Memoria historikoa. Egiaren batzordeak

Lege artean isildutako egia

Euskal Herrian egiaren batzordea behar ote den aztertu dute hainbat alorretako adituek; egia, justizia eta erreparazioa eskatu dituzte36ko gerra eta frankismoa ikertzea ezinezko dela salatu dute: Amnistia Legea da oztopoa

Dozenaka lagun batu ziren Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean, Lau Haizetara Gogoan elkarteak antolatuta, egiaren batzordeari buruzko forora. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Andoain
2012ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Egiak egia zor. Esaera zaharraren bidetik, Euskal Herrian 36ko gerraren ondoren izandako gehiegikeriak, ezkutatutako krimenak, argitara ateratzearen beharra aztergai hartu zuten atzo hainbat alorretako adituek Andoainen (Gipuzkoa): Euskal Herrian egiaren batzorderik behar ote den. Lau Haizetara Gogoan elkarteak antolatu zuen foroa, eta galderak pausatu zituzten ezeren gainetik, erantzunak gizarteak dauzkala ondorioztatu baitzuten. Egiaren batzordea, bai, hori beharrezko ikusi zuten adituek, eta hiru zeregin jarri zizkioten: egia argitzea, justizia egitea eta kalteak erreparatzea. Trabak badira, ordea. Espainiako legeek, bereziki 1977ko Amnistia Legeak, ez du modurik uzten 36ko gerrako eta frankismoko krimenak ikertzeko; araua aldatzearen alde egin dute. Espainian gai horiekin dagoen «erresistentzia» ere txartzat hartu dute.

Nazioarteko batzordeak

Espainia, entzungor

Itxikeriaren aurka, aukeratzat aurkeztu dute nazioartea. «Espainiako erakundeetan erresistentzia da nagusi frankismoaz galdetzean: 'Trantsizioa egina dago', erantzuten dute». Carlos Villan NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseiluko aholkulari ohiak azaldu du Espainiaren jarrera hori oztopo handia dela aurrera egiteko. «Ezin da bakerik egin milaka gorpuren gainean, milaka ume bahituren gainean». Horren aurka, nazioartera jotzea beste aukerarik ez du ikusten. «Espainia ez da ari betetzen nazioarteko legeak; etengabe ari da horiek urratzen». Aitortu du, ordea, orain arte ez duela fruiturik eman nazioarteko lanak: ebazpenetan eskatutako neurriak ez ditu ezarri Madrilek.

Eta arazo handia da hori egiaren batzordeak sortzeko. Beste herrialde batzuetako kasuak aztertuta, ondorio hori atera du Jorge Rodriguez abokatuak: «Batzordea balekoa izateko, auzitegien lana behar da; alegia, batzordeak azaleratutako delituak ikertu eta epaitu egin behar dituzte auzitegiek». Batzordearen gomendioei jarraitu beharko lieke estatuak: «Gobernuak aurrez konpromisoa hartu behar du baietz, onartu egingo dituela aholku horiek».

Espainian horretarako itxaropenik gutxi ikusita ere, batzorde bat sortzea nahitaezko jo du Rodriguezek, eta epeak zehaztera ere ausartu da: 1936tik 1975erako krimenak ikertu beharko lituzke. Azkar sortu du ezinegona horrek entzuleen artean. Hor sortu da lehen eztabaida bizia: batzordea sortzekotan, zer garai hartu behar du aztergaitzat? Entzuleetako batek ohartarazi baitu, adibidez, muga Francisco Francoren heriotzarekin jarrita (1975), kanpoan geratuko liratekeela Martxoaren 3ko biktimak, esaterako. Villan: «Euskal Herrian, akaso, ez du balio epe horrek. Ulertzen dut zuek ez onartzea 1975eko muga». Itxi gabeko gaitzat jo dute: «Gizarte zibilak erabaki beharko du».

Amnistia Legea

«Immunitatea» krimenei

Epea dena delakoa izanda ere, ikerketa erabat ezinezko egiten dute Espainiako legeek. Hor ikusi dute guztiek koska nagusia. 1977ko Amnistiaren Legearekin, «zigorgabetasuna» eman zieten frankismo garaiko eta 36ko gerrako krimenei. «Berriro hutsetik hastea» izan zela ohartarazi du Pako Letamendiak politologoak. «Erreforma hitzartu bat izan zen. Hausturari uko egin zioten». Letamendia Espainiako Kongresuan diputatu zen Amnistia Legea bozkatu zutenean. Ez zuen babestu: «Ulertzen genuen oztopo bat zela berradiskidetzerako».

Urteak joan dira, eta bistan geratu da 36ko gerra garaiko eta frankismoko krimenak ahazteko baliatu dutela lege hori. Baltasar Garzon epailearen adibidea maiz atera dute: Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile zenean, frankismoa ikertzeari ekin zion, baina salatu egin zuten; ikerketa gerarazi egin zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Azkenean ez zuten erruduntzat jo —prebarikazioagatik ez zigortzea erabaki zuten, «fede onez» jardun zuelakoan—, baina Gorenak adierazi zuen ezinezkoa dela frankismoa ikertzea. «Hanka sartu zuen Garzonek», ondorioztatu zuten epaileek.

