Ilearen nolakoa, kolorea eta luzera orotarikoak izan arren, bada gizartean aurki daitekeen diskriminazio iturri bat. Ez dirudien arren, itxuran oinarritutako diskriminazioan sailkaturiko irizpide gisa har daiteke. AEBetako Crown Act legea da horren aitzindaria. Izan ere, ile motarengatik edo luzerarengatik egiten den bazterkeria zigortzen du lege horrek.
Europan, Askeak, Independenteak, Uharteak eta Itsasoz Haraindikoak talde politikoko diputatu Olivier Servak martxoan aurkeztu zuen Frantziako Legebiltzarrean ile diskriminazioari buruzko lege proposamena. Zehazki, Zigor Kodeko 125. legeko testua aldatzea du helburu, ile diskriminazioa zehaztu eta zigortu ahal izateko.
Diputatuaren proposamenaren jatorria Guadalupe uharteetan dago. France Info irratiko kazetari baten kexa jaso zuen Servak. Hain zuzen ere, aitortu zion ezen, hogei urtez kizkurrak kentzeko produktuak erabili ondotik, «guztiz akitua eta okaztatua» zela ilea gaztigatzeaz, eta «jatorrizko ilea» eduki nahi zuela berriz, hots, afro orrazkerara. Horren harira, diputatuari kontatu zion ohar franko ere egin zizkiotela nagusiek, lan eremuan gutxietsiriko orrazkera bat izanik, ile leuna ukaiteko. Alabaina, 2022ko azaroko erabaki judizial batek piztu zion lege proposamena idazteko eta defendatzeko beharra: «Air France hegazkin konpainiak hegazkineko zerbitzari bati eskatu zion ilea lepoaren mailan estekatzea. Langileak uko egin ondotik, enpresatik bota zuten».
Afera horren auzian, Serva ohartu zen gaiari buruzko hitz guti zela, diskriminazio mota hori ez zela ez ezaugarritua eta ez izendatua: «Auzi denboran, ikusi nuen legegileak arazoak zituela diskriminazioari izen bat emateko eta legean bazela hutsune bat». Legediaren hutsaz gain, «osasun arazoa» dela zehaztu du Servak: «Lisatzeko produktuak erabiltzen dituztenek arrisku handiagoa dute minbizia ukaiteko, eta pixa infekzio gehiago izateko ere bai». Haren ustez, «arazo ekonomikoa» ere bada, biziki kario saltzen direlako halako produktu kimikoak.
«Lisatzeko produktuak erabiltzen dituztenek arrisku handiagoa dute minbizia ukaiteko, eta pixa infekzio gehiago izateko ere bai».
OLIVIER SERVAAskeak, Independenteak, Uharteak eta Itsasoz Haraindikoak talde politikoko diputatua
Nahiz eta legea errazki bozkatu den, hautsak harrotu ditu alderdi politiko batzuetan. Daniele Obonok, Intsumisoak taldeko diputatuak, itxura diskriminazioari lotzeaz gain, «jatorri diskriminazioari» ere eransteko eskatu du, legea «argiagoa» izan dadin. Bertzalde, oro har diskriminazioei aurre egiteko «egiturazko estrategia sendoa» nahi du diskriminazioak «errotik kentzeko».
Eskuineko batzuk ere mugitu dira lege proposamena dela eta. Thibaut Mercier abokatu eta Zuzenbidea eta Askatasuna Sareko presidenteak LeFigaro egunkarian esan duenez, legea «alferrikakoa» da. Hain zuzen, «agenda komunitarioa» inposatzea egotzi dio Serva diputatuari, eta legea «zatitzailea» dela gaineratu du. Testua Asanblea Nazionalean onartua izan bada ere, Senaturako bidea egin behar du. Behin testuaren irakurketa batzordeetatik pasaturik, bi ganberek ados egon behar dute legeak aitzina egin dezan. Hala ez bada, bi ganbaren arteko joan-jina segituko du legeak adostasunera ailegatu arte.
Juliette Smeralda Antilletako Unibertsitateko soziologia doktorearen aburuz, haatik, Frantziako Estatuak ez du asmo handirik diskriminazioaren «benetako arazoa» ikusteko. Haren ustez Zigor Kodearen aldaketak eragin handirik ez izateaz gain, ez du ikusten arazoaren erroetara joateko nahi bizirik: «Fenomeno hau errotik iraultzeko, sistema osoa aldatu behar da».
Diskriminazioaren jatorria
Arazo unibertsala izan badaiteke ere, Smeraldak adierazi du Servak «guztiz kendu» diola arraza irizpidea lege proposamenari. Jatorri afrikarreko emakumeen lisatze prozesua ontsa azterturik, «fenomeno arraziala da», haren iritziz, ileen lisatze prozesua. Emazte eta afrikar edo afrikar jatorrizko migratzaileen oinordekoek sufritzen baitute gehienik diskriminazio hori.
Esklabotzatik dator arazoaren funtsa. Larru beltz, ile kizkur: alienazio baten historialiburutik ateratako ondorioek urte luzeetako lana izan dela ohartarazi du: «Norberaren kontrako arrazakeria ere hor dago, arazo soziologiko eta sozial honen erdigunean; emazte beltzek beren burua arrazializatzen baitute lisatze prozesua gauzatzean». Errora joanez gero, Fatu Dabo Quebeceko Unibertsitateko ikertzailearen arabera, afrikarrak itsasontzietara heldu bezain fite, esklabo-tratulari batzuek buruko ilea «errotik kentzen» zieten esklaboei. Daboren erranetan, garai hartan hasi zen «zurien eta beltzen arteko menpekotasun harremana».
