Indultuak

Legea aldatzeko «premia»

Espainiako Gobernuak 1.402 indultu eman ditu Hego Euskal Herrian, 1996. urtetik hona; horietatik zortzi, torturengatik zigortutako poliziak. Indultuen «arbitrariotasuna» salatu dute zuzenbide arloko adituek.

urtzi urkizu
2013ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Aspaldikoa da Espainiakoa indultuaren legea, 1870. urtekoa. Zuzenbide alorreko aditu askoren iritziz, botere betearazleak lege horren barruan ematen dituen barkamenak kontrol gabekoak izaten dira. Otsailaren 20an, Hego Euskal Herriko epaile eta fiskalek greba egin zuten. Haien eskaeren artean, Indultuaren Legearen erreforma zegoen. Indultuak ez daitezela «arbitrarioak» izan, «naturalak» baizik. Eskaera horrekin bat egin zuen Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusiak. Vilaweb atariari egindako adierazpenetan, Santiago Vidal Bartzelonako Auzitegiko epaileak esan du Europako herrialde gehienetan «bakarka justifikatu» behar direla zigor barkamenak. «Baina Espainiako gobernuek, PSOE zein PP egon, legeak ematen duen aukera horren abusuzko erabilera egin dute. Gobernuak ez du inoiz azaldu zergatik eman duen indultu bat. Eta susmagarria da gehienetan politikari, bankari eta poliziei eman dietela».

Civio fundazioak duela gutxi ekinbide bat jarri du martxan, indultuen inguruko datuak Interneten zabaltzeko asmoz. www.elindultometro.es webgunean jasotzen denez, Espainiako Gobernuak 1996tik 2013ra 10.159 indultu eman ditu. Horietatik, 1.402 Hego Euskal Herrian.

Torturengatik 42 auzipetu indultatu dituzte urte horietan —zortzi Euskal Herrian—.Kepa Urra ETAko kidea 1992. urteko urtarrilean torturatu zuten hiru guardia zibilek. 1997ko azaroan, lau urteko espetxe zigorra eta sei urteko inhabilitazioa ezarri zien guardia zibil horiei Bilboko Probintzia Auzitegiak. Handik urtebetera, Espainiako Auzitegi Nagusiak Manuel Sanchez Corbi, Jose Maria de las Cuevas eta Antonio Lozano guardia zibilak indultatu zituen. Hilabete eta egun bateko inhabilitazioa izan zen, azkenean, frogatutako torturengatik jaso zuten zigor guztia.

Jone Goirizelaia abokatuak gertutik biziizan zuen Urraren kasua, baita beste tortura auzi asko ere: «Kepa Urrarekin batera jende dezente atxilotu zuten, eta gehienek tortura latzak salatu zituzten. Epaiketetan instruktorea, idazkaria eta guardia zibil batzuk kondenatu zituzten. Urraren kasuan, epaiketaren ostean fiskalaren jokabidea aldatu zen. Gainera, kondenatuak izan eta gero, guardia zibil haiei goragoko karguak eman zizkieten, kapitain izateraino. Orain, agian, kargu handiagoa izango dute».

Goirizelaiaren arabera, normalean, akusazio partikularrik ez badago, auziak ez du aurrera egiten. «Torturen akusazio partikular horietan, atzetik ibili behar izan dugu prozedura bultzatzen. Bestalde, txostenak behar izaten dira».

Tortura kasuetan, Goirizelaiak argi du salatuak izan zirenek «estatuaren babesa» izan dutela: «Fiskalaren egitekoa oso adierazgarria izan da kasu askotan. Onartzen zuten tortura beharrezkoa zela gauza batzuk lortzeko. Onarpen horren atzetik zeuden auzitegiaren eta fiskalaren jarrera, eta ikerketarik eza. Hurrengo pausoa, berriz, kondenatuakindultatzea zen. Estatuak horrelako gauzak babestu nahi izan ditu». Egungo egoeran ere gauza bera gertatzen dela iruditzen zaio abokatuari.

2008. urtean, bost Mosso d'Esquadra zigortu zituen Bartzelonako Auzitegiak, bi urte lehenago gizon bat torturatzeagatik —gizon hori errugabetzat jo zuten epaiketan—. Iaz, Espainiako Gobernuak indultu partziala eman zien bost poliziei. 200 epailek indultuaren aurkako agiri bat sinatu zuten, eta «iruzurra» eta «gehiegikeria» zela salatu. Juanje Soria abokatuaren iritziz, hainbeste torturatzaile indultatu izanak erakusten du nola funtzionatzen duten «estatuaren estoldek». Soriak Europako beste abokatu batzuei kontatu die torturatzaileekin gertatutakoa. «Eta ezin dute sinetsi. Indultu horiekin, Espainiako Gobernuak onartzen du tortura estatuak egin beharreko lan bat dela. Eskainitako zerbitzuarengatik, saria ematen zaie polizia horiei».

