabeko gaietan negoziatzeko. Eman ditugu orduak eta orduak eta orduak.

Oposizioak ezintasuna adierazi du horri aurre egiteko?

Bai. Lehen egunetik pentsatu zuten ez zela inora iritsiko, bi hilabete barru denok kanpoan izango ginela. Egonkortasun bat lortu dugu, eta errotu dugu. Behar-beharrezkoa da elkarren arteko konfiantza sarea eratzea, eta hori pixkanaka lortu dugu.

Parlamentuan lan isila egin duzuela esan izan duzu. Zer nabarmenduko zenuke?

2008tik, lan hitzarmena berritu gabe zegoen, langileen lan baldintzak zortzi urtez tiradera batean sartuta baitzeuden. Hona iritsi nintzenean, langileek gogorarazi zidaten gai horri heldu behar zitzaiola. Horrek ekartzen du etxe guztia ezagutzea. Urtebete pasatu genuen langileekin astero biltzen, eta oso hitzarmen ona egin dugu. Krisiaren ondorioz galdutako eskubideak berreskuratu dituzte. Hori egin duen estatuko lehen parlamentua gara.

Hainbat lege atera dira aurrera, eta oraindik ere hainbat daude tramitean. Nolakoa izan da jarduera?

Marka bat hautsi dugu, bai legeetan, bai gainerako proposamenetan. Oso parlamentu bizia izan da, besteak beste, zazpi talde daudelako. Bakoitzak bere proposamenak erregistratzen baditu, lan asko dago egiteko. Zerbitzuak gainezka daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.