SERIEA. Alderdiak, EAEko hezkuntza legeaz (II). Jose Antonio Pastor (PSE-EE).

«Legeak adostasunak biltzeko eta irauteko bokazioa izan behar du»

Eskola publikoak EAEko hezkuntza sistema egituratu behar duela pentsatzen du Pastorrek. Dena den, ez du uste legegintzaldia amaitu aurretik onartuko denik hezkuntza legea, horrek eskatzen duen sostengu guztiarekin behintzat.

Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Hezkuntza legea egiteko orain arteko prozesuak «argiak eta itzalak» izan dituela uste du Jose Antonio Pastorrek (Ortuella, Bizkaia, 1959). PSE-EEko legebiltzarkideak gaineratu du aukera zegoela «hobeto» egiteko: parte hartzaileak aukeratzeko orduan, prozesuaren iraupenean, edota edukiak zehaztean.

Hainbat eragile eta bi legebiltzarkide talde legearen abiapuntu den txostenaren aurka daude.

Argi dago gabeziak dituela, baina ez gatoz bat prozedura hilda dagoela dioten kritikekin. Ez dugu uste jarrera horrek balio duenik adostasunak lortzeko. Baina aitortu behar da prozesua ez dela ondo atera. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek parte hartzeari uko egin izanak erakusten du zer alde dauden. Alde hori gainditzen saiatu behar dugu guztiok, itun zabal bat lortzeko: guk, EAJk, aipatu bi alderdiek, eta PPk, egoki ikusten duen heinean.

Denbora egongo da legegintzaldi honetan hori lortzeko?

Zalantza dut. Ez da erraza horren lege konplexua onartzeko tramitea. Legegintzaldi bat iraungo duen lardaskeria bat egiteko, ez dut uste merezi duenik halako lanik hartzea. Legeak irauteko eta adostasun zabalak biltzeko bokazioa izan behar du. Horretarako aukerarik ez badago, bitan pentsatuko nuke korrika horren alde egitea.

Akordiorako oinarrien txostenak lortu duen babesa nahikoa da legeari bermea emateko?

Oraindik lan handia dago adostasunak bilatzeko bidean. Hezkuntzari dagokion akordioak sendoa izan behar du, eta unean uneko arduradun politikoa gainditu behar du. Ez dut esan nahi denok guztiz bat egon behar dugunik lortzen den legearekin, baina ezin gara guztiok aurka egon.

Eusko Legebiltzarrean PPrekin lortutako akordioak ezin dira aurrekaritzat hartu?

Ez. EH Bildu eta Elkarrekin Podemosekin akordiorik lortzeko aukerarik ez izateak garrantzi handiagoa eman zion PPren rolari. Denaren aurka agertzea oso ondo dago mugak zehazteko, baina bide laburra du aurrera begira.

Finantzaketa akordiorako oinarrietatik at dago. Zer diozue?

Finantzaketak trataera berezia behar du, itunpeko sarearen pisua oso handia delako. Lege berriak irizpide orokorrak jaso beharko lituzke, eta beste lege batean egin beharko lirateke zehaztapenak, betiere eskola publikoa sistema egituratuko duen ardatz gisa hartuz. Gai horretan ez du balio direnak eta ez direnak egitea. Horrek ez du esan nahi itunpeko sarea mespretxatzen dugunik, baina erdia izateagatik ez du sari berezia behar.

Itunpeko sarearen egiturazko gastuak diru publikoarekin finantzatu behar dira?

Eskola horiek itun bat dute. Hori, alde batetik, ondo datorkio administrazioari, errentagarriagoa gertatzen zaiolako. Baina ez dut uste azpiegiturak egiteko lanen finantzaketan sartu behar duenik. Nahikoa du eskola publikoen azpiegiturak zaintzearekin.

PSE-EEk eskola publikoari lehentasuna onartzen dio, baina hezkuntza sistema bere osoan hartzearen aldeko ekarpenak egin dira, «elkarren osagarriak» diren sareak aitortuz.