Amnistia Legearen ezkutuko asmoa zen hori, Maria Garcia Yeregui historialariaren esanetan. «1977an estali egin zuten lege horrekin frankismoa immune bihurtuko zela». Letamendiak autokritikarako tartea hartu du, ez zirelako horretaz jabetu. «Gure ostertza azken urteetakoa zen, batik bat 1959tik aurrerakoa, ETA sortu zenetik aurrerakoa. Buruan garaiko egoera genuen: amnistiaren aldeko asteak... Unibertso hori geneukan buruan».

Kaleetan oso handia zen amnistiaren aldeko oihua. «Amnistia erauziak» izan zirela nabarmendu du Miguel Castells abokatuak, gizarteak behartu egin zuela Madril presoak askatzera. Garai hartan Amnistiaren Aldeko Batzordeak sortzen hasi ziren. Tartean zen Felix Soto. Jendea mobilizatzea lortu zutela nabarmendu du. «Auzoz auzokoa izan zen mugimendua». Bereziki, gazteek izandako ekimena goraipatu du. Soto bera polizia etxean izan zuten, amnistia eskatzeagatik: eskubaloi entrenatzaile zela elkarrizketa egin zioten, eta amaieran eskatu zuen amnistia preso politikoentzat. Presioa areagotuz joan zen, eta etorri zen amnistia. «[Manuel] Fragak esan zuen ez zela amnistiarik izango, baina haren gobernua erori zen, eta iritsi zen amnistia», azaldu du Castellsek. «Kontuan izan, gainera, lortu zela legearen baldintzak betetzen ez zituzten batzuk ere askatzea».

Atera ziren kalera presoak, baina, oraingo ikuspegitik begiratuta, beste ondorio batzuk izan ditu legeak. Garcia Yeregui: «Ez zen izan frankismoari amaiera jarri zion lege bat. Hori baino gehiago da. Hasierarik ez daukan amnistia da. Zuzentzea ezinbesteko da».

Elkarteen zeregina

Estatuaren lanak beren gain

Lege gehiago izan dira harrezkero egiarekin eta memoriarekin zerikusia daukatenak. Espainiako Kongresuak orain bost urte onartu zuen Memoria Historikoaren Legea. «Zigorgabetasun hori areagotu baizik ez du egin arau horrek». Gogor hitz egin du Foros por la Memoria elkarteko ordezkari Jose Maria Pedreñok lege horrek bost urtean emandakoarekin. Estatuak ardurarik hartu gabe jarraitzen duela salatu du: «Hobitik ateratzearen ardurak auzitegiena izan beharko luke, eta biktimei kalte-ordainak eman beharko litzaizkieke». Ordea, erakundeak ez, elkarteak ari dira hilotzak ateratzen. «Estatuak bere betebeharrak ez dituela betetzen salatzeko ari gara horretan». Ohartarazi du lege berriarekin«kontu administratibo» bilakatu direla gerrako eta frankismoko hilketak. Eta oharra: «Lanak izango dira hilotzak ateratzen segitzeko. Laguntzak amaitu dira».

Urteen joanak ekarritako arazoak lotu behar zaizkio horri. Hilotzak azaleratzen aritzen da lanean Patricia Aznar; egunerokoak dituzte gorabeherak. «Maiz gertatzen da hamar gorpu ateratzea eta sei familia bakarrik agertzea». Zail da senideak aurkitzea. Juantxo Estebaranz, historialaria: «Konplexua da datuak lortzea. Emigrazioak izan dira, eta jendea nahasiz joan da; mugimenduak aldatu dira, eta desagertutako taldeen memoria ahaztu da...». Informazioa egoki jasotzearen beharra nabarmendu du.

Baina arazo gehiago: «Informazioa oso banatuta dago: pertsona baten hiru berri edo datu izan daitezke, elkarren artean zerikusirik ez dutenak, beste baten ezer ez...». Javier Anton historialaria ari da artxibo horiek nola osatu aztertzen. «Informazioa bildu, eta zabalkuntza kualifikatiboa egin beharra dago. Kontatu egin behar da, baita eskoletan ere: jakin behar da, gogortasun guztiarekin, hemen nolakoak gertatu ziren».

Zalantzak eta galderak

Batzordea, «ikasbide» leku

Izango luke zer egina egiaren batzordeak. Hiru zutabeak etengabe errepikatu dituzte: egia azaleratu, justizia egin eta kalteak erreparatu. Zalantza gehiago agertu dituzte hainbat alorretako eragileek. «ETAko hildakoak nori axola zaizkio? Bertsio ofizialak soilik zabaltzen dira haien hilketez», ohartarazi dute hildako etakideen senideen taldetik. Tortura kasuak ere isilduta daude, TAT Torturaren Aurkako Taldearen ustez: «Tortura ezkutatzera jotzen da, baita orain ere. Otsailekoa da azken salaketa, aurtengoa». Batzordeak zein denbora tarte aztertu beharko lukeen, berriro eztabaida: «Zergatik jartzen da zalantzan gaur egun artekoa aztertzea?», utzi dute galdera. Aurrera begira azken gogoeta: «Batzordeak testuingurua eman behar du. Guztien ikasbidea izan behar du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.