Eutanasia. Eztabaida Espainiako Kongresuan. Concha Castells. EAEko DMDko presidentea

«Lege ona da; aintzat hartzen ditu egon daitezkeen eskeen %95»

Heriotza duintzeko bidean eutanasia legeztatzearen alde dauden DMD elkartean ilusio handia dute Espainiako eztabaidarekin. PSOErena ez da nahi luketen bezain lege irmoa, baina aintzat hartzekotzat dauka Castellsek.

arantxa iraola
2018ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Madrilen abian den eztabaidak eutanasia eskatzeko modua ekar diezaieke pazienteei; lehenengo aldiz. Horregatik, adi-adi daude heriotza duinaren aldeko DMD elkartean, eutanasia legeztatzearen aldekoak baitira. Prozesuan esperantza dutela onartu du elkarteko EAEko ordezkaritzako presidenteak, Concha Castellsek.

Aipatu izan duzue PSOEk eutanasia legeztatzeko aurkeztu duen proposamena ez dela zuen gogokoa erabat. Zertan iruditzen zaizue ona? Zertan ahula?

Lege ona dela iruditzen zaigu, Herbehereetakoaren eta Belgikakoaren antzekoa. Uste dugu aintzat hartzen dituela egon daitezkeen eskeen %95-edo. Gaixotasun bat larria eta sendaezina denean, eta desgaitasun fisiko kroniko bat dagoenean; bi kasuetan emango da aukera eutanasia eskatzeko. Apustu historiko bat da lege hau; hori onartu egin behar da. Baina zer hobetua ere ikusten diogu; ez zaigu gustatzen, adibidez, aurretik medikuek onartutako eskabideei gero onespena eman behar dietela berriz batzorde batean.

Batzordeak eskariak onesteko traba izango dela uste duzue?

Batetik, iruditzen zaigu horrek prozesuak gehiegi luzatzea ekar dezakeela. 32-40 egun artean luza daiteke prozedura bakoitza, nahiz eta salbuespen egoeretan prozesu bizkorragoak egiteko era ere emango duen legeak. Bestetik, iruditzen zaigu zenbait autonomia erkidegotan proposatzen diren batzordeak prozesuei galga jartzeko erabil daitezkeela, zeren eta autonomia erkidegoek hautatuko dituzte batzorde horietako kideak. Kezka hori badugu; batez ere, eutanasiaren kontra dauden alderdi politikoak agintean dauden tokietan. Herbehereetan-eta antzeko batzordeak badira, baina behin eskatzaileei eutanasia egin eta gero aztertzen dituzte batzorde horietan kasuak.

Beste hutsunerik badu legeak?

Eritasun larri eta sendaezinak zerrendatzean, ez ditu aintzat hartzen buruko eritasunak, eritasunaren ondoriozko bizitza pronostikoa mugatua izatea eskatzen baita. Horrek kanpoan uzten ditu buruko gaitz larriak, pairamen handia eragiten badute ere. Adingabeak ere kanpoan uzten ditu, baina auzi arazotsuagoa da hori. Baina bereziki nabarmentzekoa iruditzen zaigu buruko gaixoena.

Aldi berean, lege honekin batera, zainketa aringarriei buruzko beste bat ere eztabaidatzen ari dira Espainiako Kongresuan, Ciudadanosek proposatuta. Beharrezkoak dira zainketa aringarriei buruzko lege onak eutanasiak egiten hasteko?

Gauza ezberdinak dira; lotuta daude, baina ezberdinak dira. Baina frogatuta dago, eutanasia arautu duten herrialdeetan, horrexek, eutanasiaren legeak berak, ekarri duela zainketa aringarriak hobetzea. Izan ere, eutanasia egin aurretik pertsona bati bermatu egin behar dizkiozu zainketa aringarri onak. Baina, tira, heriotza duinaren aldeko lege gehiago badira, eta aurrez legez onartutako eskubideak bildu besterik ez dute egiten, pazienteen autonomiaren legean-eta daudenak. Baina, lege berri bat onartu? Ados. Oroitaraziko du estatuak zaintza horiek bermatzeko duen obligazioa, baina ez da bateraezina beste legearekin.

Medikuen partetik behar adinako atxikimendua espero duzue?

Bada, abortua legeztatu zenean gertatu zenaren antzeko zerbait gertatuko da. Uko egingo diote hainbat medikuk, bai, baina askotarikoa da medikuen kolektiboa. Egingarria izango da legea, ez dut dudarik horretan. Legeak, gainera, segurtasun juridikoa emango die profesionalei; horixe bermatu nahi du legeak.

Oraindik eztabaida ez da amaitu legearen inguruan. Geratzen diren prozesuetan, non jarri behar dira, zuen ustez, marra gorriak lege honen edukia babesteko?

Auzi arazotsuenetako bat da zer gertatzen den pertsona batek aurretiazko borondateen agiri batean eutanasia nahi duela esan duenean, baina une jakin batean, dela gaixotasun larri baten ondorioz, dela mendekotasun baten ondorioz, erabakitzeko eta komunikatzeko ahalmenik gabe geratzen bada; kontua da errespetatzen den pertsona horren nahia. Eutanasia egiteko eskakizuna egoera horietan ez aintzat hartzeko arriskua egon daiteke.

Aurretiazko borondateak aipatu dituzu. Lehendik ere erabiltzen dira horrelakoak bizitzaren amaierarako irizpideak emateko. Agiri horietako asko berridatzi egin beharko dira eutanasia legeztatzen bada, ezta?

Bai, zenbait pertsonak jada gure agirietan jarria dugu geure buruaren jabe ez garen unean eutanasia nahi dugula eutanasia legeztatuta badago. Era militante batean egin dugu keinu hori. Hori egin ez duten pertsonek, bada, berriro idatzi beharko dituzte agiriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.