Ados dira hiru hizlariak. Euskara ardatzean jartzeko asmoak jasotzen ditu lege proposamenak, baina ez du zehazten nola; eta hor hasten dira arazoak. Hainbat ertzen inguruan egin dute gogoeta. Eskisabelen arabera, legeak hizkuntza gutxituaren aipamena egiten du; helburu gisa jarri du hezkuntza sistemak euskara ardatz izango duela, euskararen inguruan artikulatuko dela, eta irteera profil bat ezartzen du ikasleei euskararen jabetze osatu bat eskaintzeko. Baina, ondoren, zalantzak: «Zer esan nahi du euskara ardatz izateak eta euskararen inguruan artikulatuta egoteak? Zein da irteera profil horretara iristeko bidea? Orain da garaia hori definitu eta legera ekartzeko, baldin eta asmo horiek egiazkoak badira». Hots, helburuak gorpuzteko bideen falta sumatu du.
Hari horri eutsi dio Etxenikek ere. Elementu batzuk begi onez ikusten ditu; tartean, sistema osoari zuzendutako lege bat izatea. Hizkuntza proiektuak ere aipatu ditu, eta balioa eman dio hori bultzatzeko Euskararen eta Hizkuntzen Irakaskuntzarako Institutua sortzeari. Ordea, baditu hainbat kezka: beharrezkoa da era artikulatuan jasotzea euskara hizkuntza propioa dela, baita minorizazio egoera aitortzea ere. Azaldu duenez, baina, zioetan soilik ageri da. Nahasmena eragiten duten puntu batzuk ere badaudela uste du, «zehaztu eta argitu» beharrekoak.
Retozalak ere hortik jo du, eta azaldu legearen aurreko testuinguruan agertzen ziren zenbait ikuspegi «desagertu» egin direla gerora. Era berean, uste du testuak interpretazio «oso baikorra» egiten duela hezkuntzak egin duen euskalduntze prozesuaren inguruan: «Baikorregia». «Oso garrantzitsua da orain arte egin duguna ikuspegi autokritiko batetik aztertzea, ikusteko nondik nora egingo dugun». Trantsizio garairik aurreikusten ez dela ere azaldu du; kezka eragiten dio horrek.
Retolazaren ustez, gainera, legeak kultura zientifikoaren aldeko filosofia jakin bat du, eta euskal kulturari ez dio behar beste ahots edo espazio ematen. «Ikuspegi horren ondorioz, kultur hezkuntza, sormena, eta ideiari, pentsamenduari eta humanitateari dagozkien beste hainbat eremu bazterrean geratu dira». Ezinbestekotzat jo du euskalduntze prozesuan horiek ere txertatzea.
Eskisabelek, berriz, azaldu du zein den haien proposamena: euskarak irakats eta ikas hizkuntza normalizatua izan behar du. Abiapuntu horri segika, hizkuntza proiektuen baliozkotzearen eta ebaluazioaren garrantzia azpimarratu du. Izan ere, ikastetxe bakoitzak egin beharko du bere hizkuntza proiektua. Eskisabelen iritziz, kanpo begirada batek baloratu beharko luke egokia ote den helburuak lortzeko, eta kanpo ebaluazioaren beharra ere defendatu du: «Berdintasun eta justizia terminoetan ulertu behar dugu, ez fiskalizazio edo zigortze asmo batekin». Ados dago Etxenike: «Ez da ikaslea edo ikastetxea ebaluatzeko, sistema bera ebaluatzeko baizik». Hots, berme bat nahi dute, helburuak beteko direla ziurtatzeko. Halaber, irakasleekin ere lanketa bat egin beharko dela esan du Retolazak.
Euskalduntzearen inguruan, ñabardura bat egin du Retolazak: «Niretzat, euskalduntzea ez da bakarrik euskaraz modu funtzional batean jakitea. Mundu sinboliko, kultural bati loturiko gaitasun horiek guztiak bereganatzea izan behar du. Ez dut uste legeak hori bermatzen duenik».
Herri mugimenduak
Gaur egun, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako DBH2ko ikasleen %53k hasierako maila dute euskaraz. Behin betiko legeak zer jaso beharko luke egoera horri buelta eman ahal izateko? Herri mugimenduak nabarmendu ditu Etxenikek. Haren ustez, legea inportantea da, baina, «bultzada sozialik gabe», legerik onena ere ez da nahikoa.
Asmoak lurrera ekartzeko bideen beharra azpimarratu du, berriz, Eskisabelek. Retolazaren ustez, baina, «filosofia aldaketa oso bat» beharko luke. Erantzuna arrazoitu du: «Besteak beste, euskalduntzeko bide horretan oso garrantzitsua da pentsamendua garatu eta eraikitzea, eta ez dago horretarako tresnarik. Euskalduntzeko urrats horietan kultur hizkuntza erdigunean jartzeak beste leku bat emango liguke».