«Hasteko, barkamena eskatu nahi dut 2013an frankismoaren biktimen legea eratu genuenean izan genuen bihozgabetasunagatik, ez ginelako ohartu haur lapurtuen familien dramaz». Ezkerra alderdiko ordezkari Joseba Ezeolazaren hitzak dira. Haur lapurtuak frankismoaren biktima gisara sailkatzea nahi du Ezkerrak, eta 2013ko foru legea aldatzeko proposamena aurkeztu zien hedabideei atzo, Nafarroako Parlamentuan. 1936ko altxamendu frankista Nafarroan nozitu zutenen aitortza eta erreparazioa helburu dituen legea aldatu nahi dute. Proposamena kasu batzuetan «berandu» iritsiko den arren, egindako okerrak konpondu eta «bidegabekeria» amaitzeko balioko duela uste du Ezeolazak. Haur lapurtuen bila dabiltzanei «babes juridikoa» emango diela pentsatzen du Marisa De Simon Ezkerrako parlamentariak. Adierazi zuten, gainera, lege proposamena egituratzen aritu diren bitartean aukera izan dutela Nafarroan lapurtutako haur baten lehen kasua egiaztatzeko. Ez zuten eman, hala ere, horri buruzko datu gehiagorik.
Nafarroako SOS Haur Lapurtuak eta Lapurtutako haur guztiak nire haurrak ere badira elkarteekin elkarlanean prestatu dute lege proposamena, eta, onartzen bada, estatuan indarrean sartuko litzatekeen mota horretako lehen legea izango litzateke. Proposamena jada Nafarroako Gobernua osatzen duten lau alderdiek jaso dute, eta osteguna baino lehen aurkeztuko diete gainontzeko talde parlamentarioei, De Simonek jakinarazi duenez.
Haur lapurtuen auzia 2011ko urtarrilean lehertu zen, Anadir adopzio irregularrek kalte egindakoen Espainiako elkarteak Fiskaltza Nagusira salaketa kolektibo bat eraman zuenean. 261 kasu aurkeztu zituzten, eta estatuko fiskaltzak ikerketa bat abiatzeko eskaera egin zien lurraldeetako fiskal nagusiei. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 335 salaketa jarri ziren, eta 307 artxibatuta daude. Nafarroari dagokionez, 200 kasu inguru izan daitezkeela esan dute Ezkerrako ordezkariek.
Soledad Luque Lapurtutako haur guztiak nire haurrak ere badira elkarteko kidearentzat lege proposamen hau onartzea «ia historikoa» izan daiteke, eta uste du gainontzeko autonomia erkidegoetako parlamentuekin lan egiteko lanabesak lortuko dituztela horrelako testu bati esker : «Frankismoaren biktimak gara. Hortaz, 2013an frankismoaren biktimentzat egindako legean egon behar dugu». Hainbat adituk haur lapurtuen sarearen hipotesia baztertu zuten arren, kasuak argitzeko ahaleginetan ari diren elkarteek ez zuten begi onez ikusi hori. Luquek uste du ez zirela kasu «bakanak» izan, eta lege proposamenean ere jaso nahi izan dute hori.
Traba gehiegi
Lekukotasuna ematera joan zen Cristobalina Moral. Nafarroako SOS Haur Lapurtuak elkarteko kidea da. 1974. urtean haren anaia bikia hil egin zela azaldu zieten arren, Moralek uste du anaia lapurtu egin zutela. Haurrak aurkitzeko bidean dabiltzan sendiek traba ugari dituztela salatu du.
Lege aldaketa bat proposatu du Ezkerrak, ume lapurtuen kasuak aintzat hartzeko
Frankismoko biktima gisa onetsi nahi dituzte. Nafarroan 200 bat kasu izan zirela pentsatzen dute; kasu bat egiaztatzea lortu dutela esan dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu