Legatu baten aitortza

Askotariko jendeak elkartu ditu Jose Antonio Ardanzaren hil kaperak Ajuriaenean. Haren ekimena nabarmendu dute, eta ezberdinen artean akordioak lortzeko zuen gaitasuna. Ohore guztiekin agurtu dute.

Jose Antonio Ardanzaren hil kutxa, atzo, Ajurianean. ADFRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Jose Antonio Ardanzaren hil kutxa, atzo, Ajurianean. ADFRIAN RUIZ HIERRO / EFE
aitor biain
2024ko apirilaren 11
05:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren egoitza ofiziala da Ajuriaenea jauregia, Gasteizkoa. Hura izan zuen bizitoki eta lantoki Jose Antonio Ardanzak (Elorrio, Bizkaia, 1941 - Kanala, Bizkaia, 2024), agintari izan zen hamalau urteetan; eta, atzo, hura izan zuen azken agurrerako eta oroimenerako leku. Han ezarri baitzuten lehendakari ohiaren hil kapera. 10:00 inguruan zabaldu zuten, eta 14:00ak bitarte askotariko jendea elkartu zen bertan, urte luzez egindako bidearen fruitu. Erakundeetako, alderdi politikoetako eta gizarteko ordezkari andana bertaratu zen, tartean izen ezagun ugari, eta une hunkigarri bat baino gehiago ere izan ziren. Den-denek Ardanzaren legatua goraipatu zuten.

Galaz jantzitako ertzainek eta Eusko Abendaren Ereserkiaren doinuek hartu zuten Ardanzaren hilkutxa Ajuriaenean. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak egin zion harrera, lehendakari ohiaren alargunarekin, seme-alabekin eta ilobekin batera. Haiek eta Eusko Jaurlaritzako sailburuak izan ziren, hain zuzen ere, Ardanza agurtzen lehenak, ateak zabaldu aurretik. Jauregiko areto nagusian jarri zuten hil beila, hilotza bistan zela eta sinbolo gorenak alboan zituela: makila, ikurrina eta Gernikako Arbolaren Gurutzea urrezko domina. Atarian, lore sorta ugari: Espainiako errege-erreginenak, tartean.

Ateak zabaltzearekin batera sartu zen goizean goizetik ilara egiten ari zen lehen herritarra, eta, harekin batera, EAJko ordezkari nagusiak; hala nola EBBko presidente Andoni Ortuzar eta BBBko presidente Itxaso Atutxa, GBBko Joseba Egibar, ABBko Jose Antonio Suso eta NBBko Unai Hualde. Hunkituta, Ortuzarrek Ardanzaren «legatua» goretsi zuen: «Horri heldu behar diogu, herri hau aurrera ateratzen eta hobetzen jarraitzeko». Harekin batera, Imanol Pradales EAJren lehendakarigaia ere izan zen hil kaperan, bozetarako kanpaina bertan behera utzita. Ardanzaren «ekarpen oparoa» azpimarratu zuen hark: «Katea ez da eten, lehendakari».  

(ID_13774091) ESPAÑA JOSÉ ANTONIO ARDANZA
EAJko EBBko presidente Andoni Ortuzar eta EH Bilduko lehendakarigai Pello Otxandioano, hizketan.  ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta hiru batzar nagusietako presidenteak ere izan ziren lehen orduan Ajuriaenean. Baita Eusko Legebiltzarreko ordezkariak ere, Bakartxo Tejeria presidentea buru. Emakundeko, Gogora institutuko eta beste hainbat erakundetako ordezkariek ere egin zuten sartu-irtena.

