Azken urteetan gero eta eskaera gehiago egiten dira parke eolikoak eta fotovoltaikoak egiteko, batez ere haietarako dauden diru laguntzengatik. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, XXI. mendearen hasieran hasi ziren ugaritzen energia berriztagarria ekoizteko azpiegitura horiek, baina, ordutik hona, ez dira halakoak eraikitzeko eskaera asko egon, pandemia eta energia krisia iritsi arte. Esaterako, hiru lurralde horietan bost parke eoliko daude orain, eta denak mende hasieran eraiki zituzten. Dena den, laster bi batuko dira zerrendara, Labrazako eta Azazetako parke eolikoek eraikitzeko baimena baitute jada. Beste hainbat, aldiz, itxaron zerrendan daude, gehienak ingurumen eraginari buruzko baimenaren zain.
Eguzki panelen eta haize erroten parkeen tramitazioak asko luzatzen ari dira orokorrean, eta eolikoenak bereziki, bultzatzaileek urrats asko egin behar baitituzte eraikitzeko baimena jasotzeko. Bide burokratiko luze eta nekez hori are katramilatsuagoa da elkarte ekologistentzat, sindikatuentzat, entitate txikientzat eta norbanakoentzat, halakoek ez baitute abokatu eta aholkulari talde handien laguntzarik, enpresa bultzatzaileek duten moduan. Andres Illana Ekologistak Martxan-eko kidearen arabera, jende asko galduta sentitzen da, baita udal batzuen administrazio batzarretako kideak ere, eta nabarmendu du prozesuei buruzko informazioak gardenagoa izan beharko lukeela; hori dela eta, gida moduko bat galdegin du, informazio hori eskuragarriagoa izan dadin.
Horrez gain, Illanak salatu duenez, orain ere zaila da tramitazioan dauden proiektu guztiei buruzko informazioa lortzea: «EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean hala eskatuta, duela gutxi lortu da 100 proiektu berriztagarriren baino gehiagoren informazioa izatea, baina, bestela, banaka-banaka joan behar duzu informazio bila». Nafarroako eta Kataluniako gobernuek egiten dutena jarri du eredu gisa, mapa topografiko interaktiboak baitituzte, eginda, egiten eta tramitatzen ari diren parke guztiak ikusteko.
Horrelako zenbait proiektuk, baina, eman dute zeresana azkenaldian eta ekarri dute ondoriorik: esaterako, Arratzua-Ubarrundiko (Araba) EH Bilduko hiru zinegotzien dimisioa eragin dute, eta otsailean Oiongo (Araba) Udalak Labrazako parke eolikoari «administrazio aginduz» emandako baiezkoak sortu du harrabotsik. Horrek agerian utzi du tokiko gobernuek gai horiei buruz duten eskumen falta. Baina, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, zer-nolako bidea egin behar du haize erroten edo eguzki panelen proiektu batek erabat gauzatu arte? Zer leku dute bide horretan tokiko entitateek, elkarte ekologistek eta bestelakoek beren iritzia plazaratzeko? Eta proiektuan aldaketak proposatzeko?
50 MW-EKO LANGA
Parke eolikoen eta fotovoltaikoen tramitazioak ezberdinak dira, baina, enpresa baten proiektu baten potentzia instalatuak 50 MW gainditzen baditu, zuzenean Espainiako administrazioak tramitatu behar du. Illanak azaldu duenez, hortxe dute askotan lehen arazoa, enpresa batzuek hori baliatzen dutelako parke handi bat hainbat zatitan banatu eta Madrilen tramitatzeari izkin egiteko. Haren ustez, horixe gertatu da Arabako Azazetako eta Laminoriako parke eolikoekin, elkarren ondoan baitaude eta promotore bera baitute: Aixeindar —Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzaren menpeko Energiaren Euskal Erakundeak sortutako berriztagarrien bultzatzailea—. Illanak esan du hori lege iruzurra dela, eta are larriagoa dela bultzatzaileetako bat Eusko Jaurlaritzaren entitate bat izanik.
LEHIAKIDE BILA
Parke eolikoei dagokienez, maiatzaren 28ko 115/2002 Dekretuak zehazten du administrazio baimenaren prozedura nola egin. Enpresa baten eskaria EAEko Aldizkari Ofizialean publikatzen denean, beste enpresaren batek instalazio hori egiteko asmoa balu, hogei eguneko epea du bere eskaria aurkezteko, eta, txostenak jaso ostean, Energiaren Zuzendaritzak hilabeteko epea du bietatik bat aukeratzeko. Hala ere, Illanak azaldu duenaren arabera, normalean enpresek besteen asmoak errespetatzen dituzte, eta ez dute beste proiekturik aurkezten.
INGURUMEN ERAGINARI BURUZKO TXOSTENAK
Behin epe hori pasata, enpresak sei hilabete ditu bere proiektuak ingurumenean izango duen eraginari buruzko txosten bat egiteko, eta eraikuntza eta esplotazio faseak kontuan hartu behar ditu. Horren ostean, herritarren eskura jartzen da txostena, eta hilabete dago proiektuari alegazioak aurkezteko. Illanak azaldu duenez, tarte hori dute elkarte ekologistek, udalek, sindikatuek eta norbanakoek beren iritzia alegazio forman aurkezteko.
Hala ere, gehiago luzatu ohi dira prozesuak. Izan ere, enpresek epe hori luzatzeko aukera dute, udalei eta tokiko administrazioei eremuari buruzko informazio gehiago eskatu, eta ostera txostenean informazio hori kontuan hartzeko. Illanak gogorarazi duenez, Cantoblanko parke eolikoaren kasuan hori bera gertatu zen; Eusko Jaurlaritzak, baina, proiektua atzera bota zuen. Baliteke enpresek txosten egoki bat egiteko denbora edo nahiko baliabide ez izatea. Orduan, informazio gehiago eskatzen dute txostena osatu ahal izateko.
Alegazio batzuen ondorioz, baliteke Eusko Jaurlaritzak gai jakin batzuei buruz informazio gehiago eskatzea enpresari, eta behin baino gehiagotan, gainera. Esaterako, Laminoriako parke eolikoaren kasuan, saguzarrei buruzko txosten gehigarri bat eskatu zioten Aixeindarri. Azkenean, joan den astean jakin zen Eusko Jaurlaritzak ez ziola oniritzik ematen ingurumen eraginari buruzko txostenari, eta, beraz, bertan behera geratzen zela.
BAIEZKOA EDO EZEZKOA
Behin enpresak emandako guztia eta alegazioak aztertuta, aldagai guztiak kontuan hartu eta ingurumen eraginari buruzko txostenari oniritzia eman behar dio Eusko Jaurlaritzak. Kontrakoa bada, enpresak helegitea jar dezake, baina, Illanaren ustez, normalean ez da gertatzen.
Baina, Jaurlaritzaren oniritzia jasota, aurrera egiten du proiektuak, eta parkeek eragina izango duten udalek Plan Bereziak onartu behar dituzte lanen fasea ondo burutu dadin. Illanak azaldu duenez, plan horiek «nahitaez» onartu behar dituzte; hala egin ezean, foru aldundietara doa haiek onartu dezaten. Hori bera esan zuen Oiongo alkateak: «agindu administratiboz» onartu zutela.