Intsumisioaren eragina

Hego Euskal Herrian azkeneko hamazazpi urteetan izan diren zigor ordezte eta indultuetatik portzentaje handi bat soldaduskari uko egiteagatik zigortutakoena izan zen. 1998. eta 2000. urteetan Euskal Herrian 917 intsumiso eta kontzientzia eragozleri eman zieten indultua edo ordeztu zieten zigorra. Juanje Soria Nafarroako intsumiso askoren abokatua izan zen 1990eko hamarkadan. «Kasu gehienetan, ez ziren erabateko indultuak izan, baizik eta sententziak berrikusi zituzten». Intsumisioaren mugimenduak indar handia izan zuen urte haietan Euskal Herrian. Eta azkenean, derrigorrezko soldaduska kendu egin zuten 2001. urtean. «Intsumisioaren aldeko mugimendua desobedientzia zibilaren eredu bat izan zen. Garai batean, epaiketa militarrak zeuden. Handik, auzitegi zibiletara pasatu zituzten intsumisio auziak». Bolada luze batean, bi urte eta lau hilabeteko espetxe zigorra jasotzen zuten intsumisoek. «Gobernua intsumisoei hirugarren gradua ematen hasi zen. Intsumisio mugimenduak presioarekin jarraitu zuen, eta zigortutako gehienek erabaki zuten kartzelara ez joatea lotara. Ondorioz, bigarren gradura pasatzen ziren, eta berriro kartzelara». Espetxe zigorraz gain, inhabilitazio zigorra handia zen intsumisoentzat. Dena den, intsumiso askok uko egiten zioten indultuari. «Mugimen- duak energia handiarekin erantzun zuen urte haietan. Azkenean, despenalizazioa etorri zen». Intsumisioaren aldeko hautua garrantzitsua izan zen, abokatuaren ustetan. «Iruditzen zait garaipen handia izan zela. Nafarroan, maila askotan, jendearen mentalitatea aldatu zen. Estatuari erantzun zitzaion, sekulako babes sozialarekin».

Aznarren babespean

Azkeneko hiru hamarkadetan, Jose Maria Aznar izan da indultu gehien eman dituen Espainiako presidentea. Haren agindupean indultatu zuten, esate baterako, Javier Gomez de Liaño epailea, 2000. urtean. Aznar agintean zela indultatu zituzten, halaber, Jose Barrionuevo Barne ministro ohia eta Rafael Vera Estatuko Segurtasun idazkari ohia. Hamar urteko espetxe zigorra zuten, GALi Segundo Marey bahitzeko agintzeagatik. 1998. urteko abenduan, ordea, hamar urteko zigorra hiru hilabete eta erdira jaitsi zien PPren gobernuak. Kartzelako ate batetik sartu, eta beste batetik atera ziren. Goirizelaiak argi du GALen kasuan «estatu erabaki bat» egon zela indarkeria hori aurrera eramateko. «Bestela, ezinezkoa zen horrelako babesa izatea.Garai batean, posible izan zen edozer gauza egitea ETAren eta ezker abertzalearen aurka,gerra zikina barne. Ikerketa baten ostean, inputatu batzuk egon ziren, eta Estatuak erabaki zuen horiek laguntzea eta babestea».

Enrique Rodriguez GalindoGuardia Zibileko koronela Intxaurrondoko kuarteleko buru izan zen hainbat urtez. Atxilotu ugari torturatu zituzten han. GALeko kide gisa egindako hilketa eta bahiketa delituengatik, 2000. urtean, 71 urteko espetxe zigorra jaso zuen. Handik lau urtera, baina, indultua jaso zuen, Espetxe Zuzendaritzak onartu baitzuen osasun arazoak zituela.

Sexu abusuengatik, aldiz, bakanak izan dira indultuak. Euskal Herrian, Paul Abasolo futbolariarenak izan zuen oihartzunik handiena. 2010. urtean Bizkaiko Probintzia Auzitegiak hiru urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra jarri zion, ustez hiru emakumeri Gernika-Lumon sexu abusuak egiteagatik. 2011n, Espainiako Gobernuak indultua eman zion.

Kontrolik eza

Soriak ez du indultuaren figura, berez, gaizki ikusten: «Legeek sorrarazten dituzten egoera bidegabeak konpontzeko balio beharko luke, berez. Adibidez, demagun drogamendekotasuna duen pertsona bat erabat osatuta dagoela, eta gainera, gizartean lan garrantzitsua egiten ari dela. Duela urte asko egin duen delitu batengatik sar dezakete kartzelan. Hor indultua arrazoizkoa litzateke». Baina abokatuak azaldu duenez, arazoa da Espainiako Gobernuak eman dituen indultu gehienetan ez daudela arrazoi zilegizkoak. «Arbitrariotasunak desagertu behar du. Arautegi batek egon beharko luke. Kontrolik ez bada, arriskuak handiak dira».

Goirizelaiak esan duenez, Indultuaren Legea «zaharregia» da: «Legean, administrazio prozedura bakarrik planteatzen da. Gobernuko pertsona batzuen esku gelditu ohi da prozedura osoa, garantia juridikorik gabe». Beste herrialde batzuetan auzitegiak daude indultuak erabakitzeko. «Kasu horietan berme gehiago daude pertsona guztientzat. Aldaketa beharrezkoa da, garantiei lotuta eta parte hartu behar duten guztien eskubideekin». Iritzi berekoak dira aditu asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.