Ikasturtearen nondik norakoak aztertzeko ekitaldiak izan ohi dira ikasturte hasierakoak, baina begirada luzeagoa hartu zuen atzo Ikastolen Elkartearen urteroko saioak. Bozen bezpera izanik, legealdi berriari begira jarri ziren, hezkuntza legea jomugan ipinita. 2020rako legea ez egitea «porrota» litzateke, elkartearen arabera.
Berrikuntza izan zuten ardatz saioan, Berritzen, hobetzeko leloarekin. Hain justu, Orona fundazioak Hernanin (Gipuzkoa) duen egoitzan bildu ziren ikastoletako arduradunak eta beste hainbat lagun: erakundeetako ordezkariak, alderdi politikoak eta euskalgintzako eragileetakoak, esaterako.
Batez ere hezkuntza legeari begira aritu zen Koldo Tellitu, elkarteko presidentea. Gaurko bozak gogoan, hurrengo legealdian legea egin behar dela esan zuen. Aitortu zuen beste eragile batzuek «presa gutxiago» dutela. «Baina legealdia ezin da galdu». Alderdi gehienek programan jaso dute legea egitea. Hiru ardatz jarri dituzte ikastolek: titulartasuna ez baizik ikastetxeen zerbitzu publikoa hartzea aintzat, euskara ardatz gisa duen eredu eleaniztuna izatea eta euskal curriculuma ezartzea.
Legeari begiratu zion Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ere; agintaldiko azken hitzaldietakoa zuen. Aitortu zuen Heziberri proiektuaren «pausorik zailena» dela legearena, baina «beharrezkoena» ere hura dela nabarmendu zuen. Harremanak eduki ditu eragileekin azken urteetan, eta ikuspegi desberdinak sumatu dizkie; hortaz, «eskuzabaltasuna» eskatu die hezkuntza legea adosteko asmoz.
Erreformaren ondorioak
LOMCE legeak ere jarri zuen hizpidea. Madrilen zer gertatuko den zain, aurten da erabat indarrean jartzekoa erreforma. Batez ere batxilergoko errebalidak sortu du kezka. Uriartek berretsi zuen ez dutela errebalida egingo. Hain justu, Jaurlaritzak herenegun argitaratu zuen batxilergoko dekretua. LOMCEren azken ebaluazio kontzeptua ez, banako ebaluazio kontzeptua erabili du, zehaztasunik eman gabe. Hori bai, adierazi du titulua eskuratzeko proba gainditu behar dela —aurten ez, lehenbiziko urtea delako—. Kritiken aurrean, Uriartek eskatu zuen «testuingurua» aintzat hartzeko, legearekin «zuhur» jokatu behar dela. Azaldu zuen EHUrekin hizketan ari direla proba prestatzeko, eta selektibitatearen antzekoa izango dela azterketa berria.
Dekretuekin kritiko mintzatu direnetako bat da Ikastolen Elkartea. Tellituk atzo berretsi zuen «gehiago» egin zezakeela Jaurlaritzak LOMCEren eragina txikiagoa izateko. Errebalida ez egiteko asmoa agertu zuen Tellituk ere.
Lege berriari begira
Legealdi berrian hezkuntza legea lortzea ezinbestekotzat jo du Ikastolen Elkarteak ikasturte hasieran. Uriartek dio errebalidarik ez dutela egingo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu