Josu Urrutikoetxea euskal presoaren abokatuek Le Figaro Frantziako hedabidearen aurka difamazio delituaz salaketa bat aurkeztu ondoren, hedabideak atzera egin du, eta «zehaztapen» ohar bat argitaratu du Interneten. Zehazki, iazko ekainaren 19an, Urrutikoetxea bere askapen eskaera bat aztertzeko Frantziako Dei Auzitegian izan zenean, Le Figaro-k egun hartan L'ancien chef de l'ETA Josu Ternera de nouveau arrêté à la demande de l'Espagne artikuluan idatzi zuen hark Guardia Zibilaren Zaragozako (Espainia) 1987ko «erasoan parte hartu» zuela, eta gogoratu zuen 11 lagun hil zituela ETAk orduan —tartean, bost haur—.
Defentsa abokatuen arabera, artikuluan Urrutikoetxearen errugabetasun presuntzioa zalantzan jarri zuen Le Figaro-k, eta uda amaieran jakinarazi zuten parte sartzeko asmoa zeukatela. Hedabideak atzera egin du akusazioan, eta iazko ekaineko albiste hartako bukaeran zehaztu du Urrutikoetxearen kontra han agertzen diren gertakariak «susmoak» baizik ez direla, presoak akusazioak gezurtatu egiten dituela, eta errugabetasun presuntzioa duela. «Halaber —dio Le Figaro-k—, idatzi zenaren kontrara, ezin daiteke esan 1987ko abenduan Josu Ternerak 11 hildako horien artean, bost haur utzi zituen Guardia Zibilaren Zaragozako kasernaren kontrako ekintzan parte hartu zuenik».
Sendia, pozik
Pozik azaldu da Urrutikoetxea sendia zuzenketagatik. «Bozkariatzen gara Josu Urrutikoetxearen abokatuen esku hartzearen ondorioz, Le Figaro komunikabideak joan den urtean argitaratu artikuluaren inguruko zehaztasun eta ñabardurak egin izanaz».
Garrantzitsua izan zen iazko ekainaren 19 hura, epaileak Urrutikoetxea kontrol judizialpean libre uztea erabaki baitzuen, baina, Espainiako Gobernuak eskatutako euroaginduak tarteko, Frantziako Poliziak orduan bertan atxilotu egin zuen berriro, artean La Sante espetxean zela.