Egindakoa eta modua

Ajuriaenea elkartzeko gune izan zen, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta sailburu ohientzat —Patxi Lopez joatekoa zen Madrildik, baina ez zen iritsi—. Besarkada estua eman zioten elkarri, esaterako, Ardanzaren aurretiko lehendakari Carlos Garaikoetxeak eta hari lekukoa hartu zionak, Juan Jose Ibarretxek. Ardanza «pertsona ona» izan zela adierazi zuen Garaikoetxeak, Rafa Larreina alboan zuela, eta haren lana estimatzen duela gehitu, «gogoratu eta errespetatu» beharreko lana: «Eztabaidatzen genuen, behar zen bezala, baina gizon zintzoa zen». Ibarretxek, berriz, azaldu zuen «lagun bat agurtzera» joan zela: «Lan asko egin genuen batera, negar egin genuen batera; Euskal Herriarekiko maitasuna elkarbanatu genuen».

Egindako lana ez ezik, egiteko modua nabarmendu zuten haren gobernukide izandakoek. Inaxio Oliveri Hezkuntza sailburu izandakoak, esaterako, ezberdinen arteko akordioak lortzeko zuen gaitasuna nabarmendu zuen: «Meritua zuen garai zail haietan». Martin Auzmendi Euskadiko Ezkerrako legebiltzarkide eta Lan eta Gizarte Segurantzako sailburu izandakoak, berriz, hark utzitako ondarea azpimarratu zuen, eta egindako lana goraipatu: «Jakin zuen garai hari behar zuen tamainako erantzuna ematen». 

Juan Mari Atutxa Segurtasun sailburu eta Eusko Legebiltzarreko presidente ohiak haren ondarea goretsi zuen. «Era askotako eragozpenak» ziren garaian, ekonomiaren gainbeherari eta ETAren indarkeriari aurre egiteko ahaleginak azpimarratu zituen: «Hari zor diogu gaur egungo Euskadiren zati handi bat». Ramon Jauregi lehendakariorde sozialistak, berriz, Ardanza «bakearen, itunen, autonomismoaren gizona» izan zela nabarmendu zuen: «Egun dagoen lekuan baino toki nabarmenagoan jarriko du historiak».

Egindakoari aitortza

Alderdi politikoetako arduradunen artean, Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaia joan zen, «errespetua» adieraztera. PSE-EEren izenean, Eneko Andueza idazkari nagusi eta lehendakarigaiak hartu zuen hitza; Ardanzak «Euskadi hobe baten alde» egindako lana nabarmendu zuen. PPko ordezkarien artetik, Javier de Andres lehendakarigaiak esan zuen Ardanzak «zoru etiko baten oinarriak» ezarri zituela. Elkarrekin Podemosen ordezkariak Arabako zerrendaburu Juantxo Lopez de Uralde eta Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusi Pilar Garrido izan ziren. Bi horiek nabarmendu zuten Ardanzak «elkarrizketaren eta Euskadi pluralaren alde» egin zuela lan. Bide beretik, Sumarreko lehendakarigai Alba Garciak eta koalizioaren Espainiako Kongresuko diputatu Lander Martinezek Ardanzak «Euskadiren historian izan duen lekua» nabarmendu zuten.

(ID_13773489) ESPAÑA JOSÉ ANTONIO ARDANZA
Herritarrak ilaran, Ardanzari azken agurra emateko zain. ADRIAN RUIZ HIRRO / EFE

Jendearen joan-etorri etengabean, Ajuriaenean izan ziren, besteak beste, Roman Sudupe Gipuzkoako ahaldun nagusi izandakoa, Iñaki Anasagasti EAJko kidea, eta Josep Antoni Duran i Lleida Unio Democratica alderdiko buru ohia. Jose Angel Iribar atezain ohia ere bertaratu zen, Athleticen izenean. Enpresa munduko kide ugari ere izan ziren; tartean, Repsoleko kontseilari ordezkari Josu Jon Imaz, Petronorreko presidente Emiliano Lopez Atxurra eta Euskalteleko goi kargudun Asis Canales.

Ertzainen sorbalda gainean eta Agur, jaunak doinuekin atera zen hilkutxa Ajuriaenetik Elorriora (Bizkaia). Han eman zioten azken agurra Ardanzari. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.