EAEko Hezkuntza Lege proiektua

Lege proiektua «pribatizatzailea» dela salatuko dute kalean, hilaren 29an

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak manifestaziora deitu du, Donostian. Eskola publikoa «lehenestea» galdegingo dute

Plataformaren agerraldia, atzo, legebiltzarraren aurrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
edurne begiristain
2023ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Euskal Eskola Publikoaz Harro plataforma ez dator bat Eusko Legebiltzarra tramitatzen ari den Hezkuntza Lege proiektuarekin; iritzi dio sistema duala «betikotzen» duela eta ez duela eskola publikoa lehenesten. Plataforma maiz agertu da lege egitasmoaren aurka, eta atzo jarrera bera berretsi zuen legebiltzarraren parean egindako agerraldi batean. «Erabat aurka gaude», azaldu zuten plataformako kideek. Mobilizatzeko deia ere egin dute: hilaren 29rako manifestazio batera deitu dute, Donostian, 12:30ean, Bulebarretik hasita.

Euskal eskola publikoaren alde, hezkuntza lege honi ez! lelopean deitu dute manifestaziora. Hautatu duten leloak ongi laburbiltzen du plataformak Hezkuntza Lege proiektuaren inguruan duen kezka. Uste du egitasmoa «pribatizatzailea» dela, eta ez duela konponduko hezkuntza sistema duala. Are,salatu du «betikotu» egingo duela sistema bera, eta, ondorioz, baita ikasleen segregazioa ere.

Plataformako kideek jakinarazi dutenez, dekalogo batean jaso dituzte hezkuntza sistema «hobetzeko» dituzten aldarrikapenak, eta datozen asteetan zabalduko dute euren proposamena hezkuntza komunitatean eta gizartean. Talde politikoei, berriz, zera eskatu diete: Hezkuntza Legeari ezezkoa eman diezaiotela, eta euskal eskola publikoa lehenetsi dezatela.

«Eufemismo tranpatia»

Plataformak iritzi dio testuak jasotzen duen Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa «eufemismo tranpati eta interesatua» dela, titulartasun publikoko eta pribatuko ikastetxeak berdintzen dituelako. Ikastetxe pribatuen finantzaketari dagokionez, salatu dute «%100ekoa» izango dutela, «trukean inolako baldintzarik eskatu gabe». Laburbilduz, salatu dute lege proiektuak ez duela eskola publikoa lehenesten, eta «merkatuaren logikan» sartzen duela.

Gainera, plataformak iritzi dio ez dela aski lege proiektuak euskararen erabileraz eta ezagutzaz proposatzen duena, ez baitu balio ikasleak euskalduntzeko. Segregazioari aurre egiteko proposatzen dituen neurriei gabeziak sumatzen dizkie: «Ituntze unibertsala mantentzen duen heinean, segregazioa betikotuko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.