Smeraldak azpimarratu duenez, kolonizatzaileek ilearen eta larruaren zaintzarako denbora kendu zieten afrikarrei: «Esklabotza garaian, zuriek beltzei ilea zaintzeko zuten denbora kulturala ebatsi zieten». Ileari loturiko sufrikarioa ez da bat-batean gaurko gizartean azaleratu. Arazoa historikoki zurien eta beltzen arteko harreman gatazkatsuaren eta menperatzailearen ondorioa da.
Bertzalde, ileak mantentzeko tresna egoki falta ere azpimarratu du Dabok. Ondorioz, esklaboek «antzara urina edo bestelako urin motak» erabiltzen zituzten ilearen zaintzeko. Are gehiago, Smeraldak adierazi duenez, Europako orrazia inposatu zaie, eta horrek zauri larriak eragiten zizkien afrikarrei buruan, ez baitzen haientzat batere egokia. 1850ean, zurien supremazismoa eta boterea areagotzeko, Peter Browne zientzialariak zientifikoki frogatu omen zuen afro-amerikarrak eta kaukasoarrek bi espezie izan behar zutela: zuriek ilea zutelako, eta afro-amerikarrek, berriz, artilea.
«Esklabotza garaian, zuriek ilea zaintzeko zuten denbora kulturala ebatsi zieten beltzei»
.JULIETTE SMERALDA Soziologia doktorea
Harreman menperatzailea emendatu zen heinean, afrikarrek ilea leuntzeko teknikak asmatu zituzten. Haien artean, ileari urina edo gurina botatzeko joera zegoen, edota gurin labana berotu eta hori erabiltzen zuten ilearen lisatzeko.
1960ko hamarkadan, sodarekin eginiko nahasketa bat ere asmatu zuten, biziki bortitza zena buruko larruarentzat. Hain justu, Malcolm Xak lursagarrez eta sodioz eginiko nahasketa hura gogoratzen du bere autobiografian: «Oroitzen naiz ontzi batean soda kaustikoa, bi arroltze eta bi lursagar mozturik nahasten zituela. 'Hunkitu bokalea!' erraten zidan berak, ontzitxoa bero-beroa zela ohartu nintzen. 'Hori sentituko duzu ilean emanen dizudalarik', gehitu zidan. Baina mina geroz eta gehiago irauten baduzu, geroz eta lisoagoak izanen dituzu ileak». Smeraldaren esanetan, gorputzak norberaren historiaren «arrastoak eta ondorioak» gordetzen ditu. Gorputzak jasaten ditu norberaren sufrikario eta historia guzia, gorputza da «uko guziak jasotzen dituen lekua», haren aburuz.
Diskriminazio iturri Euskal Herrian
Pentsa daiteke ilea lisatu beharra hutsala edo bigarren mailakoa izanen zela Euskal Herrian. Pristila Beitiak (Ondarroa, Bizkaia, 2001) eta Ibis Ugartek (Oñati, Gipuzkoa, 1998) beren lekukotasuna eman dute. Biek afro orrazkera dute, eta erdigunera ekarri dute euren jatorrizko ilearen zaintza. Beitiaren kasuan, ttipitatik etxetik irakatsi diote bere ilea maitatzen eta lantzen. Hala ere, adierazi du ez dela betidanik horrela izan: «Lehen Hezkuntzan etengabe ari nintzen erraten gurasoei ile luze eta leuna nahi nuela eduki». Ugartek, berriz, etxean ikusi izan du ilea lisatzeko prozesua: «Ama ikusi izan dut betidanik ilea lisatzen edota ile luzapenekin borrokan. Hori izan da ttipitatik ukan dudan erreferentzia». Edozein gisaz, presio anitz nabarmendu du Ugartek: «Nire kasuan, hurbilen duzun pertsona saiatzen bada ilea tratatzen eta lisatzen, ikaragarria da eredu estetiko hegemonikora konformatzeko presioa».
«Ama ikusi izan dut betidanik ilea lisatzen edota ile luzapenekin borrokan. Hori izan da ttipitatik ukan dudan erreferentzia».
IBIS UGARTE ikaslea
Jatorrizko ilea eramateagatik baztertuak ere sentituak izan dira. Beitiak gogoan ditu ttipitan jasotako oharrak: «Oso nazkatua izan naiz betidanik, eta, batez ere ttipiagoa nintzelarik, edozein hunkitzen hasten zitzaidalako, nahiz eta konfiantzarik ez izan. Gainera, anitzek erraten zidaten: 'Esponja bezalakoa duzu ilea'». Ugartek ilea lisatzen zuelarik, familiako kide batzuek adierazten zioten «oso ederra» zela eta «oso ongi» gelditzen zitzaiola.
Gaur egun, behin helduarora heldurik, Ugartek aitortu du bere kizkurrak ez dituela gehiago lisatzen, eta lanketa bat eraman duela ilea zaintzeko: «Hautu pertsonala eta biziki ausarta izan zen. Anitz ikasi izan behar dut nire ilea zaintzeko. Batik bat jakiteko zer produktu datorkion ongi nire ileari, eta zer zaintza mota behar duen». Beitiak ere gauza bera nabarmendu du: «Ilea lisatzeko produktu kimikorik ez dut erabiltzen. Afro ilea zaintzeko produktuak erabiltzen ditut. Ikasi dut nire kizkurrak zaindu behar ditudala».