Legasako gasolindegi proiektua urtebetez atzeratu du Bertizaranako Udalak

Udalak urtebeterako eten du Nafarroako Gobernuak enpresari emandako obra lizentzia. Bertizaranako herritarrek uztailetik egindako eskaerei erantzun zaie hala, baina ez da izango behin betiko irtenbidea.

Bertizaranako herritarrek kamioientzako gasolindegiaren kontra egindako elkarretaratze bat, uztailean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Bertizaranako herritarrek kamioientzako gasolindegiaren kontra egin zuten elkarretaratze bat, uztailean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2024ko abuztuaren 21a
14:40
Entzun

2021. urtean sortu zen Legasako sarreran (Nafarroa) kamioientzako makrogasolindegi bat egiteko proiektua. Ordu hartan, Bertizaranako Udalaren ezezkoa jaso zuen interesatutako enpresak, baina, Nafarroako Gobernuarekin negoziatu ostean, lortu zuen gasolindegia eraikitzeko behar zuen lizentzia. Orain, ordea, baimen hori urtebetez geldiaraztea erabaki du Bertizaranako Udalak.

Udalerri horretako herritarrek duela gutxi izan zuten proiektuaren berri; uztailaren 16an Legasako Kontzejuak deituriko bilkura batean, hain zuzen. Geroztik, gasolindegia eraikitzearen kontrako elkarretaratzeak egin dituzte Gasolindegirik Ez herri mugimenduko kideek. Sinadurak biltzen ere aritu dira, udalak proiektua bertan behera uzteko ahalegina egin dezan.

Bertizaranako Udalak bere garaian ezezkoa eman izana ez zen nahikoa izan proiektua aurrera ez ateratzeko. Izan ere, enpresak Nafarroako Gobernuarekin hasi zituen negoziazioen ostean, jakinarazi zuten betetzen zirela gasolindegia egiteko baldintzak. Hala eta guztiz ere, bai Bertizaranako Udalak bai haren barnean dauden hiru kontzejuek zalantzan jarri dute hori.

Gasolindegia eraikitzearen kontrako mugimendua

Herritarrak hiru argudioz baliatu dira justifikatzeko gasolindegia egitea ez dela zilegi. Batetik, inguruan jada gasolindegi asko daudela adierazi dute: sei, Sunbilla eta Oronoz artean. Herritarren hitzetan, ez dago «halakorik eraikitzeko beharrik». Bestetik, kezkatuta daude, gasolindegiak inguruko trafikoa astunagoa egingo ote duen. «Duela urte batzuk, hainbat lur desjabetu ziren N-121-A errepidea egiteko, gure errepideetatik trafiko astuna kentzeko helburuarekin. Orain, proiektu honekin, gibelera eginen genuke», azaldu dute, Erran.eus-en arabera. «Egun biribilgune irekia dagoen tokian biribilgune itxi bat paratuko lukete, eta horrek Bertizaranako eta Malerrekako irteera eta sarrerak kolapsatuko lituzke». Azkenik, proiektuak ingurumenari kalte egingo liokeela azpimarratu dute: «Gasolindegiaren proiektuak soinuak, zaborrak, zikinkeriak, usainak, arriskuak… ekarriko lizkiguke, eta gure inguruari kalte egin».

Nafarroako Gobernuak lizentzia eman zion enpresari, Bertizaranako udal plan orokorrean oinarri harturik, baldintzak betetzen zituela argudiatuta. Bertizaranako Udalak araudi bera erabili zuen, ordea, ezezkoa eman zuenean —haren arabera, kamioientzako gasolindegia jarri nahi duten lurzatia lurzoru urbanizaezinean dago; zehazki, ustiapen naturalerako gorde beharreko lurzoruen kategorian sartuta dago—. Aldi berean, eremu hori «jarduera ekonomikorako aukerako eremua» dela ageri da araudian, eta hortaz baliatu da Nafarroako Gobernua, hain zuzen, obretarako lizentzia aitortzeko.

Alabaina, Bertizaranako Udalak badu araudia aldatzeko eskumena, eta hori bera egitea galdegin diote herritarrek. Horiek horrela, udal plan orokorraren hirigintzako araudia aldatzea erabaki zuen udalak uztailaren 31n. Hala, lurzoruaren kalifikazioa aldatu dute. Horren ondorioz, obra egiteko baldintzak aldatu dituzte, eta, beraz, enpresak lortu zuen lizentzia urtebetez geldiarazi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.