Errealitatea aitortu behar da. Bilakaera historiko baten ostean, Europan parekorik ez duen sare dual bat dugu, non ia ikasle kopuru bera duten sare publikoak eta itunpekoak. Hori da errealitatea, eta, poliki-poliki zuzentzeko, sare publikora bideratu behar dira baliabide publikoak.

Euskararen eta gazteleraren ezagutzan, bat zatozte akordioetarako oinarrietan finkatutako mailarekin?

Adituek proposatu dutenarekin fidatzen gara. Pertsona asko kexatzen ari dira elebitasunean aurreratu bada ere geldiune bat gertatu delako, baita D ereduan ere. Seguruenik, hizkuntza ereduak berriz pentsatu beharko ditugu. Orain ez dut irizpiderik hori zehazteko. Ekarpen handia egin dute, baina litekeena da hizkuntza ereduek eman behar zuten guztia eman izana. Hirugarren hizkuntzaren gaia bertan da, baina inork ez du ulertu behar hori euskararentzako mehatxu bat denik.

PPren ekarpenetako bat da ingelesean B2 maila lortzeko xedea.

B2 maila nekez lor daiteke, hirueletasuna zabaltzen ari garen une honetan. Lehenik eta behin, ahalegin handia egin behar da sare publikoan ingelesaren irakaskuntza zabaltzeko. Hori erdiestean, hitz egingo dugu mailaz.

Segregazioaren gaia hor dago. Zergatik gertatzen da?

Atzerriko biztanleriaren migrazioa gertatu da, eta batzuk EAEko egoera ekonomikoren batezbestekoaren azpitik daude. Horien seme-alabak sare publikoan sartu dira, baina itunpeko zentro batzuek trabak jartzen dituzte. Pertsona horiek bi sareetan berdin banatu beharko lirateke.

Utzikeria egon al da?

Ba, agian bai, egungo araudiak tresnak baititu egoera zuzentzeko: hezkuntza ikuskaritza. Segregazioa gertatu bada, ez da gertatu bat-batean sortu delako, baizik eta garaiz zuzendu ez zutelako. Hezkuntza Sailak sakon hausnartu behar du.

Errebalidak beharrezkoak dira?

Isabel Zelaak bere garaian aipatu zuen ez zirela behar. Ikasketa prozesuen ebaluazioak egitea, horixe behar da.Pedro Sanchezen gobernua LOMCEren kontu batzuk aldatzeko bidean da, eta, horren bitartez, horrek ezarritako erabaki batzuk kendu nahi dituzte; errebalidak, kasurako.

Eta PISA txostenari buruz zer iritzi duzue?

Kanpoko ebaluazioak behar dira non gauden jakiteko, baina horiek ikur mugiezin bihurtu gabe. Ebaluazioak behar dira hobetzeko. Are, hezkuntza legea egin aurretik egungo egoera ebaluatu behar da. Hezkuntza Sailak diagnosi hori egiten hasi beharko luke.

Irakasleen trebakuntzarako zenbait ekarpen egin dituzue. Hutsuneak antzeman dituzue?

Irakasleek etengabeko prestaketa beharko dute etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Proposamenetan agertzen da ideia hori, baina ez behar beste. Lan eskaintza publikoez, berriki bildu dira Uriarte Sailburua eta Zelaa ministroa, eta malguago jokatzeari buruz mintzatu dira.

Herenegun programa dela-eta eztabaida piztu da. Nola adostu behar da zer kontakizun eman?

Egin beharreko oharrak egin ditugu. Ez dugu ezbaian jartzen egileek bortxari zilegitasuna kentzeko duten asmoa, baina kezkatzen gintuen ematen zen irudiak: gatazka asko egon direla, haien artean mailaketarik egin gabe, inork errurik izango ez balu bezala. Atzera egite demokratikoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.