Lege eta arauek zirrikituak dituzte, arrakalak. Eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalean argi geratu dira. PPkoa da hango presidente berria. El País egunkariak argitaratu zuen Francisco Perez Cobosek alderdiko karneta eduki zuela 2011ra arte, zegozkion kuotak ordaintzen zituela, eta, gainera, PPri dirua ematen zien enpresen artean dagoela hura administrari bakar zuen enpresa. 2011n amaitu ziren diru emate horiek, hain justu, Perez de los Cobos Konstituzionalerako magistratu izendatu zutenean.
Hautsak harrotu ditu gaiak, eta Perez de los Cobos Konstituzionaleko presidente izateak auzitegiaren inpartzialtasuna urratzen duela salatu dute oposizioko alderdiek. Haiek, eta Konstituzionalean auziak dituzten hainbat abokatu magistratuaren kontrako errekusazioak jartzea aztertzen ari dira, uste baitute agerian geratu dela haren neutraltasunik eza. Nolanahi ere, ez dago argi horretarako heldulekurik dagoen. Konstituzionalak berak kaleratu zuen ohar baten arabera, Cobosek ez du lege araurik urratu.
Konstituzionala beti hartu izan da Espainiako auzitegirik politikoentzat. Izan ere, Espainiako Diputatuen Kongresuak aukeratzen ditu hura osatzen duten 12 magistratutatik lau, senatuak beste lau, Espainiako Gobernuak bi eta Espainiako Botere Judizialerako Kontseilu Nagusiak beste bi —Senatuak proposatuta sartu zen Konstituzionalean Perez de los Cobos—. Alderdiek zuzenean aukeratutakoak dira gehienak, beraz. Hala ere, epaileen joera politikoaz hitz egin izan den arren, alderdi bateko kide izandako epaileen berririk ez da ezagutu.
Babes helegiteak ez ezik, gobernuek hartutako erabakiak ere aztertzen ditu Konstituzionalak, baldin eta Espainiako Konstituzioa urratzen dutela argudiatuz norbaitek inpugnatzen baditu. Orain, erabaki garrantzitsuak daude auzitegi horretan, eta, besteak beste, Perez de los Cobosen eskuetatik pasatuko dira.
Arnaldo Otegiri, Rafa Diezi, Sonia Jacintori, Arkaitz Rodriguezi eta Miren Zabaletari oraindik ere espetxean iraunarazten dien Bateragune auziari buruz erabakiko du Perez de los Cobos buru duen aurreneko salak. Hori bakarrik ez, Kataluniaren burujabetza adierazpena ere Konstituzionalean dago —Espainiako Gobernuak jarritako helegiteari buruz behin betiko erabakia hartu bitartean Konstituzionalak berak indargabetuta dago adierazpena—, baita hizkuntza eta hezkuntzari buruzko hainbat erabaki ere.
PPk edo Espainiako Gobernuak jarritako helegiteen ondorioz daude gai horietako asko Konstituzionalean. PPko batek haiei buruzko erabakiak hartzeak Konstituzionalaren inpartzialtasun usteari kalte egiten diola uste dute hainbat alderdik.
Eusko Jaurlaritza bera Perez de los Cobosen kontrako errekusazioa jartzea pentsatzen ari da.Josu Erkorekak aste honetan esan du «gaitzesgarria» dela Konstituzionaleko presidentea alderdi batekoa izatea. Gaineratu du ez dela «bidezkoa» gobernuan dagoen alderdi berekoa izatea, Konstituzionalak «inpartzialtasunez, objektibotasunez eta independentziaz» jardun behar badu.
Kataluniako Legebiltzarrak eta Gobernuak ere eskatu dituzte txosten juridikoak, epailea errekusatzeko zer egin dezaketen aztertzeko. Francesc Homs Gobernuko bozeramaileak esan zuen, «bateraezintasuna» egon beharra daukala presidente kargua eta alderdi bateko kide batera izatean. Konstituzionalera PPk eraman dituen auzietan, gutxienez, errekusazioa jarriko dutela erabakita daukatela zehaztu zuen.
Baina, lege hausterik ez dagoela esan du Konstituzionalak berak. Alderdi gehienek azalpenak eskatu ostean, oharra atera zuen Konstituzionalak berak, presidentea defendatuz. Auzitegi horretako magistratu izatea eta alderdi bateko kide izatea ez direla bateraezinak azpimarratu zuen, legeetan oinarrituta.
Espainiako Konstituzioaren 127. artikuluak dio Espainiako Botere Judizialeko kideak ezin direla alderdi eta sindikatuetako kide izan. Baina kontua da Auzitegi Konstituzionala ez dela Espainiako Botere Judizialeko zati kontsideratzen. Bestalde, 195.4 artikuluak alderdi eta sindikatuetako zuzendaritzetako kide izatea debekatzen die Konstituzionaleko epaileei. Perez de los Cobosek halakorik ez zuela bete nabarmendu zuen Konstituzionalak.
Alderdiek ez dute etsi, ordea, eta Konstituzionaleko presidenteak Espainiako Kongresuan azalpenak emateko agerraldia egin dezan ere eskatu du PSOEk, PPko kide dela zergatik ezkutatu zuen azaltzeko. Eskaera atzera bota du ordea PPk, Kongresuko mahaian.
Lege eta arauen arrakalak bistan
Francisco Perez de los Cobos Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko presidentea PPko kidea dela jakin da. Auzitegiaren inpartzialtasuna kolokan dagoela uste dute alderdiek. Auzitegiak dio ez dagoela arau hausterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu