Legasako sarreran egin nahi duten kamioientzako gasolindegia gelditu nahi dute

Sinadura bilketa bat abiatu dute, eta Bertizaranako Udalari galdegin diote «bere esku dagoen guzia» egin dezala proiektua baztertzeko. Elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian.

Bertizaranako herritarrak Legasako gasolindegi proiektuaren kontrako elkarretaratzean. JAGOBA MANTEROLA / foku
Bertizaranako herritarrak, Legasako gasolindegi proiektuaren kontrako elkarretaratzean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Xalbat Alzugaray
2024ko uztailaren 20a
16:34
Entzun

Herritarren ahotsa aditu, errespetatu eta bete, gasolindegirik ez! lelopean egin dute elkarretaratzea Bertizaranako herritarrek eguerdian. Kamioiendako eraiki nahi duten «makrogasolindegiaren» kontra elkartu dira hainbat herritar. Joan den uztailaren 16an Legasako (Nafarroa) kontzejuak deituriko bilkura batean izan zuten proiektuaren berri. Erran.eus hedabidearen arabera, herritarrei «kezka, urduritasuna eta haserrea» eragin die proiektuak. Gaurko elkarretaratzeaz gain, sinadura bilketa bat abiatu dute. Udalari galdegiten diote ahaleginak egin ditzala proiektua deuseztatzeko.

Proiektua ez da berria; 2021ean hasi ziren proiektuaren ideia aurkezten. Bertizaranako Udalarekin hainbat tramite egin ondotik, gasolindegia eraiki nahi duen enpresa Nafarroako Gobernura joan zen «zuzenean», proiektua aitzina eramateko hainbat pauso gainditzeko.

Xorroxin irratian elkarrizketatu zuten Martin Subizar Garralda herritarraren hitzetan, bertako biztanleek berandu ukan dute proiektuaren berri oro har: «Kontzejuarekin genuen bilkurako gai zerrendan ikusi genuen denok makrogasolindegi bat egiteko proiektua». Haren aburuz, proiektua «ikaragarri» bideratua dute jadanik. Nahiz eta enpresak gasolindegia egiteko xedea aitzinatua izan, Bertizaranako Udala eta hiru kontzejuak proiektuaren kontra daudela esplikatu dute, Erran.eus-en arabera.

«Kontzejuarekin genuen bilkurako gai zerrendan ikusi genuen denok makrogasolindegi bat egiteko proiektua»MARTIN SUBIZAR GARRALDAHerritarra

N-121-A errepidea da Legasa ondotik pasatzen dena. Bide horrek sortzen dituen arazoak kontuan hartuta, gasolindegia egiteko premiak ez luke begi bistakoa izan behar. Hain zuzen, herritarrek adierazi dutenez, Legasan bi gasolindegi daude. Gainera, hortik hurbil, Doneztebetik Sunbillara (Nafarroa) bertze bi daude. Donezteben bertan ere bat dago, baita Oronozen (Nafarroa) ere. Subizarren arabera, aldi berean bederatzi edo hamar kamioi hornitzeko gasolindegia eginen lukete Legasako sartzean. Haren erranetan, Bertizarana ez ezik, Malerreka eta inguruak ere kaltetuak lirateke: «Egun biribilgune irekia dagoen tokian biribilgune itxi bat emanen lukete, eta horrek Bertizaranako nahiz Malerrekako irteera eta sarrerak kolapsatuko lituzke». Inguru hurbilean kalteak sumatuko dituztela gaineratu du Subizarrek: «Bertze maila batean, Doneztebeko sarreran ere trabak izanen dira; sartzeko eta ateratzeko arazoak izan daitezke».

Herritarrak aterabide eske

Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu dute herritarrek. Gasolindegirik balego, N-1210 errepidea hunkitua izanen litzateke. Alabaina, N-121-A errepidearen saihesbidea egin zutelarik, Nafarroako Gobernuko teknikariek deitoratu zuten N-1210 errepide zaharra zabaltzea «ez zela egokia», baina gaur egun ez legoke arazorik kamioientzako gasolindegia egiteko: «Orduan onartezina zena orain posible da?».

Subizarren ustez, bide legaletik aurki daiteke aterabidea: «Udalak gasolindegia egin nahi den lurraren kalifikazioa aldatuko balu eta enpresari kalte ordainak ordainduko balizkio, dena konponduko litzateke». Herritarrek erantzunak nahi dituzten heinean, udalari galdegin diote «bere esku dagoen guzia» egin dezala proiektua alde batera uzteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.