Alex Aginagalde. Pantailak Euskaraz-eko kidea

«Lege estrategiko garrantzitsua da, baina hemen ez da ezer amaitu»

unai etxenausia
2022ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz-eko kidea «zuhurra» da Ikus-entzunezkoen Lege berriaz hitz egiten duenean. Halere, uste du sorpresarik ezean «aurrerapen txiki bat» izango litzatekeela.

Zuzenketek nabarmen hobetuko al dute legea?

Ikus-entzunezkoen Legea onartueta zuzenketa guztiak onartuko ote diren ikusi arte, zuhurrak izango gara. Ez dakigu negoziatu duten hori zer den zehazki. Uste duguna eta esan digutena onartzen bada, aurrerapen txiki bat izango litzateke.

Zuek proposatutako zuzenketetatik atera dira EAJk aurkeztutako asko.

Pantailak Euskaraz-ek eta beste hainbat erakundek egin genituen zuzenketetan oinarritu dira horietako asko, bai. Horietako batzuk onartzen baldin badira, aurrerapauso bat izango litzateke. Nolanahi ere, gehiago nahi dugu, eta, horregatik, eskaera berezia egin diegu euskal alderdiei, azkenera arte negoziatzen jarraitu dezaten, legerik onena lortu arte.

Beraz, zer falta da?

Lege honi esker, estatuko plataforma digital guztien edukien %30ek Europako produkzioak izan beharko dute, eta horietatik %15 estatuko proiektuak izango dira. Ez dago argi zenbatek izan beharko duten euskaraz, galegoz edo katalanez: %40 izango direla esaten dute, baina ezin dugu ezer ziurtatu. Halere, egoitza atzerrian daukaten enpresei ez zaie ezarriko baldintza hau. Frantzian lortu duten legearekin, egoitza atzerrian duten plataformei lege berbera aplikatuko zaie. Uste dugu hemen ere horren aldeko saiakera egin beharko luketela.

Agian, beharrezkoa da euskal plataforma digital bat sortzea?

Argi ikusten dugu merkatuan nagusi diren plataformetan euskara bermatu behar dela. Baina, bestalde, euskal komunitateak ere izan behar du aukera atzerriko filmik arrakastatsuenak euskaraz ikusteko. Bide horretan, EITBk iragarri du Primeran plataforma sortuko dutela datorren urtean, eta esan dute euskaran ardaztuko dela; ikusi beharko dugu zertan geratzen den hori.

Zein izan behar da hurrengo urratsa?

Lege estrategiko garrantzitsua da, baina ez da ezer amaitu. Uste dugu autonomia erkidegoek ere badaukatela gauzak aldatzeko eskumena. Adibidez, zinemaren inguruko lege bat sortu daiteke, estreinaldi gehiago euskaraz izatea behartuko duena. Katalunian, filmen %25 katalanez estreinatzen dituzte. Hemen, berriz, %1 baino gutxiago. Hemendik ere gauza asko hobetu eta aldatu ditzakegu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.