«Lege honek helburu du transen berdintasun erreal eta eraginkorra bermatzea eta sustatzea,libreki adierazitako genero identitatearen eskubidearen aitortzaren bidez, giza duintasunaren eta nortasunaren garapen askerako baldintza gisa». Horra Espainiako Gobernua osatzen ari den Trans Legearen zirriborroaren lehen artikulua. Legearen xede nagusiez ari da: transexualen eskubideak bermatzeaz. Hori nola egin xehatzen du ondorengo orrietan: genero autodeterminazioa aldarrikatuz eta prozesuak despatologizatuz. Bestela esanda: transek ez dute osasun arloko profesionalen eskuetatik pasatu beharko beren sexu-genero identitatea «baieztatzeko», eta, hortaz, norberak bere identitatea zein den adieraztea nahikoa izango da maila administratiboan —eta, ondorioz, herritar gisa— aldaketak egiteko. Baina eztabaida sortu da zenbait sektoretan dagoeneko, eta Hego Euskal Herrira ere ailegatu da horren oihartzuna, nahiz eta genero autodeterminazioa orain dela zenbait urtetatik indarrean dagoen EAEko zein Nafarroako legeetan.
BERRIA FM podcastean jardun ziren gaiaz orain bi aste Kattalin Miner idazlea eta mugimendu feministako kidea eta Aitzole Araneta sexologoa eta trans aktibista, eta podcasta argitaratzear zela sarean beren burua ezagutarazi zuen Euskal Herriko Feminista Erradikalak taldeak. Trans Legearen aurka egin dute azken horiek, besteak beste, salatuz sexu eta genero identitateen kontzeptua nahastu egiten dela testuan, eta legearen zirriborroa osatzeko ez dela eztabaida sustatu. «Lege iruzurraz» ere ohartarazi dute. Horri guztiari buruz aritu dira Miner eta Araneta, batetik, eta Euskal Herriko Feminista Erradikalak, bestetik —idatziz erantzun dituzte galderak—.
«Aspalditik egindako eskaera bati erantzuten dio legeak», oroitarazi du Aranetak. Dioenez, gutxienez hamabost urte egin behar da atzera despatologizazioaren aldeko lehen eskaerak entzuteko: «Ohikoa den gai bat da, aldarrikapen historiko bat».
Espainiako Gobernuak 2007an onartutako Genero Identitatearen Legean dago gakoa. Bertan jaso zen nolakoa izan behar den transen sexu-genero identitatea aldatzeko prozedura. Ebakuntza nahitaez egin beharra baztertu zen orduan, baina patologizazioak segitu zuen: «Psikologo kliniko edo psikiatra batek baieztatu behar izaten du gaixotasun mental bat daukazula, eta beharrezkoa da bi urteko tratamendu bat egitea», azaldu du sexologoak.
OME Osasunaren Mundu Erakundeak 2018an utzi zion transexualitatea eritasun gisa hartzeari, baina Espainian eta Hegoaldean, egun, beharrezkoa da «genero disforia» diagnostikatzea prozedura abiarazteko. Horrek praktikan esan nahi du osasun arloko profesional batek baieztatu behar duela prozedura abiarazten duen pertsonaren ezaugarriak eta bere identitatea ez direla «bateragarriak». Aranetak azaldu du berak bizitakoa: «Mediku batek esan zidan ipurdia era batera edo bestera mugitu, andreagoa nintzela; eta, genitaletan ebakuntza egiten ez banuen, prostituzioan lan egin nahi nuelako zela».
Hego Euskal Herrian malguagoa da araudia. Nafarroan 2017an onartu zen LGTBI Pertsonentzako Berdintasunerako Legea, eta bertan jasotzen da trans pertsonek «modu askean» hautatu ahal dutela beren sexu-genero identitatea. 2012koa da Eusko Legebiltzarrak onartutako Transexualitatearen Lege Integrala, baina 2019an moldaketa egin zioten araudiari, transexualitatea gaixotasuna ez zela zehazteko. Genero autodeterminazioa ere jasotzen da bertan. Ipar Euskal Herrian, berriz, despatologizatuta dago, baina epaile batek ebazten du trantsizioa abiarazi ala ez.
Nahiz eta Hego Euskal Herrian arazorik ez den antzeman neurriok indarrean daudenetik, feminismoaren zenbait sektorek uste dute «erabaki libre» horrek eragina izan dezakeela emakumeen eskubideen defentsan. Euskal Herriko Feminista Erradikalek azpimarratu dute, gainera, erkidegoek ez dutela erregistro zibilean eskumenik. Beraz, «sexua juridikoki aldatu nahi duen edonork» Espainiako 2007ko legera jo behar duela.
Eztabaidaren gakoak
Salatu dute, bestalde, genero autodeterminazioaz aritu arren«sexu autodeterminazioa» dela legean zedarritzen dena: «Norberaren sexua erregistroan aldatu nahi duen edonorentzat eginda dago, edozein izanda ere pertsona horren motibazioa, adierazitako sentimendua nahikoa baita aldaketa egiteko». Horregatik, «gizarte osoan, eta, batez ere, emakumeengan» eragina du legeak, haien ustez: «Emakumeok pairatzen ditugun indarkeriek eta diskriminazioek sexua baitaukate oinarri». Haien esanetan, hain justu, sexuaren gainean eraikitzen den generoa da diskriminazioa eragiten duena, eta, beraz, sexua bera ere eraikia dela esateak kalteak eragin ditzake. Besteak beste, lege iruzurra.
«Ez hori bakarrik», gehitu dute, «legearen onarpenaren unetik aurrera, balizko iruzurra salatzea delitua litzateke, pertsona horren identitatea ukatzea edo zalantzan jartzea litzatekeelako».
Aurka da Miner: «Oso eztabaida krudela da, badirudielako errealitate batzuk ukatzen ari direla». Zabaldutako usteak —gizon erasotzaileak legeaz baliatuko direla legediari izkin egiteko, emakumezkoen kirola arriskuan dagoela...— gezurtatu ditu, eta eskatu du transei entzuteko: «Inguruan ditudanak ados daude legearekin; ez iraultzailea delako, baizik eta aspalditik eskatzen ari ziren eskubide batzuk babesten dituelako». Besteak beste, Araneta aritu da legearen aholkulari lanetan, eta gogorarazi du oraindik ontze prozesuan dagoela.
Horregatik, eztabaida «serio eta zintzoa» eskatu dute Euskal Herriko Feminista Erradikalek: «Gure sistema juridiko osoa aldatzen du». Baina, zuzenbidearen ikuspegitik harago, Minerrek ohar egin du bazterreratutako pertsona batzuen eskubideak babestea dela kontua: «Ez dezatela ikuspegia erratu: eskubideez ari gara. Feminista izatea zapalkuntza guztien kontra egotea da».
Lege babesa eztabaidagai
Espainiako Gobernua ontzen ari den Trans Legeak hautsak harrotu ditu, baita Hego Euskal Herrian ere. Andreen eskubideak urra daitezkeelakoan, ika-mika sortu du genero autodeterminazioaren gaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu